Euskal Herriko arrantza munduari begia eta belarria jarrita: ‘Sarea Galdu Aurretik’
Hegaluzearekin batera, ekainean helduko da NAIZ Irratira arrantza eta arrantzaleen bizimoduaren aldarri egingo duen ‘Sarea Galdu Aurretik’ podcasta. Ekainaren 1etik aurrera, igandero, goizeko 9.00etako albisteen ostean entzungai eta horren ostean NAIZ Irratiaren webgune edota podcast plataformetan.
This browser does not support the audio element.
Kezka eta nahi batetik jaiotzen da ‘Sarea Galdu Aurretik’ podcasta: nahikoa da Euskal Herriko edozein portura jotzea ikusteko gehienetan arrantzak utzi diola jarduera nagusi izateari, edota arrantzak presentzia izaten jarraitzen duen horietan ere, gainbehera oso handia izan dela azken hamarkadetan. Arrantza gutxiago eta honekin batera noski, gero eta gutxiago dira honi lotutako ofizio tradizionalak ere.
Egoera kritikoa izatera heldu da, etorkizuna ezbaian dago eta horrekin batera euskal herritarren nortasunaren eta ondarearen zati garrantzitsu bat. Baina atsekabean erori gabe gizarte eredu honek Kantauri itsasoko arrantzaren (bereziki artisau arrantzaren) amaiera ekarriko duela dion iragarpenari kontra eginez arrantzatik bizitza duin, egoki eta ona eduki daitekeela erakutsi eta frogatu nahi du proiektu honek.
Arrantzari ezarri zaion kondaira beltza iraultzea da helburua, lanbide honek suposatzen dituen gogortasun eta zailtasunak ezkutatu gabe, baina azken hamarkadetan eman diren aurrerapen eta hobekuntzak jasoz.
Entzun eta zabaldu
Analisia zabalduz, arrantzari ezinbestean lotuta dauden eta emakumeak nagusi izan diren ofizioek tarte nabarmena izango dute: neskatilak, paketatzaileak eta saregileak, bereziki. Prozesu honek arrantzaren inguruan dagoen giza-ekosisteman sakontzea eskatzen du, ezberdinak izan arren euren artean denek dutelako jasangarria eta emankorra den arrantza sektore baten beharra: ikerlari, biologo eta arrantza ikuskatzaileetatik, arrain saltzaileetaraino, sukaldarietatik pasatuz.
Belaunaldi erreleboa da gakoa eta txanponaren bi aldeak topa daitezke herrialde honetan. Gutxi dira arrantzarekiko apustua egiten dutenak, arrantza eta itsas eskoletan dauden gazteak asko diren arren. Honen zergatia, uste baino konplexuagoa da.
Finean, ‘Sarea Galdu Aurretik’ podcastak ez du arrantzaleen ahotsa izateko asmorik; arrantzaleak entzun, esandakoak jaso eta gizarteratzea du xede, arrantzalearen bozgorailu bilakatuz. Egungo egoeratik abiatuta bost ataleko bidai baterako gonbidapena da hau, arrantzan eman den gainbeheraren arrazoiez jabetu, iluna dirudien etorkizun horri berme gehiagorekin begiratu ahal izateko.
Abiapuntua
Igotz Garatea Lekeitioko Kalamua II baporeko patroia eta Aritz Martinez Hendaiako Atalaia Berria ontziko arrantzalea izan ziren atzo, lehen ataleko protagonista izanik.
Euskal arrantzaleek baliatzen dituzten arrantza eredu eta arteen azalpena da abiapuntua, alegia, Kantauri itsasoan topa daitekeen itsas txikiko edota baxurako arrantza. Ez da hau ordea, euskal kostaldean presentzia duen arrantza eredu bakarra. Garai batean itsas zabaleko, edota alturako arrantzak pisu handia izan zuen, eta oraindik ere jarduera nagusia da Ondarroan. Kritiken jomuga izan den arren, alturako arrantzale eta ordezkarien azalpenak jaso behar dira sektorearen aniztasuna eta konplexutasuna ulertzeko.
Euskal arrantzaren argazki hori osatzeko, Ozeano Bare, Atlantikora edota Indiako Ozeanora begiratu behar da, atunontzi izoztaileek ordezkatzen duten sektore indartsura; milaka kilometrora egon arren, asko direlako horretan jarduten duten euskaldunak eta aukera erakargarriena arrantza ikasketak burutzen ari diren ikasle askorentzat.