IRRATIA
Interview
Patxi Encaje
Abaurregainako alkatea

«Lur komunalak beharrezkoak dira lehen sektorearentzat»

Egiteko modu baten adierazle dira hainbat eskualdetan dauden herri lurrak, hainbat zonaldetako abeltzainentzat ezinbesteko baliabidea dira, gainera. Hala baieztatu du Gelditu Makinak saioan Abaurregainako alkateak. 

Abaurregaina ingurua, soroak lehen planoan eta mendi lurrak atzean (Jagoba Manterola | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Lur komunalak edo herri lurrak, izenak berak nahikoa pista ematen du zer diren eremu horiek; hau da, kolektiboki kudeatzen diren lurrak. Beste bereizgarri bat ere badute, jabetza ustiapenarekin lotuta ez egotea, adibidez. Abaurregainako alkate eta nekazari den Patxi Encajerekin hitz egin dugu gaiaz.

Euskal Herrian ohiko sistema izan da, eta, baita Aezkoan ere. Lur komunal asko al dago?

Lur komunalak ez dira saltzen, defendatu egiten dira. Egin daitezke aldaketa batzuk behar oso justifikatuak badira, ospitale bat egiteko edo hezkuntzarako, baina ezin dira edonori saldu nahi duena egiteko, antzinako lege batzuk galarazten dute hori, eta hobe horrela. Herritarren lurrak dira eta ustiapena eta gestioa denon artean egiten dira. Udala edo bailarako junta da, berriz, bitartekari lanetan aritzen dena kasu bakoitzean. Beharrezkoak dira guztiok lekua izateko abeltzaintzaren munduan; udaran egoteko, gure kasuan, eta guztion probetxurako izateko.

Kultura komunalaren eguna ospatu zenuten urte hasieran Orbaitzetan. Zer ondorio atera zenuten bertatik?

Ondorioa da jarraitu behar duela eta, jarraipena izateko, nahi dugula izan hemen bizi garen jendea. Hori da gakoa. Kudeaketari dagokionez, badaude komunalen eta mendien gaineko lege orokor batzuk Nafarroa mailan. Hortik aurrera, gure legeak ditugu eta, normalean, ordenantza horiek lotura dute gure esperientziarekin, ez baita gauza bera mendi komunal bat Pirinioetan edo mendi komunal bat Erriberan. Komunala ongi egoteko eta ongi probesteko gure esperientziarekin lotuta dauden norma batzuk ezartzen dira, baita tokiko erabakiak hartzen ere, esaterako, noiz zabaltzen diren bazkalekuak.

«Erreleborik ez badago ezingo ditugu transmititu orain arteko esperientziak eta kudeaketak»

Erreleboaren gaia ere hor dago, erreleborik ez badago ezingo ditugu transmititu orain arteko esperientziak eta kudeaketak, maila orokor batean nolako kudeaketak egiten ditugun, artzainek eta abeltzainek egiten ditugun kontu ezberdinak...

Zertarako baliatu izan dira komunalak?

Abeltzainen bazkaleku gisa izan da lehen kudeaketa edo garrantzi gehien hartu duena. Azken batean, hemengo bailaretan lehen sektorea baita dagoen motorretako bat. Gero, mendiak itzuli zizkigutenean, 1978-1980 inguruan, –zeren espainiar Estatuaren mende egon ziren– hasi zen berriz egurraren kudeaketa eta aprobetxamendua; batez ere, bailaren eta udalen diru iturri eta, orain, azken urteetan, kudeaketa horri batu zaio produktu naturalen edo turismoaren kudeaketa.

Erabiltzaileek jabetzarik ez baina, betebeharrak ba al dituzte?

Gure kasuan, auzolan edo artelan batzuk egin behar dituzte komunalak mantentzeko. Adibidez, urtean asteburu batean deitzen ditugu eta ateratzen dira. Ateratzen dira eta pozik, gainera. Azkenean, beren lurrak balira bezala ateratzen dira.

Historia luzekoak omen dira lur komunalak. Esaterako, Karlistadetan herriek lur komunal batzuk saldu omen zituzten zorrei aurre egiteko. Salerosketa asko egin dira lurrekin?

Beti entzun izan dugu salerosketena. Historialari batek esan zigun garai batean dena zela komunala eta jabetzak azaldu zirela herriak berak saldu zituelako. Horregatik dago inguruko herri batzuetan beste batzuetan baino lur komunal gehiago; adibidez, Auzpegin edo Auritzen ia-ia jabetza pribaturik ez dago eta beste herri batzuetan komunalak bakarrik mendian daude eta alor onak edo herri inguruko alorrak pribatuak dira.

