«Irakurri nahiko nituzkeen ipuinak idatzi ditut»
‘Diesel’ (Alberdania) ipuin liburua argitaratu du Bertol Arrietak (Zarautz 1975). Bizitzaren ekuatorea gurutzatu duten pertsonaia trakets bezain maitagarriak aurkezten dizkigu bertan, ironia, sarkasmo eta surrealismo koktel batekin, dekadentziak ere distira baduela erakutsiz.
This browser does not support the audio element.
Zazpi ipuin jaso ditu Bertol Arrietak ‘Diesel’ izenburupean. Ipuin bakoitza bakarra eta desberdina, baina bada guztiak harilkatzen dituen hari bat: pertsonaiak diesel jendea dira. Biniloaren B aldea entzuten ari den jendea da, bizitzaren bigarren erdia bizitzen ari dena. Harremanek iragan handi bat dute. Egunerokoaren baitan murgilduta dagoen jendea da. Drama handirik gabe bizi dena. Bizitzera ohitu den jendea.
Pertsonaien diesel izaera hori propio bilatutakoa da?
Ipuinak banan-banan idatzi nituenean ez nuen egin zazpiak lotzeko helburu jakin batekin. Nahiz eta gero bilatu daitezkeen lotura horiek. Bulkadei jarraika, nire instintuari jarraituz eta intuizioz sortu ditut ipuinak. Diesel kontzeptua gerora bilatutako zerbait izan da, nolabait hausnartu eta gero ipuinetan agertzen diren pertsonaiak nolakoak diren.
Bulkadei erantzunez lan egitea ere ez da erraza...
Ikasketaz informatikaria naiz. Informatikan erakusten dizute dena ondo planifikatuta izaten eta bada horri kontra egiteagatik ere. Lagun margolari batek esaten dit berak horrela margotzen duela, batere pentsatu gabe, inpultsoei jarraituta.
Hori idazterakoan ezinezkoa dela dio. Esaldi bat egitea bakarrik dagoeneko arrazionalagoa delako. Kasu honetan saiatu naiz abiapuntu bat hartu eta pixka bat gehiegi pentsatu gabe, intuizio horri jarraika idazten eta gorputzak agintzen zidanari idazten. Nahiz eta nahigabe zeure burua lanean ari den eta aurrez landutako egiturak, aurrez landutako liburuak, aurrez ikusitako pelikulak, hor dauzkazun eta agertu egiten diren.
Zazpi ipuin, bakoitza bere moldekoa. Baina badaude hor lerro batzuk guztiak zeharkatzen dituztenak...
Badaude hor gaiak ni kezkatzen nautenak edo mugiarazten nautenak, betidanik erabili ditudanak idazterakoan. Bikote harremanak, maitasuna, heriotza, bizitza bera, bizitzaren nolabaiteko absurdoa, bizitzaren ziurgabetasuna edo kaos sentimendu hori, bat-batean gauza txiki batek dena goitik behera mugitzea... Eta gero, hor ikusten dut umorea ere: batzuetan sarkastikoa, ironikoa, baina baita zenbaitetan surrealista samarra ere.
«Saiatu naiz abiapuntu bat hartu eta pixka bat gehiegi pentsatu gabe, intuizio horri jarraika idazten eta gorputzak agintzen zidanari idazten»
Nabarmena da zinemaren eragina ere.
