MAY. 26 2025 - 21:00h Adi eta Ari | Nola eta noiz erabili -gile atzizkia [2x16] Ikasgai honetan -gile atzizkia landuko dugu. benito ansola sariak This browser does not support the audio element. NAIZ irratia NEREA:Kaixo, Ander. Zer moduz zaude?ANDER:Ongi, Nerea. Eta zu?NEREA:Primeran! Begira, gaur Benito Ansola izeneko gizon bati buruz eta euskal zinemaren inguruan jardungo dugu.ANDER:Lekeition urtero egiten den Euskal Zine Bileraren sortzailea izan zen Benito Ansola. Zinemaldi hori 1978an egin zen lehen aldiz, duela 45 urte.NEREA:Euskarazko ikus-entzunezko lanen jaialdia da, eta bizirik jarraitzen du oraindik.ANDER:Benito Ansolak orain 90 urte baino gehiago izango ditu. Lekeitioko apaiza izan zen. Zinema zalea zenez, Euskal Zinema Bilera sortu zuen bere herrian.NEREA:Pelikula batzuk ere egin zituen. Gutxienez dozena bat film baditu.ANDER:Haren omenez sari bat ematen dutela badakit.NEREA:Euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaile gazteen lanak bultzatzeko helburua du Benito Ansola Sariak. 18 eta 36 urte bitarteko zinemagileei zuzenduta dago. 3.000 euroko laguntza bat izaten da, film baten ekoizpena abiatzeko.ANDER:Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Udalak urtero ematen dute sari hori, Euskal Zine Bileraren barruan. Uste dut zazpigarren aldia dela dagoeneko.NEREA:Beka edo saria jasotzeko, film labur baten asmoa aurkeztu behar da, gutxienez 9 minutuko iraupenekoa, eta gehienez 18 minutukoa. ANDONI URZELAI NEREA:Zinemagilea esaten zaio filmak egiten dituenari. Zinema hitzaren eta egile hitzaren artean osatutako izena da.ANDER:Kulturgile eta sortzaile asko izendatzen dira modu horretan. Gidoiak idazten dituena da gidoigilea; antzerkiak idazten dituena, antzerkigilea; ipuinak sortzen dituena, ipuingilea.NEREA:Bat-batean izen zerrenda luze bat bururatu zait: nobelagilea, kantugilea, marrazkigilea, irudigilea, komikigilea, liburugilea, hiztegigilea...ANDER:“Errementari” eta “Irati” filmak egin ondoren, Paul Urkijo zinemagile oso ezaguna bihurtu da.NEREA:Harkaitz Cano nobelagilea eta antzerkigilea da. Anari eta Miren Narbaiza kantugileak dira. Adur Larrea eta Joseba Larratxe komikigileak dira.ANDER:Irudigileen artean asko gustatzen zaizkit Antton Olariaga eta Maite Mutuberria. Bakoitzak egoki garatu du bere estiloa.NEREA:Gure garaiko hiztegigile garrantzitsuena Ibon Sarasola da.ANDER:Baina -gile atzizkia ez da kultur kontuetan bakarrik erabiltzen.NEREA:Langilea da -gile atzizkia daukan izen erabiliena, ziur aski.ANDER:Etxegilea, zubigilea, bidegilea... eraikuntza arlokoei esaten diegu.NEREA:Autogilea eta automobilak egiten dituena. Ontzigilea da itsasontziak egiten dituena.ANDER:Famatuak ziren Eibarko armagileak eta bizikletagileak. ANDONI URZELAI NEREA:Niri ez zait sekula burutik pasatu zinemagilea izatea. Baina gogoratzen naiz umetan erlojugilea izan nahi nuela. Zoragarriak iruditzen zitzaizkidan ordulariak, era guztietakoak.ANDER:Ba, nik gaztetan golegilea izan nahi nuen. Atezain ona nintzen futbolean, baina aurrelari golegilea izaten da jokoan pozik handienak hartzen dituena. NEREA:ZER IKASI DUGU GAUR?ANDER:Alde batetik, euskara hutsezko filmen zinemaldi bat badaukagula. Eta beste alde batetik, -gile atzizkia askotan erabiltzen dugula, gauzak egiten, idazten, sortzen dituzten pertsonak izendatzeko.NEREA:Edariak egiten dituztenei deitzen diegu ardogile, sagardogile, txakolingile... Eta upelak egiten dituena da upelgile.ANDER:Janari egile batzuei ere esaten diegu gaztagile, gozogile, txokolategile, txurrogile, pizzagile...NEREA:Arauak jartzen dituena araugilea izaten da. Eta legeak idazten dituenari legegilea deitzen zaio.ANDER:Bi horiek aipatu dituzunean, niri gogora etorri zaizkit iruzurgilea, kaltegilea, tirogilea, delitugilea...NEREA:Ez zaizu ongilerik bururatu?ANDER:Hara!, Nerea, presaka joan beharra daukat! Tripetatik ez nabil ongi, eta sendagilearekin hitzordua dut.NEREA:Ea ez duzun gaitzik. Bihar arte, Ander.