Euskal Herrian egindako hainbat musika-kolaborazio
Ad Libitum-eko atal honetan, iazko denboraldian zabaldutako kaxoi bat irekiko dugu berriz ere: featuring-arena. Musika ulertzeko bi pentsamoldek bat egiterakoan sortzen den sinergiari erreparatuko diogu, oraingo honetan, Euskal Herrian fokua jarriz.
This browser does not support the audio element.
Beste artista batekin kolaboratzearen atzean hainbat arrazoi egon daitezke: izan daiteke disko etxe baten marketin-jokoa, izan daiteke norberaren inperioa handitzeko estrategia, edo izan daiteke, zorionez, miresmen hutsa. Lehenbiziko bi arrazoietatik, gure etxean ere, gero eta adibide gehiago topa ditzakegun arren, gaurko atalean miresmenetik eta sinergia artistiko zintzo batetik abiatutako kolaborazio batzuen inguruan mintzatuko gara.
Artista bat bere konfort eremutik ateratzearen zirraraz gozatuko dugu, esaterako, Gorka Urbizuk Merina Gris taldearekin egindako Tesla bat Sutan abestia entzunez; eta emakumeen arteko sororitateak ekarritako altxor batzuk ekarriko ditugu irratiko uhinetara, hala nola Olatz Salvador eta Idoia Asurmendi, edota Esanezin eta Esti Markez. Ibil Bedik Broken Brothers Brass Band-ekin kolaborazioan egindako Orain bat gara abestiaren moldaketak erakutsiko digu abesti batek mozorroz alda dezakeela.
Hala ere, arreta berezia ipiniko diogu gaurkoan euskara ez dakiten artista batzuek gure herriarekiko izan duten begiruneari; La MODAko David Ruizek Nogenekin edota Eva Amaralek Izarorekin egindako kolaborazioetan euskaraz abesteko hautua egin izanak ez duelako preziorik. Biba zuek!