Oso zinemazalea naiz eta zortea izan dut zinema munduko jendea ezagutzekoa eta haien lagun izatekoa. Norbait daukazunean zerbaitetan aditua dena eta haren aholkuei jarraiki pelikulak ikusten hasten zarenean, beste dimentsio bat ezagutzen duzu. Nik zorte hori izan nuen Iñigo Salaberria orain dela pare bat urte hil zen lagunarekin. Berak zineman zegoen guztia ikusita zeukan, eta hark gidatuta zinema ber-deskubritu nuen. Badago ipuin bat berari dedikatua dagoena, zinemaz blai eginda dagoen ipuina da. Hor sartzen ditut bere aholkuak, iritziak eta, nahiz eta istorioa guztiz fikziozkoa den. Aki Kaurismäkiri ere beste ipuin bat eskaintzen diot. Kaurismäkiren pelikula batean agertzen da pertsonaia bat tabernan piña batekin. Pelikula ez da bere lanetatik gehien gustatzen zaidana, baina eszena hori iltzatuta geratu zitzaidan. Eta ipuin bat idazten ari nintzela, bat-batean pertsonaia bat meloi batekin poteatzen dagoela konturatzen da. Hor ikusi nuen nabarmena zela Aki Kaurismäkiren eragina eta horregatik bere zita bat jarri nuen ipuinaren hasieran, omenaldi gisa.
Zure idazteko modua ere oso zinematografikoa da.
Hori esan izan didate. Horrela ateratzen zait. Pertsonaien barne gogoetak erakustea baino gehiago gustatzen zait pertsonaiek egiten dutena erakustea. Pertsonaiak deskribatzea beraien ekintzen bidez, eta ez nik deskribatzen ditudalako. Eta hala dira. Pertsonaiak nolakoak diren zuk ikusiko duzu egiten dutenaren arabera, irakurriko duzulako zer den pertsonaia horrek egiten duena eta zer jarrera hartzen duen egoera baten eta bestearen artean. Eta bai, nik uste dut hori zinemaren oso lotuta dagoela.
Irakurleak ikusiko du pertsonaia nolakoa den egiten duen horren baitan eta irakurleak epaituko du baita ere nahi badu, edo ez. Zuk distantzia batetik aurkezten dizkiguzu.
Oso garbi daukadan gauza bat da pertsonaiak ez epaitzea, jartzea beren egoeretan eta ikustea nola erreakzionatzen duten juizio moralik eman gabe. Eta pertsonaiak liburu honetan nolabait inperfektuak dira. Esango nuke, are gehiago, inperfektuak izateaz gain, inperfekzio horretan nolabait edertasuna topatzen dudala, bilatzen dudala. Esan nahi dudana da pertsonaiak bere kaxkarrean, pertsonaiak bere onenean ez daudela ere, nolabaiteko ikuspegi amultsu bat edo erakusten dudala. Nik uste dut ez epaitzea, ez bakarrik ez epaitzea, baizik eta pertsonak gure txarrean maitatzeari buruz ere ari naizela.

Zer eskaintzen dizu genero bezala ipuinak?
Irakurle bezala ere ipuinzalea naiz eta ez dakit zergatik, ez dakit ondo esaten. Ipuinetan nolabait iruditzen zait gauza gutxirekin asko esaten dela. Nobela asko, luze geratzen zaizkit. Soberan ikusten ditut gauzak. Ipuin on bat irakurtzen duzunean... Ez dakit xarma edo magia daukan zerbait, horrela, motza topatzen duzunean, batzen duena bizitza osoa hain gauza gutxitan laburbilduta. Idazterakoan uste dut ondoen moldatzen naizen generoa dela. Beharbada sintesirako daukadan gaitasunagatik izango da...
Aipatu duzu lehen, pertsonaiek badute iragan pisutsu bat, motxila bat. Motxila batzuetan ondo etortzen da behar duzuna hor izan dezakezulako, baina beste batzuetan astuna ere egiten da.
Azkenean, adin bat daukagun guztiok esango nuke badugula motxila hori. Eta ze ederra! Horrek esan nahi du bizi egin zarela. 40 urte pasa eta motxilarik ez duenak zer egin du 40 urtetan? Orduan bai, badago zama hori eta badago etsipena eta badago nostalgia eta badago monotonia puntu bat. Hori guztia dago. Baina badago baita bizitza zeinen ederra den ere.
Azken batean liburuaren tonua baikorra da, kontraesana dirudien arren...
