Gazarako ontzidian parte hartu duten lau euskal herritarrak Greziara helduko dira gaur
Gazarako ontzidian parte hartu duten lau euskal herritarrak astelehen honetako 10.00etan Greziarako abioi batean sartuko dituzte Israelgo agintariek NAIZ Irratian Gazarako Mugimendu Globaleko kide Nerea Etxebarriak adierazi duenez.
This browser does not support the audio element.
Gazarako ontzidian parte hartu duten lau euskal herritarrak gaur 10.00ak aldera abioi batean sartuko dituztela eta Greziara helduko direla adierazi du NAIZ Irratian Gazarako Mugimendu Globaleko kide Nerea Etxebarriak.
«Guztiok ukatu diote Israelek eskatzen zuen papera sinatzeari, baina gaur bertan deportatuko dituztela badakigu. Atenasera bidaliko dituzte. Oraindik ez dakigu gure kideak Atenasetik Madrilera edo Bilbora joango diren», azaldu du.
Etxebarriak gaineratu duenez aurreikusita dago lau euskal herritarrek abioia asteleheneko 10.00etan hartuko dutela. Espetxetik kanpo badaude ere Israelgo agintariek atxilotu gisa dituztela gaineratu du.
Azaldu duenez, Euskal Herritik ezin izan dira beraiekin zuzenean harremanetan jarri. Greziara deportatuko dituztelaren berria zerbitzu juridikoen bitartez jakin dutela gaineratu du.
Jaso duten tratuari buruzko berririk ez oraindik
Gauzak horrela, momentuz ez dakite lau euskal herritarrek Israelgo Armadren partetik tratu txarrak jaso dituzten ala ez. Aske geratu diren ontzidiko beste kide batzuek salatu dute tratu txarrak izan direla. «Pentsatu behar dugu munduaren arreta hor dagoenean eta jakinda kontatuko dutela tratu txarrak jaso baldin badituzte, pentsa zer ez ote dira jasaten ari palestinarrak kartzela horietan», gaineratu du.
«Gureak azken finean badatoz etxera, baina palestinarrak infernu horretan geldituko dira», nabarmendu du.
Israelek sinatzera behartzen duen dokumentua herrialdean legearen aurka sartu direla onartzea suposatzen duela gogoratu du Etxebarriak. Izan ere, hori ez dela egia azpimarratu du, ontzidia nazioarteko uretan harrapatu zutelako. Paper hori sinatzeak berehalako deportazioa esan nahi du. Lau euskal herritarrek ez dute sinatu eta horrek epaiketa baterako eta prozesu konplikatu baterako arriskua duela gogoratu du.
Jose Manuel Albares Atzerri ministro espainolak Estatuko hiritar guztiak gaur deportatuko dituztela adierazi du, Etxebarriaren hitzak konfirmatuz.