IRRATIA

Adi eta Ari | Gogotsu, gogo handiz, gogoz

[2x28] Atal honetan gogotsu, gogo biziz eta gogoz handiz esamoleak landuko ditugu. 

Totem aretoan ospatu du 10. urteurrena Skabidean talde nafarrak. (Aitor AGIRREZABAL)

This browser does not support the audio element.


NEREA:
Egun on, Ander.

ANDER:
Hala ekarri, Nerea.

NEREA:
Gogoan dauzkazu Hertzainak musika taldearen azken kontzertuak? Nolako jendetza!

ANDER:
Hertzainak izena entzun orduko, Kortatu taldea gogora etortzen zait beti.

NEREA:
Bai gaupasa bikainak! Haiekin zenbat dantza egin dugun gogoratzeak bihotza alaitzen dit.

ANDER:
Akordatzen al zara ‘Sarri, Sarri’ abestiarekin eta ‘Egunero dena okerrago’ abestiarekin?

NEREA:
Noski. Ska estiloko erritmoak oso aproposak dira festa egiteko.

ANDER:
Gogora ekarri beharra dago berez ingelesezkoak zirela bi kantu horiek. ‘Egunero’ zen The Selecter talde ingelesarena. Eta ‘Sarri, Sarri’ zen Toots and The Maytals talde jamaikarrarena.

NEREA:
Iruñeko Skabidean musika taldeak zuzeneko kontzertu handi bat eman zuen joan den urtean, hamar urte bete zituztenean.

ANDER:
Sarrera guztiak bukatu ziren. Ia mila lagun aritu ziren kantuan eta dantzan. Bi ordu eta erdiko emanaldia izan zen Atarrabiako Totem aretoan.

NEREA:
Hamar laguneko taldea da Skabidean. Soinu benetan ederra dute.

ANDER:
Ba al dakizu zenbat disko atera dituzten?

NEREA:
Bost bat?

ANDER:
Bai. Eta disko berriaren titulua ‘Hiri zahar zikina’ da. The Pogues talde irlandarraren doinu batekin hasten da.

NEREA:
NAIZ Irratiak zuzenean kontatu zuen Skabidean taldearen kontzertua.

 

SKABIDEAN ZUZENEKO KONTZERTUA

 

ANDER:
Jendea gogotsu zegoela esan zuen esatariak.

NEREA:
Adjektibo polita da 'gogotsu'. Berotasuna dauka. 'Sutsu' adjektiboaren tankerakoa da. Eta esan nahi du: gogo biziz, gogo handiz, gogo betez.

ANDER:
Skabidean taldearekin gogo biziz salto eta dantza egingo zuten, seguru.

NEREA:
'Gogo' hitza modu askotan jokatzen da euskaraz. Gogo onez da atseginez. Eta gogo txarrez da gogorik gabe, behartuta bezala.

ANDER:
Gogo urriz nagoenean, kemenik gabe egoten naiz, adorerik gabe.

NEREA:
Gogoa da buruaren ahalmenak gordetzen dituena. Horregatik esaten dugu: «Zer daukazu buruan?, zer daukazu gogoan?».

ANDER:
Gogoaren argitasunari esker sortzen dira musika, literatura eta arteak, era guztietakoak.

NEREA:
Ska erritmoekin gogoa alaitu egiten zaigu. Eta istorio tristeekin, gogoa ilundu.

ANDER:
Oroimenari edo memoriari ere gogoa esaten zaio. Hortik dator gogoratu aditza. Eta gogoan izan... ez zaizula ahaztu behar garrantzitsuena.

NEREA:
Hori da: ez da ahaztu behar gogoa dela asmoa. Gogoa da nahia. Gogoa da desira.

ANDER:
Gogoak ematen didana egingo dut nire urtebetetze egunean, nahi dudana.

NEREA:
Londresera joateko asmoa duzula esan zenidan, berriz hara itzultzeko gogoa duzula.

ANDER:
Bai, Nerea, ez dut beste gogorik. Londresko 35. Ska Festibala apirilaren 6an hasiko da.

NEREA:
Nik ere gogoko dut ska musika. Ander, utziko al didazu Londresera zurekin joaten? Esan baietz, mesedez.

ANDER:
Ados! Begira!... 'Gogotsu' eta 'sutsu' hitzek duten antzeko berotasuna dauka «gogoko» hitzak ere. Gogokoa da gustuko duguna eta atsegin zaiguna.

NEREA:
Pertsona bat asko-asko atsegin dugunean, desiragarria izateko neurrian, orduan esaten da oso gogoko dugula. Gogoa pizten zaigu, irritsa ernatzen zaigu: haragizko jolasetarako grina.

ANDER:
Lasai, neska, ez zaitez horrela berotu orain.

NEREA:
Gogoko dut pintxoak jatea. Gogoko dut musika alaia. Gogoko ditut gona motzak. Gogoko dut festetako gaugiroa. Zerbait gustatzen zaigula esateko forma sinplea da.

ANDER: ZER IKASI DUGU GAUR?

NEREA:
Gogotsu gaudela ongi pasatzeko.

ANDER:
Gogo biziz, gogo handiz eta gogo onez.

NEREA:
Geure buruan dago gogoa. Baina gorputz osoan ere bai: jateko gogoa, gozatzeko gogoa, lo egiteko gogoa.

ANDER:
Asmoak behin eta berriz buruan erabiltzeari esaten zaio pentsatzea. Ideiak gogoan erabiltzeari deitzen zaio gogoeta egitea.

ANDER:
Hainbeste adibiderekin, burua galtzeko zorian gaudela uste dut.

NEREA:
Azkenean Londresera joatea lortzen badugu, gogoangarria izango da.

ANDER:
Bihar bertan erosiko ditugu hegazkin txartelak.