IRRATIA

Adi eta Ari | Arazi eta eragin aditz formak

[2x14] Ikasgai honetan -arazi eta eragin aditz formak landuko ditugu.

Ordiziako etxebizitza batean egin dute murala Aitor eta Nextor aita-semeek. (Raul BOGAJO / FOKU)

This browser does not support the audio element.


NEREA:
Egun on, Ander.

ANDER:
Kaixo, Nerea.

NEREA:
Ezagutzen al duzu Nextor Otaño grafitigilea?

ANDER:
Bai, noski. Pasaiakoa da eta 19 urte ditu. Oso ezagunak dira haren horma-irudiak.

NEREA:
Nextorrek eta bere aita Aitorrek egindako mural bat munduko hamar irudi ederrenen artean aukeratu zuen Street Art Cities erakundeak, 2022. urtean.

ANDER:
Pasaian bertan dago mural hori, ezta?

NEREA:
Bai, hala da. Pasaiako Euskadi etorbidean margotu zuten. Goitik beherakoa da, bertikala. Eta emakumezko bat ageri da, musikako sol ikur batekin, arrainekin, itsasontzi gorri batekin... Ilunbe Musika Elkarteak egin zuen enkargua.

ANDER:
Nextor Otaño gazteak Nexgraff izengoitia erabiltzen du. Eta batzuetan laburrago sinatzen du: Nex. Izugarri famatua bihurtu da Ordizian margotu zuten horma irudia, Lazkao Txiki bertsolariari egindako omenaldia.

NEREA:
Bai, bai, artista ugariren irudiak margotu ditu kaleetan: Joxan Artze poeta eta Mikel Laboa kantaria, Maialen Lujanbio bertsolaria, Berri Txarrak musika taldea, Bob Marley eta Amy Winehouse musikariak...

ANDER:
NAIZ Irratian elkarrizketa bat egin zioten, Pasaiako murala munduko hamar onen artean aukeratutakoan.

NEREA:
Entzun dezagun pixka bat, ea zer kontatzen duen mutil gazteak.



NEXTOR OTAÑO


NEREA:
Kazetariak esan dio harrotasuna sentiaraziko diola munduko onenen artean aukeratua izateak.

ANDER:
Aditz berezia da sentiarazi. Bi hitz elkartzetik dator: sentitu aditza eta -arazi partikula.

NEREA:
Norbait guregana etortzera bultzatuz gero, etorrarazi egin dugula esaten dugu. Edo norbaiti eskatu badiogu margo batzuk ekar ditzala, margoak ekarraraziko dizkiogu.

ANDER:
Egin, eginarazi. Ibili, ibilarazi. Ikasi, ikasarazi. Mugitu, mugiarazi. Sartu, sarrarazi. Sortu, sorrarazi... Formula oso-oso erraza da.

NEREA:
Aurrena aditzaren oina hartu behar da: ikus-, ipin-, pinta-, uki-, eman, esan. Eta horri txertatu -arazi atzean: ikusarazi, ipinarazi, pintarazi, ukiarazi, emanarazi, esanarazi.

ANDER:
Beti-beti lotzen zaio -arazi aditzari. Baina, hala ere, badago salbuespen bat.

NEREA:
A, bai? Eta zein da salbuespen hori?

ANDER:
Adierazi. Kasu horretan adi eta -erazi elkartzen dira, eta ez -arazi.

NEREA:
Ba nik ezagutzen dut beste modu bateko salbuespen bat.

ANDER:
Zein da?

NEREA:
Ohartarazi. 'Ohar' ordez, erabiltzen dugu ohart eta ondoren -arazi.

ANDER:
Ni Euskaltzaindikoa banintz, kendu egingo nuke salbuespen hori, eta utziko nuke oharrarazi. Euskara ikasteko eta idazteko hobe da salbuespenik ez izatea.

NEREA:
Uf, ba... Euskaltzaindiari kanbiarazi beharko diozu.


NEXTOR OTAÑO

NEREA:
Eskolan aspertzen nintzenean nik ere marrazkiak egiten nituen. Koadernoan irudi geometrikoak errepikatzen nituen etengabe.

ANDER:
Barregarria da artista ona bihurtzea eskolan aspertzeari esker.

NEREA:
Norbaiti barrea ateratzea lortuz gero, barre eragin diogula esaten dugu.

ANDER:
Eragin aditzak -arazi partikularen antzera funtzionatzen al du?

NEREA:
Bai, hala da. Hitz egin, ihes egin, negar egin... Aditz horietan, 'egin' hitzaren tokian eragin jartzen dugu: hitz eragin, ihes eragin, negar eragin...

ANDER:
Guk ez dugu eragin erabiltzen. Guk egin aditzari -arazi txertatzen diogu, eta aurrera: hitz eginarazi, ihes eginarazi, negar eginarazi, huts eginarazi...

NEREA:
Horrek ere balio du, noski.


ANDER:
ZER IKASI DUGU GAUR?

NEREA:
Ekintza bat eginaraztean, -arazi edo eragin aditzak erabiltzen ditugu.

ANDER:
Hemendik mugiaraziko nauenik ez dago.

NEREA:
Alde eginaraziko dizut nola edo hala, gela honetako paretak margotu behar ditut-eta orain.

ANDER:
Zein kolorez?

NEREA:
Urdin argiz. Eta ez didazu asmoa aldaraziko.

ANDER:
Ez, neska, lasai. Gela osoa zuretzat. Ni kalera noa... grafiti batzuk egitera.

NEREA:
Agur, eta kontuz ibili. Zigorren bat ordainaraziko dizute bestela.