IRRATIA

«Lekeition ezinezkoa da etxebizitza bat alokatzea»

Lekeitioko Udalak Barakaldo eta Errenteriako udalek eginiko bide-orria jarraitzeko asmoa du eta astelehenean adostu du ez dituela etxebizitza turistiko gehiago onartuko. Zuriñe Gojenolak, Lekeitioko lehen alkate ordeak, neurriaren zergatiak azaldu ditu NAIZ irratian.

Lekeitioko herriaren argazkia (Luis Jauregialtzo | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Lekeitio eremu tentsionatua izateko bidean dago, eta Udalak astelehenean onartu du etxebizitza turistikoen lizentzia gehiagorik ez ematea. Zuriñe Gojenolak izan da NAIZ irratian, Lekeitioko lehen alkate ordea, eta herrian bizi duten egoera izan du aztergai: «Lekeition ezinezkoa da etxebizitza bat alokatzea».

Gojenolak jakinera eman duenez, 94 etxebizitza turistiko daude doituta, baina «erregulatu gabe askoz gehiago daude». «Eta eskaerek gora egin dutenez», lizentzia gehiagorik ez ematea erabaki du Udalak.

Duela urtebete egin zuten gune tentsionatua izateko eskaera, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen onartu. Arazoaren diagnostikoa egin dute, eta hutsik dauden etxebizitzetan jarri nahi dute arreta. Izan ere, hutsik dauden etxeen kopurua «oso altua» dela salatu du Gojenolak. Hutsik daudenak 909 dira, eta jabeekin «lanketa» eta «pedagogia» egin nahi dute etxe horiek alokairuan jar dezaten. «Hori izango da gure lan-lerroa nagusia hurrengo hilabetetan».

Gazteek badute «herrian etxea alokatzeko edo erosteko arazoa», eta hutsik dauden etxeak alokatzean egon daiteke konponbidea: «Gazterik gabe Lekeitiok ez du etorkizunik».