IRRATIA

Txapeldun berriak izango ditu Lau eta Erdiko txapelketak

Katedrako sailkapenak hankaz gora jarri dituzte pasa den asteburuan Lau t'Erdiko Txapelketako finalerdiek utzitako emaitzek. Ezusteko dezente izan genituen, baina final erakargarriak ere utzi dituzte B Seriean zein maila nagusian. Txapeldun berriak izango ditugu bietan ere.

Amiano eta Senar, B Serieko bi finalistak, ligaxkako partidan. (Jon URBE | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Gertatzen da tutik ere ez dakienak guztiak asmatu, eta hasiera batean badakienak bat bera ere ez jotzea. Askori gertatuko zitzaion hori pasa den asteburuan Katedrako kinieletan, Lau t'Erdiko txapelketako finalerdietako emaitzen ostean. Ander Mina gure Katedrako lagunak halaxe aitortu du: «ama ni baino aurrerago dut sailkapenean, eta hori apenas ikusten duela partidarik», pentsa.

Zabala eta Etxeberriaren garaipenengatik apustu eginda ere, gutxik esperoko zuten bi faboritoek halako jipoiak jasoko zituztenik. Hau horrela, final ederra geratu zaigu maila nagusian, baina baita B Seriean ere. Txapeldun berriak bi kasuetan. Larunbat honetan bertan jokatuko da Irunen, bertako semea den Amiano debutariaren eta Senarren artekoa. Aipatzekoa ere bada, finalaren atariko partidan Unai Laso ere itzuliko dela pilotalekura Ugartemendiarekin bikotea osatuz, Elordiren eta Gaskueren aurka.

Igandean, berriz, maila nagusiko hirugarren eta laugarren posturako lehia, Altuna eta Ezkurdia aurrez aurre. Hala izaterik nahi ez dugun arren, badakigu finalistaren batek min hartuko balu hirugarren geratu denak hartuko lukeela bere lekua finalean, beraz, ez da garrantzirik gabeko norgehiagoka igandekoa. Ez dugu halakorik gertatzea nahi, ordea, goza dezatela Zabalak eta Etxeberriak merezimendu osoz lortutako finala.