IRRATIA

Spotifytik at! Musikariak Palestinarekin kanpaina hizketagai

Musikak, Nina Simone handiaren hitzetan, garaia irudikatzeko beharra eta erantzukizuna du, eta batzuetan beharrezkoa izaten da burua altxa eta, eskura ditugun bozgorailuak erabiliz, munduan gertatzen ari diren bidegabekeriei fokua jartzea. Gaurkoan, Ad Libitumen, Palestinan jarriko dugu fokua.

Kokein da kanpainarekin bat egin duen euskal taldeetako bat, irudian Ahotsenean emandako kontzertu batean. (Raul Bogajo | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Iturri ofizialen arabera, 64.000tik gora dira Israelgo estatuak eta bere IDF armadak 2023ko urritik aurrera hil dituen palestinarrak; tartean, 18.500 haur. Nazio Batuen Erakundeak gertakari hau genozidio gisa izendatu badu ere, estatuek oraindik itsu, mutu eta gor jarraitzen dute basakeriaren aurrean; eta aktiboan dauden mugimendu bakarrak, herritarren artetik abiatutakoak dira.

Euskal Herrian ere izan da Palestinar herriaren aldeko mugimendurik; Espainiako Vueltaren harira egindako interbentzioa, kasu. Eta musikaren alorrean ere mugimendu garrantzitsu bat ari da antolatzen: Spotify plataformari boikot egitea.

Spotifyko nagusi Daniek Ek magnateak 700 milioi euroko ekarpena egin du gerrarako armagintzan. Ondorio gisa, eta aurretik Spotifyk musikariei eskainitako tratu kaxkarrari beste arrazoi bat gehituta, Musikariak Palestinarekin izeneko plataformak egitasmo bat abiatu du, zeinak artistek Spotifytik euren musika katalogo guztia kentzeko sinadura zerrenda bat osatzean datzan. Dagoeneko 90 talde inguru bildu dituzte eta, apurka bada ere, goraka doa. Gaurkoan, Ad Libitumen, egitasmoaren testuinguruaz hitz egin eta hausnartzeaz gain, boikotean parte aktiboa hartu duten artisten musika entzungo dugu.