«Belaunaldi berrientzat transmisio lan gisa ere ulertzen da egitasmoa»
Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’ poeta eta kazetari euskaldunaren jaiotzaren 120. urteurrena ospatzen da aurten, eta urteurren esanguratsu horren harira, hainbat ekimen abiatu dira.
This browser does not support the audio element.
Gaur bertan, Laukizen, bere jaioterrian, erakusketa ibiltari baten irekierarekin hasi dira oroimen jardunaldiak, Jon Kortazar idazle eta literatura kritikaria komisario lanetan dela. Arratsaldean, berriz, EH Bilduk omenaldi instituzionala egingo du.
Goizeko hamarretan zabaldu dute erakusketa, eta bertan Lauaxetaren bizitza eta obra hiru ardatz nagusitan banatuta aurkezten dira: literatura, kazetaritza eta politika. Panelen bidez, poetaren ibilbidea gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen da, eta bisitariak bere testu, argazki eta dokumentu esanguratsuen bidez hurbiltzen dira idazlearen unibertsora.
Erakusketaren komisario Jon Kortazarrek adierazi duenez, Lauaxetaren poesian «modernismoaren» eta «sinbolismoaren» arteko lotura nabari da, «ukitu barroko eta herrikoiekin». Kortazarrek kontatu duenez, teologia ikasketen eraginez, poesia klasikoa eta neoklasikoa ezagutzeko aukera izan zuen, eta horrek literaturan berezko hizkera garatzera eraman zuen: «euskal poesiari bide berriak ireki zizkion hitzaren indarraz baliatuta».
Kazetaritza arloan ere eragin nabarmena izan zuen Lauaxetak: ‘Euzkadi’ egunkariko euskarazko atala zuzendu zuen, eta 1936ko estatu kolpearen ostean, ‘Gudari’ aldizkariko zuzendari izendatu zuten. Bertan, euskarazko hizkera garatu zuen eta propaganda lanetan jardun zuen lehen lerroan.
Arratsaldean, EH Bilduk omenaldi ekitaldia egingo dio Lauaxetari, bere figura nazional gisa aldarrikatuz. Bizkaiko batzarkide Urtzi Ostolozagak adierazi duenez, poetaren azken hitzak oraindik gaurkotasun handiko mezu politiko eta existentziala dira: «Euskal abertzalea izateagatik hilko naiz, pasioz maite dudalako zorigaiztoko herri hau».
Horrez gain, Laukizen bertan Lauaxetaren eskultura bat jarriko da bere etxe aurrean, eta bizilagunen artean giro hunkigarria espero da omenaldiaren inguruan.
Erakusketak eta oroimen ekitaldiek ez dute soilik iraganeko irudi bat ekartzen. «Belaunaldi berrientzat transmisio lan gisa ere ulertzen da egitasmoa», iraganaren bidez, etorkizunaren norabidea aztertzeko parada.
Erakusketa ibiltaria Euskal Herriko herriz herri ibiliko da datozen hilabeteetan, eta katalogo bidez sakontzeko aukera ere izango da.