Aritz Galarraga editorearekin hizketan ari ginela justu kontrazalerako testua prestatzeko berak hori esan zidan: bakardadea dago, mendeku nahia, erruduntasun sentsazioa, gaixotasuna, heriotza... Eta hala ere, liburu bitalista bat da. Nik uste dut badagoela bizitzeko nahi bat, bizitzeko poz bat, edo bizitzeko poz horri jarraika bizitzeko nahia.
«Adin bat daukagun guztiok badugu motxila bat. Eta ze ederra! Horrek esan nahi du bizi egin zarela. 40 urte pasa eta motxilarik ez duenak zer egin du 40 urtetan?»
Zuk ere idazle bezala baduzu zure motxila hori, nola daramazu?
Lagungarri zait. Azkenean, liburu bakoitzarekin ikasten duzu. Batetik, zuk zeuk zeure buruari jartzen diozun autoexijentzia handitzen doalako. Eta bestetik, editoreek emandako laguntzarengatik. Nik suertea izan dut hainbat argitaletxetan argitaratu dudalako. Lehen liburua Ereinen argitaratu nuen, bigarrena Susan, eta gero Elkarren, Txalapartan eta azkenik Alberdanian. Editore batzuk pasa ditut. Editoreek ere, bakoitzak bere ikuspuntua dauka eta ondo dago ikuspegi desberdin horietatik guztietatik ikasteko aukera izatea. Eta gero zuk zurea, noski. Guztiek jokatu dute beti errespetuz eta azken hitza neuri utzita. Baina bai, ba azkenean hau ikasketa prozesu bat bezala ikusten dut eta ez dakit ona edo txarra, baina 20 urte hauetan egindakoak nire nolabaiteko idazle motxilan sartzen joan naiz eta, gero, horiek erabiltzeko modua pixkanaka aldatuz doa.
Asko aldatu da zure idazteko modua?
Aldatu da idazteko modua: lehen ipuin liburuan, ipuin bat idatzi aurretik, ipuin horren eskema guztia idatzita neukan. Nolabait baneukan hasieratik bukaerara zer gertatuko zen ipuin horretan idazten hasi aurretik, eta orain justu kontrakoa da. Orain abiapuntu bat dut, detaile bat dut, pertsonaia bat daukat, zerbait daukat, huskeria bat daukat eta horrekin abiatzen naiz kasik-kasik inprobisatuz. Eta prozesua askoz ederragoa da. Gero emaitza, ez dakit. Niri gehiago gustatzen zait gaur egunekoa.
Bertsolariek ere inprobisatzean aurretik kristoren lana eginda izaten dute. Hemen ere berdintsua da. Ez dut esango inprobisatzen ari naizenik ipuin bat idazten dudan bakoitzean, baina bai daukat libreago aritzeko modua ikasketa prozesu honi esker.
Idatzi nahi duzun hori, idatzi nahi duzun bezala idatzi duzu edo baduzu zama hori, idazten duzun horrek gustagarria izan behar duelako edo halako irakurlearengana iristea nahiko zenukeelako?
Ez, ez. Idazterakoan saiatzen naiz guztiz librea izaten eta ez pentsatzea ez irakurleetan, ez editorearengan, ez prentsan, ez kritikan, ez inorengan. Nik irakurri nahiko nituzkeen ipuinak idazten ditut. Gero argitaratzeko orduan bai, eskrupulosoagoa naiz. Batzuetan agertzen dira jendeak kontatu zizkidan gauzak eta saiatzen naiz horietan inor ez mintzen. Baina bestela, niretzako idaztea da askatasun ariketa bat eta horrela ez baldin bada, ba ez nuke disfrutatuko, ezta?
Azaleko argazkia ere zurea da.
Hiru ipuin liburu argitaratu dizkidate eta hiruetan azala nirea da. Argazkilaritza ere asko gustatu izan zait betidanik. Liburuaren bukaera aldean edo geundela gasolindegi hau ikusi nuen hor Lesakara ikastetxe batera nindoala. Argazkia atera, eta koloreak kendu eta jarri ibili nintzen eta, bueno, nik uste dut dotore geratu dela izenburuarekin lotuta.