IRRATIA

Adi eta Ari | 'Are.....-ago', 'oraindik....-ago'

[2X18] Atal honetan ‘are...-ago, are eta..., -ago, ororaindik...-ago, landuko ditugu.

Iker Ibarluzea (NAIZ irratia)

This browser does not support the audio element.


ANDER:
Egun on, Nerea.

NEREA:
Zer berri, Ander?

ANDER:
Eguraldiari begira nago. Han eta hemen iragarpenak ikusi ditut, eta ia denek gauza bera adierazten dute.

NEREA:
Sateliteek bidalitako informazio berbera baliatuko dute.

ANDER:
Iker Ibarluzeak irratian azaldu duenez, iazko abendutik MTG satelite meteorologikoa irudi zehatzagoak eskaintzen ari da, eta hamar minutuero.

NEREA:
Lehen zein maiztasunez iristen ziren?

ANDER:
Hamabost minutuero.

NEREA:
Ez da alde handia.

ANDER:
Baina orain hodeiekin zerikusia duten fenomenoak, fronteak edo ekaitzak zehaztasun handiz ikusten dituzte. Lagungarria izaten ari da iragarpenak egiteko garaian.

NEREA:
Nork bidalitako satelitea da?

ANDER:
Europako Sateliteen Agentziak.

NEREA:
Betiko agentziak, orduan. Parisen dauka egoitza nagusia. Meteosat sateliteak bidaltzen ditu airera, Ozeano Atlantikoaren parera, handik irudiak jasotzeko.

ANDER:
Hain zuzen ere, MGT siglako M hizkiak Meteosat adierazten du. T hizkia dagokio ingelesezko Third zenbakiari, eta euskaraz hirugarrena esan nahi du. Eta G hizkia da Generation.

NEREA:
Beraz, euskaraz izango litzateke MHB: Meteosat Hirugarren Belaunaldia.

ANDER:
Satelite berri honen irudiei esker, hodei-motak bereizten dituzte: baxuak, altuak eta ertainak. Eta tximista guztiak monitorizatzen ditu.

 

IKER IBARLUZEA



ANDER:
Irudi are eta zehatzagoak emango dituela eta are eta maizago eskainiko dituela esan du meteorologoak.

NEREA:
Adberbio bat da 'are', eta hurrengo hitzaren esanahia indartu egiten du. «Are gehiago» esandakoan adierazten ari gara «oraindik gehiago».

ANDER:
Adibide bat ipiniko dut: «Ekaitzak ederrak dira, baina are gehiago enbatak».

NEREA:
Nik beste bat esango dut: «Ez zaizkit trumoiak gustatzen, eta are gutxiago tximistak».

ANDER:
'Are eta' forma ere maiz erabiltzen da: «Bonbillak argi ona ematen baldin badu, are eta hobeagoa eguzkiak».

NEREA:
Labur esanda, konparazioak egiteko erabiltzen den partikula bat da.

ANDER:
Hori da: konparazioak indartzeko balio du.

NEREA:
Sinonimoak dira are politagoa eta oraindik politagoa. «Aurtengo negua are lehorragoa izan da» esanez gero, adierazi dugu oraindik lehorragoa izan dela.

ANDER:
'Askoz' adberbioa ere erabiltzen dugu gure etxean.

NEREA:
Hara!, bai, horrek ere balio du.

ANDER:
Ipar-mendebaldeko hodeiak askoz ilunagoak dira.

NEREA:
Eta tximistak askoz ere beldurgarriagoak!

ANDER:
'Askoz' eta 'askoz ere', bi formulak dira egokiak.

NEREA:
Eta 'asko' adierazteko lapurtarrek eta nafarrek 'anitz' eta 'hagitz' hitzak esaten dituztenez, «euri anitzez gehiago behar dute larretan».



IKER IBARLUZEA



NEREA:
Satelitez josita dago mundua.

ANDER:
Espazioan, gure inguruan orbitatzen ari dira.

NEREA:
Sputnik satelitea izan zen lehenbizikoa, sobietarrek jaurtitakoa 1957an.

ANDER:
Esaten dutenez, gaur arte ia 12.000 satelite artifizial bota dituzte hor gora.

NEREA:
Izugarria da. Hondakinez beteko dute zerua, ezta?

ANDER:
Ez egin dudarik.

NEREA:
Nolanahi dela, ilargia bezalako satelite ederrik ez da sekula izango.

ANDER:
Ilargiak eragin handia dauka guregan. Lurraren ardatza egonkortzen du, alde batetik; eta, bestetik, itsasoen mareak sortzen ditu.

NEREA:
Hala eta guztiz, eguzkia da gure astro nagusia.

ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?

NEREA:
Eguraldia faktore askoren emaitza dela. Are gehiago, urtero satelite berriak bidali nahi dituzte, informazio oraindik ere zehatzagoa biltzeko.

ANDER:
Konparazioetan erabiltzen ditugun adberbio batzuk ikasi ditugu: are, are eta, oraindik, oraindik ere, askoz, askoz ere, anitzez edo hagitzez.

NEREA:
Askoz gehiago ikasiko dugu hurrengo saioetan.

ANDER:
Esplikazioak ematen laburrak baldin bagara, nabarmen hobeto ulertuko digute.

NEREA:
Eta adibide egokiekin, dena puskaz errazago.

ANDER:
Ikusi arte, Nerea.

NEREA:
Bihar elkartu gara berriro.

ANDER:
Zuri ongi datorkizunean. Adio.