IRRATIA

«Gure misioa hori da, borroka egitea beste eredu baterako trantsizioa egin dadin»

Prekaritatea murrizteko borroka, zerbitzu publikoen defentsa eta trantsizio ekosozialerako industria politika izango ditu lehentasun nagusi LAB sindikatuak ikasturte honetan. Eta honen inguruan gehiago sakontzeko NAIZ Irratian izan da Igor Arroyo, LAB sindikatuko idazkari nagusia.

Igor Arroyo, LAB Sindikatuko Idazkari Nagusia (NAIZ)

This browser does not support the audio element.


Ikasturte sindikal berria hasi da, eta LABek jada marraztu ditu bere lehentasunak: prekaritatea murriztea, zerbitzu publikoak indartzea eta trantsizio ekosoziala sustatzea.

Igor Arroyo LAB Sindikatuko Idazkari Nagusiak argi azaldu du, testuinguru globala ez dela batere baikorra. «Badago kezkarako elementu ugari. Guk esaten dugu, berez bidegabea zen eta bidegabea den sistema bat geroz eta bideraezinagoa dela. Geroz eta arazo handiagoak sortzen ari dela, krisi klimatikoa, ekologikoa, migrazio masiboak, gerrak… Eta horren aurrean beharrezkoa dela alternatiben aldeko borrokan urratsak ematea».

Argi adierazi du, Euskal Herrian badaudela aldaketa politiko eta sozialen aldeko eragile sindikal sozial eta politikoak, eta badagoela bestelako eredu baterako trantsizio bat egiterik. Bide horretan haien misioa zehatzean hori dela adierazi du: «Gure misioa hori da hain zuzen ere, borroka egitearena beste eredu baterako trantsizio hori egin dadin».

Trantsizio horretarako ordea, egun instituzioek dituzten eskumenak bestelako politika batzuk egiteko erabili behar direla adierazi du. Baina horrekin batera burujabetza maila «handiago» baten beharra azpimarratu dute, «hemen langile jendearen alde, herri langilearen alde urratsak eta neurriak hartu ahal izateko».