Historian gauza asko gertatu dira eta horren ondorio dira egungo arau hauek.

«Herri lurrak izateak abantaila ekartzen digu egunerokoan eta laguntzen gaitu hemen jarraitzeko, bestela, seguruenik hemen ez zen inor geratuko»

Abeltzain bezala, zer dira zuretzat komunalak?

Dena. Edozeini galdetzen badiozu hemen, Pirinioetan, oso muturreko eremua da, neguan batez ere, eta gastu handiak ditugu abereekin. Orduan, udaberri, udara eta udazken partean herri lurrak izateak abantaila ekartzen digu egunerokoan eta laguntzen gaitu hemen jarraitzeko, bestela, seguruenik hemen ez zen inor geratuko, zeren, gastua oso handia da, belar aunitz egin behar da eta azkenean, hilabete batzuk gastu gutxiagorekin izaten baditugu abereak, horrek laguntzen digu jarraitzen. Edozeini galdetzen badiozu, lur komunalak dena direla esango dizu.

Eta alkate bezala?

Gure lan handiena. Beti transmititu izan digute komunalak defendatu behar direla, mantendu behar ditugula eta hori da gure lan handiena urtean zehar eta pozik egiten dugu. Jendeak ere exijitzen digu ongi mantentzea bai bideak, bai hesiak baita parkeak ere.

Herriaren lur mantendu direnak aberatsagoak al dira?

Gure kasuan monolaborantzarik ez da gertatu. Ez dira saiatu oso altura handian daudelako edo ez dakit zergatik. Baina, uste dut Nafarroan nahita ere ezingo genukeela horrelakorik egin. Lehen erran dugu badugula egurraren kudeaketa bai mozteko bai saltzeko baina baita ere birlandatzeko eta zonaldearen eta dagoen faunaren arabera eragiteko. Alde horretatik, hemen ez da aukerarik izan beste leku batzuetan egin diren kudeaketa modu batzuk egiteko, eta hobe. Badaude arau batzuk ez ditugunak ulertzen eta askotan Departamentuarekin liskarrak izaten ditugu baina, oro har, guztiok ikusten dugu behar dela egon marko bat zer nolako kudeaketa izango den arautzen duena.

Gaur egungo ikuspegitik, zer dute interesgarria herri-lurrek?

Batez ere transbertsala dela, guztiona dela. Ez da gauza bat aberatsek aberastasun gehiago pilatu dezaketena eta pobreek ez dutena aukerarik aprobetxamendurako. Oso polita da guztiok ditugula aukera eta betebehar berdinak erabiltzeko eta, gaur egun, ez daude gauza asko horrela direnak. Horregatik dugu komunalekiko sentimendu hau, zeren guztiondako da, guztiondako berdin. Gainera, udala da kudeatzen dituena eta, ongi egiten ez badu, lau urtean behin aldatu dezakezu.

Administrazioekin xextrarik izaten da?

Departamentu bakoitzak edo Nafarroako Gobernuak arau batzuk jartzen dituenean gure komunala kudeatzeko askotan erraten diegu gurekin hitz egiteko lehenago, partekatu eta ikusteko arau horiek ongi etorriko zaizkion komunalari, zeren, ikustera etorri gabe Iruñeko mahai batean pentsatutako arau batzuek ez dute zentzurik eta beraiei ez diete eragiten baina komunalak erabiltzen ditugunoi bai. Beti esaten diegu gobernu desberdinei: «Geldi pixka bat, pentsatu 5 minutu edo deitu eta egongo gara, partekatu zer egin nahi duzuen eta, hortik aitzin, helduko gara norabait». Zubi hori asko findu behar da. Adibidez, duela 20 urte-edo, tekniko batek esan zuen pasoak ziren eta zuhaitzak zeuden lekuak itxi behar zirela ganadua bertan ez sartzeko, nahiz eta beti sartu izan den ganadua hor eta beti lagundu izan duen zuhaitz berriak hazteko, mendi hori garbitzen... baina arau horrek ekarri zuen dirutza gastatu behar izan genuela zuhaitzak ixten, hau da, ez itxiturak egiten abereak barnean egon zitezen baizik eta abereak bertara sar ez zitezen. Eta horrek ez du zentzurik. Gaur egun ikusten da, ezin izan dira mantendu, abereak ezin izan dira sartu, basoak ez daude hobeto... Horrekin esan nahi dena da, zerbait arautu nahi denean gurekin partekatu dezatela eta zonaldeko jendearekin ikus dezatela zer egin daitekeen.