Adi eta Ari | 'Txakur' hitzaren aberastasuna
[2x17] Ikasgai honetan 'ardi txakurra', 'ehiza txakurra', 'polizia-txakurra'...esamoldeak landuko ditugu.
This browser does not support the audio element.
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Baita zuri ere, Ander.
ANDER:
Txakurrei buruz mintzatuko gara gaur. Eta, bide batez, Etxeko Animaliak Babesteko Legeaz.
NEREA:
Uste dut Bilbon zakur gehiago daudela haurrak baino. Dirudienez, 38.500 zakur bizi dira Bilbon.
ANDER:
Euskal Herri osoan dago txakur asko. Eta horregatik, Eusko Jaurlaritzak iaz Etxeko Animaliak Babesteko Legea indarrean jarri zuen.
NEREA:
Hemendik aurrera etxeko animaliek eskubideak izango dituzte?
ANDER:
Etxeko animaliei tratu txarra emateak edo haien ongizatearen aurkako jarrera izateak zigorra daukate. Isun txikiena 100 eurokoa da, eta handiena, 100.000 eurokoa.
NEREA:
Zer zigortuko dute?
ANDER:
Buztana edo belarriak moztea. Azazkalak eta hortzak kentzea. Arantzadun lepokoa jartzea.
NEREA:
Eta animaliak tindatzea? Edo ikuskizunetan parte hartzen duten animaliak dopatzea? Edo deskarga elektrikoak ematea?
ANDER:
Zalantzarik gabe, zigortu egingo dute hori guztia. Eta animaliak abandonatzea ere bai, edo 24 orduz jarraian bakarrik uztea.
NEREA:
Beraz, okerrena izango da armekin animaliei tiro egitea.
ANDER:
Debekatuta dago harrera zentroetan animaliak sakrifikatzea ere.
NEREA:
Eta zezenketak?
ANDER:
Zezenak, edo ehiza eta arrantza, ez dira lege honetan sartzen.
Eli Pagola eta Aitziber Sarobe
NEREA:
Kazetariak adierazi duenez, lege honetan ez dira sartzen artzain txakurrak, ehiza txakurrak eta polizia txakurrak. Zenbat txakur mota ezagutzen duzu zuk?
ANDER:
Kontuan hartu behar duzu munduan 800 milioi txakur bizi direla. Eta esan ohi da arraza ezberdinak 400 inguru direla.
NEREA:
Artzain txakurra deitzen diogu ardiak zaintzeko artzainak trebatzen duen zakurrari. Ardi txakurra ere esaten zaio.
ANDER:
Ehiza txakurra deitzen diogu ehiztariak eramaten duenari. Batzuek eper txakurra esaten diote, beste batzuek erbi txakurra ere bai.
NEREA:
Eperrak edo hegaztiak ehizatzekoak izango dira batzuk, eta erbiak ehizatzekoak besteak.
ANDER:
Labrit txakurra ere entzunda nago. Pirinioetako artzain txakur arraza bat dela esaten dute batzuek, eta beste batzuek Landetako arraza bat dela.
NEREA:
Polizia txakurrak dira poliziei laguntzeko erabiltzen dituzten zakurrak: rottweilerra, dobermana, alemana, labrador erakoa... Arraza askotakoak trebatzen dituzte.
ANDER:
Arratoi txakurra ere badago, saguak ehizatzen dituztenak baserrietan. Euskal Herrikoak txikiak eta azkarrak izaten dira, zuri-beltzak. Katuak baino hobeak dira saguak harrapatzen.
NEREA:
Itsas txakurrak ere badaude, ezta?
ANDER:
Ez, ez, ez, horiek ez dira txakurrak. Euskaraz foka esateko modu bat da.
AITZIBER AGIRRESAROBE
ANDER:
Txakurrak tradizio handia izan du Euskal Herrian. Hain zuzen horregatik, euskaraz txakur hitza testuinguru askotan erabiltzen dugu.
NEREA:
Zure asmo bat xumeegia dela edo zure amets bat hutsala dela uste duenak esango dizu: “Txakur amets bat besterik ez da hori”.
ANDER:
Eztul gogorrak eta errepikatuak eginez gero, zakurraren zaunkaren antzeko eztul latzak, orduan esango dizute: “Txakur eztul hori sendatu beharko duzu”.
NEREA:
Niri gustatzen zait txakur musua. Oso lotsagabea den pertsonari, muturra edozein tokitan sartzen duenari deitzen zaio txakur musua.
Zer ikasi dugu gaur?
NEREA:
Txakur hitza maiz erabiltzen dela euskaraz. Ez txakur motak izendatzeko bakarrik, baita kontzeptuak adierazteko ere.
ANDER:
Gauzaren batek ezertarako balio ez duenean esaten dugu: “Horrek txakurraren putza balio du”.
NEREA:
Poliziari argotean txakurra! esaten zaio.
ANDER:
Hizkuntza guztietan dago hitz peioratiboren bat polizia izendatzeko. Nik uste dut euskaraz txakurra esaten zaiola errietan, jotzen edo pistolaz ibiltzen den poliziari.
NEREA:
Gaiztakeriaz portatzeari, maltzurkeriaz jokatzeari, gauza makurrak esateari... horri esaten diogu txakurkeria.
ANDER:
Bihar arte, Nerea.
NEREA:
Laster arte, Ander.
Hemen entzun dezakezu Gelditu Makinak saioan egindako solasaldia.