«Globala dena oso txikia, oso sukaldekoa denarekin elkarrizketan jartzea izan da ariketa»
This browser does not support the audio element.
Nor naizen baneki, grazia nuke atxeki, ilargiak soilik daki naizela eki. Horrela amaitzen da Arte drama eta Axut antzerki konpainiek elkarlanean egindako hirugarren lanaren teaserra. Luhuson estreinaldia eskaini ondoren, atzo bertan eman zion hasiera bere Euskal Herriko birari 'Nor naizen baneki' lanak Donostian, eta igandera arte Gazteszena aretoan ikusgai izango dugu arratsaldeko 19:30ean. «Elkar zaintza oso presente dago prozesuan zehar, eta orain bigarren zatia dator, publikoak ikustea zertan aritu garen; publikoak ematen dio beste perspektiba bat lanari» esan digu Maialen Diaz aktoreak.
Antzerkia hausnarketa eta eztabaidarako bide izan ohi da, askotan erantzunak baino galderak eskaintzen dizkigute artistek: Ba al dakigu nor garen? Jakin nahi al dugu? Edo nor izango garen? Zuzendari edo berak nahiago duen bezala, bere eramailearen hitzetan, Ximun Fusch, inor ez da zauririk gabe aterako aretotik, nork bere buruari eta geure herriari begiratzeko parada eskainiko baitigu antzezlanak. «Hasierako txinparta denok aztoratu gintuen aurkikuntza hura izan zen» esan digu Harkaitz Canok. Izan ere, lan honetan antzoki baten indusketa lanei esker, Euskal Herriko historian barna bidaia bat egingo dugu, erromatarren garaitik hasita gaurdaino.
Bidean gai asko jorratuko dira: familia, herentzia genetikoa, indarkeria koloniala, mugak, jabetza… Abiapuntu Irulegiko eskuaren aurkikuntza izan dute, arkeologia eta antzerkiaren arteko harremana ere aztertu eta bidelagun izan dutelarik. «Fabulaziorako eremua dela deskubritu dugu, bakoitzak bere historia, usteak eta ideologia proiektatu ditzake hor; baina hori antzerkira ekartzea konplikatua izan da, hasieratik konturatu ginen nahiko luze joko zuela antzezlanak» aitortu du sortzaileak.
Gidoia Cano eta Fuschen artean idatzi dute. «Ximunen idazmahaia oholtza da, nirea askoz txikiagoa eta xumeagoa da eta piano berean esertzea Ximun bezalako musikari teatral handi batekin oso ikasketa prozesu aberasgarri eta ederra izan da» kontatu digu idazleak. Aktoreak ere pozik daude prozesuarekin. «Iruditzen zait guk ere pixka bat parte hartu ahal izan dugula idazketan, euskalki ezberdinak sartu ahal izan ditugu eta hori testua barneratzeko manera ederra da» esan digu Aline Etxeberri aktoreak. Bat dator Diaz, «mahaiko lanari eskaini diogun denbora oso berezia da, horrela hitzak preseski presentzia izan du hasieratik».
Lantalde handia oholtza gainean, eta horietako bi Aline Etxeberri eta Maialen Diaz eta Ximun Fusch zuzendariarekin batera lana idatzi duen Harkaitz Cano Bigarren Kafean izan ditugu.