Sarkozy espetxera: estatu krisi baten hasiera ekarri zuen botere gosea
Gaddafiren erregimenak emandako dirua 2007ko hauteskunde kanpainara bideratzeagatik bost urteko espetxe zigorra ezarri diote Nicolas Sarkozyri; Frantziako Errepublikan kartzelara doan lehen gobernuburu ohia. Hark utzitako arrastoari erreparatu diote Naiz Irratiko analisi mahaian.
This browser does not support the audio element.
Nicolas Sarkozy La Santé espetxean dago jada; euskal preso dezentek urte askoz lehen eskutik ezagutu zuten espetxe berberean. Lehen aldiz zapalduko du espetxe bat frantziar gobernuburu ohi batek, Sarkozyren kasuan, ustelkeria tarteko. Bost urteko espetxe zigorrari egingo dio aurre, 2007an Libiako Muammar al-Gaddafiren erregimenaren diruarekin, Eliseora eramango zuen hauteskunde-kanpaina finantzatzeagatik. Lau urte beranduago, NATOren zuzendaritzapean bonbardatuko zuen Libiako erregimen bera.
Diru nahia bai, baina batez ere, botere nahiarekin lotzen da Nicolas Sarkozy. Eskuin kontserbadoreak Eliseoan izan duen azken ordezkaria da Sarkozy eta balore demokratikoen gorazarre egiten duen Frantzian, pertsonalismotik agindu zuen, estatu egiturak bere borondatera egokitzen saiatuz. Urrun dagoela dirudi, baina herrialdeak gaur egun bizi duen estatu krisia ulertzeko, aztertu beharra dago Sarkozyren aroa, Naiz Irratiak Mikel Urdangarin filosofo eta Eguzki Urteaga soziologoarekin egin duen bezala.