IRRATIA

MusikaZuzenean elkarteak 15. urteurrena ospatzeko 15 eguneko bira antolatu du

Koldo Otamendi NAIZ Irratiko MusikHaria saiotik pasa da ekimenaren nondik norakoak kontatzeko.

2010ean aurkeztu zuten Donostian MusikaZuzenean egitasmoa. Irudian Koldo Soret, Joseba B. Lenoir eta Joseba Ponce. (Gari GARAIALDE)

This browser does not support the audio element.


Duela hilabete pasatxo izen bera daraman telebista saioko 300. atalaren inguruan Bilboko Biran izan zuen ospakizun festa MusikaZuzenean-ek. Bada, ordurako jakitun izan arren, beranduxeago eman zuten 15 urte, 15 egun, 15 kontzertu (benetan 16 emanaldi izango badira ere) ekimenaren berri sareetan. «Abuztua erdialdean izango zen ideiari forma ematen hasi ginenean, oporretan ginela», kontatu digu MusikHaria saioan Koldo Otamendi MusikaZuzenean proiektuko gidariak. 

Erronka gogorra izan da eta hogeita hamarren bat toki buruan izan zituzten ekimenari forma emateko. «Erronka zaila zen 15 egunez segidan kontzertuak eskaintzearena eta asteburuetan toki zailenetara gerturatu gara. Guk tokiak argi genituen zein nahi genuen izatea, bertan izango ziren musika taldeak, berriz, tokian tokiko programatzaileen esku utzi dugu», azaldu digu andoaindarrak.

Urriaren 5ean hasi zuen ibilbidea Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan ospakizunak, Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen kontzertuarekin eta Andoainen, urriaren 19an, emango zaio bukaera emanaldi bikoitzarekin. Sarrerak toki bakoitzak erabaki du nola kudeatu, «batzuk doakoak izango dira, besteak borondatearen truke eta beste batzuk sarrera ordainduta. Webgunean duzue horren inguruko informazio osoa». 

Izan ere hortik abiatu zen guztia, agenda protagonista izan duen MusikaZuzenean.eus webgunetik. Ibilbide oparoa izan du eta oraindik ere izango duen arren, ospatzeko garaia da. Hauek izango dira kontzertuak:

Urriak 5, Amaraun Arte Fabrika, Abadiño: Niña Coyote eta Chico Tornado.
Urriak 6, Txantxerreka gaztetxea, Donostia: saio koletiboa (Indabe, Raitx, Beñat Antxustegi, Juanjo Berasain, Pelax…).
Urriak 7, Parral taberna, Gasteiz: The Marteens.
Urriak 8, Getariako Gaztetxea, Gipuzkoa: Go! + G.U.T.S. + Flash.
Urriak 9, Antixena gaztetxea, Oñati: saio kolektiboa (Sukena, Aiert, Ane, Marti, Negu Hurbilak…).
Urriak 10, Zinka Bizirik Elkartea, Maule: Xak + Sofa
Urriak 11, Portuko Ranpi, Ondarroa: Kaskezur + Ezpalak.
Urriak 12, Kataku ostatua, Bera: Gailu.
Urriak 13, Irati taberna, Arrasate: Amorante + Gartxot.
Urriak 14, Izaskun Arrue Kulturgunea (IAK), Gasteiz: saio koletiboa (Miren Narbaiza, Jon Bellido, Annekdotas, Joseba B. Lenoir, Jon Basaguren, Libe Kortazar).
Urriak 15, Laba, Iruñea: Saguxar + Egun Motelak pintxada.
Urriak 16, Iparragirre Rock Elkartea, Gernika: saio kolektiboa (Zuga, Osama, Supercremalleras, Inner).
Urriak 17, Bixentania, Baigorri: Pangea Pop + Katu bazka.
Urriak 18, Epaiska ostatua, Baiona: Ekhi Lambert eta Ibantuta.
Urriak 19, Irunberri taberna, Andoain: Txalainak; Andoaingo Gaztetxea: Anari.