Tolosan jokatuko da Abesbatzen Europako Sari Nagusia
Igandean ospatuko da Tolosan 8 urteren ostean berriz sariketa berezi hau, 5 parte-hartzaileekin.
This browser does not support the audio element.
Urriaren 31tik azaroaren 3ra ospatuko da Tolosako 56. Abesbatza Lehiaketa, munduko txoko guztietatik etorritako abesbatzak bilduko dituen nazioarteko hitzordu nagusia. Lau egunetan zehar, Tolosa ahotsen topagune bihurtuko da, eta herriak bere izaera musikala berriro ere erakutsiko du. Aurten Abesbatzen Europako Sari Nagusia ere bertan jokatuko da.
Aurten hamaika herrialdetako abesbatzek parte hartuko dute: Japoniatik, Letoniatik, Filipinetatik, Alemaniatik, Estatu Batuetatik, Indonesiatik, Venezuelatik eta beste hainbat lekutatik. Guztira, dozenaka ahots-talde ariko dira lehiaketan, eta Tolosako kaleetan hizkuntza eta kultura ezberdinen uztarketa sentituko da berriz ere. Sari Nagusiari dagokionez, Imusicapella (Filipinak), Los Cantantes de Manila (Filipinak), The Resonanz Children's Choir (Indonesia), Youth Choir Kamer (Letonia) eta azkenik, Choir Sola of the Latvian Academy of Culture (Letonia) izango dira lehian egongo direnak.
Parte-hartzaile guztiek euskarazko obra derrigorrez abestu beharko dute, hizkuntzaren eta kulturaren sustapena lehiaketaren bihotzean kokatuz. Bertakotasuna sustatuz, horrek berezi egingo du lehiaketa.
Antolakuntzako Xabier Ormazabalen hitzetan, «Tolosako publikoa hezita dago, 56 urte ondoren belarria landu dute eta epaimahaikideekin bat egiten dute». Bestalde, erronkei buruz galdetzean, «boluntariotza ez dago bogan» esaldia utzi digu.