IRRATIA

Adi eta Ari | Denborazko perpaus motak

[2x27] Atal honetan, bezain laster eta orduko esamoldeak nola erabili ikasiko dugu.

Tolosaldea –aurreko estropadako irudi batean– izan da, berriro ere, azkarrena Donibane Lohizunen. (Idoia ZABALETA/FOKU)

This browser does not support the audio element.


NEREA:
Oso pozik nator, Ander.

ANDER:
Arratsalde on, Nerea. Zer gertatu zaizu?

NEREA:
Bikaina izan da lehia! Hau emozioa!

ANDER:
Kontatu beharko didazu...

NEREA:
Emakumeen kirol-taldeak ezagutzen al dituzu?

ANDER:
Futbolean onenak dira Donostiako Reala, Bilboko Athletic eta Gasteizko Alaves.

NEREA:
Hara!, ongi. Badakizu zerbait. Eta saskibaloian?

ANDER:
Kirol kontuetan ez nauzu jokoz kanpo harrapatuko. Saskibaloian, puntan dabiltza Gernikako Lointek, Gasteizko Araski eta Donostiako Ibaeta.

NEREA:
Orduan ezagutuko dituzu eskubaloikoak ere.

ANDER:
Bai horixe! Donostiako Bera-Bera, Atarrabiako Beti Onak eta Barakaldoko Zuazo.

NEREA:
Gaur estropadetan izan naiz, Ander.

ANDER:
Oriok irabazi du Kontxako Bandera. Telebistan ikusi dut goizean.

NEREA:
Hantxe nintzen ni. Zer giro ona, aizu! Arraun Lagunak taldea izan da bigarrena. Biak batera iritsi dira, baina aurreko igandeko denborak kontuan hartuta, Oriok bi segundoko aldea atera dio.

ANDER:
Hirugarren aldia da Oriok Kontxako Bandera irabazi duela.

NEREA:
Bost bandera irabazita dauzka Pasaiako San Juanek, eta beste bost Galiziako traineruak. Behin gailendu ziren Zumaia eta Donostiako Arran Lagunak.

ANDER:
Beraz, Parte Zaharrean parranda txiki bat egin duzu lagunekin?

NEREA:
Noski. Txaranga eta guzti.



ESTROPADA

ANDER:
«Ziabogatik irten orduko Oriok bi segundo atera dizkio». Bizkorrak dira oriotarrak.

NEREA:
Ba... nik gaur... kalera irten orduko, zakur-kaka bat zapaldu dut.

ANDER:
Eguna pozik bukatu duzu, baina gaizki hasi zara gero!

NEREA:
«Irten orduko» denborazko perpaus bat da. Eta esan nahi du laster edo berehala.

ANDER:
Zehazkiago, esan nahi du «bezain laster». Alegia: kalera irten bezain laster, kaka zapaldu duzu.

NEREA:
Ipar Euskal Herriko toki batzuetan «baiko» hitza erabiltzen dute. Era honetan: «Ziabogatik irten baiko bi segundoko aldea atera dio».

ANDER:
Gure herrian gehienetan «berehala» hitzarekin esaten dugu. Adibidez: «Kalera irten eta berehala topatu nituen lagunak».

NEREA:
Guk ere bai: «Erosi eta gutxira apurtu zitzaidan jostailua». Edo: «Erosi eta segituan irentsi nuen pastela».

ANDER:
Denbora adierazten duen hitz bat aditzaren ondoren ipintzea nahikoa da: «Zu ikusi eta bat-batean maitemindu nintzen».

NEREA:
Ez daukazu zertan gezurrik esan. Baina honekin akordatzen naiz: «Zuk emandako paketea zabaldu eta bertan erori zitzaidan oparia».

ANDER:
Bizkaian «atoan» esaten dute. «Paketea zabaldu eta atoan jausi zitzaidan oparia».

NEREA:
Lehen... nik galdetu eta behingoan bota dizkidazu emakumezkoen kirol taldeen izenak.

ANDER:
Kirolen gainean edonorekin egingo nuke apustua.

 

ESTROPADA

 

NEREA:
Gustatu zait nesken estropada. Nola koordinatzen dituzten arraunak, nolako indarra eta abiadura hartzen duten traineruek...

ANDER:
Ez da, ez, ematen duen bezain erraza.

NEREA:
Teknika berezia behar da ziabogan bira egiteko, arraunlariek hasieran eta bukaeran egiten dituzten txanpak garrantzitsuak dira...

ANDER:
Ohartzen naiz arrauneko kontu dezente ikasi duzula gaur.

NEREA:
Popa da traineruaren atzealdea eta branka da aurrealdea. Toletak dira arrauna eusteko ziriak, bi kareletan egoten direnak.

ANDER:
Eta zer da istribor eta zer da ababor?

NEREA:
Popatik aurrera begiratuta, istribor da eskuinaldea eta ababor da ezkerraldea.

ANDER:
Kaira iritsi orduko esplikatu dizkizu norbaitek gauza horiek guztiak?

NEREA:
Pixka bat lehenago, gosaltzen hasi bezain laster esplikatu didate oinarrizkoa.

ANDER:
Hortaz, elkartu eta berehala izan duzu lehenbiziko lezioa, kafearekin batera.

NEREA:
Kirol kontuez gainera, beraz, ZER IKASI DUGU GAUR?

ANDER:
Denborazko perpaus-mota batzuk osatzeko erak.

NEREA:
Irten orduko, irten baiko, irten bezain laster, irten eta berehala, irten eta segituan...

ANDER:
Zabaldu eta atoan, ikusi eta bat-batean, galdetu eta behingoan.

NEREA:
Adibide horiek entzunda, badirudi presaka bizi garela.

ANDER:
Halaxe da, neska, halaxe da.