IRRATIA

Krestak eta katekorratzak baino askoz gehiago

1960. hamarkadaren amaieran, statu quo politiko eta musikalarekin nazkatuta zegoen olatu batek rocka eta, oro har, musika ulertzeko modua, ordura arte ez bezala irauli zuen: gaur, Ad Libitumen, punkaz arituko gara.

Orain urte batzuk Eskorbutori buruz Santurtzin antolatutako erakusketa bateko irudia (Luis Jauregialtzo | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Zeharka bada ere, sarritan aipatu dugu punka gure saioan: nola ez, bada? Euskal Herriaren DNA-ren parte izatera igaro den musika estilo batez ari gara, XX mendean, folka edo euskal kantagintza berria alde batera utzita, generorik garrantzitsuena izan dena. Baina ez hori bakarrik: hurrengo belaunaldietako musikan ere inpronta nabaria utzi duen generoa da punka.

Post-punkaz hitz egin genuenean, derrigor aipatu behar izan genuen; riot grrrl mugimenduaz aritzean ere, noski; eta egun trapaz edota hip hopaz hitz egiten dugun bakoitzean, ezin dugu ahaztu bi genero berriago horien jarrera errebeldea punkak zirriborratu zuela.

Baina dena al dakigu euskaldunok genero honen inguruan? Gaurko atalean punkaren ertz guztiak aztertzen saiatuko gara: bere sorrera ofiziala sustatu zuten aurre-fenomeno eta artistak; generoaren ezaugarri musikal eta filosofikoak; New Yorkeko eta Londreseko mugimenduen antzekotasunak eta ofizialtasunaren inguruko lehia; eta, noski, Euskal Herriko 80. hamarkadako punk eszena eta bere desgraziak.

Hori guztia, noski, abesti puskaz inguraturik azalduko dizuegu. Ramones sortu zenean bere kritikariek zioten moduan, «hiru akorde soilez osatutako unibertso batek» konstelazio anitz dituela frogatuko dugu.