IRRATIA

Adi eta Ari | Hika, toka eta noka

[2x19] Appa hi! Hitanoa ikasteko APPa sortu dute, eta guk aukera izanen dugu hitanoa, hika, toka eta noka lantzeko.

Appa Hi! aplikazioaren xehetasunak. (APPA HI!)

This browser does not support the audio element.


NEREA:
Kaixo, Ander.

ANDER:
Egun on, Nerea. Egon..., egon pixka bat..., oraintxe naiz zurekin.

NEREA:
Ai, ai, ai... telefonoari lotuta ikusten zaitut gero eta gehiago.

ANDER:
Listo! Bukatu dut. Hitanoa praktikatzen ari nintzen. Jolasten, egia esan.

NEREA:
Aplikazioaren bat al daukazu telefonoan?

ANDER:
Bai. 'Appa Hi!' izena du. Deba bailarako Badihardugu elkarteak plazaratu zuen iaz. Hitanoa ikasteko eta praktikatzeko tresna bat da.

NEREA:
Ze interesgarria! Nik badakit hiketan, baina jende oso gutxirekin egiten dut.

ANDER:
Android eta IOS sistemetarako egokituta dago aplikazioa. Erabiltzailea jolas moduko galderen bidez hika ikasten hasiko da, urratsez urrats.

NEREA:
Egunetik egunera maila hobetuko du, orduan.

ANDER:
Hori da helburua.

NEREA:
Ohartu naiz irudiak ere badauzkala.

ANDER:
Mirari Sagarzazuk egin ditu. Eta audioak ere baditu, Ritxi Lizartzarenak.

NEREA:
Nori bururatu zitzaion ideia?

ANDER:
Oñatiko neska batzuek noka egiten ikasi nahi zutelako, aplikazio bat sortu zuten han. Eta arrakasta izan zuenez, ondoren etorri da euskara batuko hau.

NEREA:
Nor arduratu dira edukiak sortzeaz?

ANDER:
Idoia Etxeberria eta Aintzane Agirrebeña. Azken honek irratian esplikatu zuelako daukat orain 'Appa Hi!' aplikazioa.

 

AINTZANE AGIRREBEÑA

 


ANDER:
Hika edo hiketan egiteari deitzen zaio hitanoa. Aditza erabiltzeko era berezi bat da.

NEREA:
Hitz egiten ari gatzaizkion pertsonari “zu” esaten zaio, baina “hi” ere esaten ahal zaio. Eta “hi” denean bigarren pertsona, orduan aditza era berezi batean jokatzen da.

ANDER:
Hika egiteko bi forma daude.

NEREA:
Noka egiten zaio neskari eta toka egiten zaio mutilari.

ANDER:
Adibidez, nik zuri noka honela esango nizuke: «Hire lagunak etorriko ditun arratsaldean. Jantzi hadi kalerako. Afaltzera joango gaitun».

NEREA:
Nik egingo dizut orain toka: «Hi ez haiz etorriko. Nesken arteko bilera diagu, eta hik ez daukak tokirik gure afarian».

ANDER:
«Aizan! Ez naun baztertuta utziko, ezta?».

NEREA:
«Toki guztietan egon behar al duk? Gaur gure txanda duk. Aspaldi ez gaituk elkartu, eta gure kontuez hitz egiteko premia diagu».

ANDER:
Konturatu naiz hitanoa menderatzen duzula.

NEREA:
Ez, ez, ez nago ohituta. Oso gutxi erabiltzen dut.

ANDER:
Konfiantza handia duten bi pertsonaren artean bakarrik egiten da hiketan.

NEREA:
Urola bailaran mutil guztiek hika jarduten dute. Eta Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldeko herrietan ere bai. Esango nuke Usurbilen, Añorgan eta Igeldon ere egiten dutela, baina Donostiako hirigunean ez.

ANDER:
Tolosan ere gehienak ez dira hika aritzen, baina inguruko herri txikietakoak bai.

 

AINTZANE AGIRREBEÑA

 

ANDER:
Gogoratu dezagun toka egiten zaiela mutilei eta noka egiten zaiela neskei.

NEREA:
Mutilei hitz egitean, K eta A hotsak sartzen dira aditzean. Adibidez: «Bilbora joan nauk lehen. Handik natorrek. Ez diat ezer erosi. Ez diagu bazkaltzeko ezer».

ANDER:
Neskei hitz egitean, aldiz, N eta NA hotsak txertatzen dira aditzean. «Merkatuan izan naun. Porruak erosi ditinat. Ordubete barru bazkalduko dinagu. Prestatzea hire kontu».

NEREA:
Zer ikasi dugu gaur?

ANDER:
Euskaraz aditzak jokatzeko era berezi bat dagoela, hitanoa deitzen dena. Hika eta hiketan egitea ere esaten zaio. Hizketan ari direnen arteko hurbiltasuna adierazten du.

NEREA:
Hitanoak bi forma ditu. Neskekin noka egiten da. Eta mutilekin, toka.

ANDER:
«Mutilek mutilekin hiketan egiten diten. Baina neskek ez zaukaten ohiturarik. Ea berriz hasten diren».

NEREA:
«Euskararen erabilera handia den herrietan egiten ditek mutilek hika. Hogei mila biztanletik gorako herrietan ez diat uste».

ANDER:
«Zarautzek 23.000 bizilagun zauzkan. Gipuzkoako herrien artean laugarrena dun biztanlez. Eta han mutil guztiek toka egiten diten; bestela, arraro begiratzen diten».

NEREA:
«Zarautzen neskei ez zietek hika egiten, ordea. Azpeitiko edo Azkoitiko neskek beharbada noka egingo ditek haien artean».

ANDER:
«Ez dinat uste. Han ere, egitekotan, emakume helduen artean bakarrik».