«Ertzain izan nahi dutenek ez dute nahi Gipuzkoako herri txiki batean udaltzain izan»
Getaria eta Azpeitiarekin batera, Zumaiak udaltzain izateko lan deialdi bateratuaren arrazoi nagusia, herriotara egokitutako «profil» bat sustatzea dela dio Asier Arakistain Zumaiako zinegotziak. Lea-Artibain poltsa bateratua deitzea erabat legala dela berretsi du ordea, LABeko Imanol Beroitzek.
This browser does not support the audio element.
Lan hautaketa publikoak egiteko eskumena, udalena den heinean, luzaz egin zituzten tokiko erakunde askok euren udaltzaingoentzako Lan Eskaintza Publikoa, lan poltsa propioa edukitze aldera. 2017an hasi ziren Eusko Jaurlaritzan bestelako eredu bat sustatzen hautaketa prozesuetan eta 2020tik aurrera, bi lan deialdi egotetik, bakarra egotera pasa da. Gaur gaurkoz, udalerri gehienetara Arkautin, Ertzaintzaren akademiako lan deialdian izena emandako udaltzainak bideratzen ari dira batez ere.
Urteek aurrera egin ahala, eredu honek arazoak ekarri dizkie txikiak eta ertainak diren udalerri batzuei. Herriko hizkuntza ohiturak, bizimodu eta berezitasunekiko ezagutza falta dago alde batetik, baina baita herri horietan errotzeko interes falta ere. Zentzu honetan, zuzen hitz egin du Naiz Irratian Asier Arakistain Zumaiako pertsonal arloko eta antolakuntza zinegotziak, «ertzain izan nahi dutenek ez dute nahi Gipuzkoako herri txiki batean udaltzain izan».
Testuinguru honetan euren herri eta biztanleei hobeto egokitutako polizia eredu bat bilatzeko asmoz, udaltzaingoetarako lan deialdi bateratua iragarri dute Zumaiak, Getariak eta Azpeitiak. «Aurreko legealditik» datorren afera dela azaldu du Arakistain zinegotziak, postuak finkatzeko dituzten zailtasun handien aurrean, «Arkautiko prozesu bateratuan izena ematen duten gehienek nahi dute ertzain izan». Horrek eragiten du Zumaian eta beste herri askotan, udaltzainek pare bat urte ematea egokitu zaien herrian, epe hori pasata lan deialdi bateratuan berriz ere izena emateko, ertzain bilakatzeko helburuz. Honen zergatia galdetuta, Asier Arakistainek erantzun, «akzioa» nahiago dutela azaltzen dietela udaltzaingotik doazenek. Lan Deialdi Publikoaren eskakizun batzuk moldatu dituzte, errotuta egon eta gertukoa izan nahi duen udaltzain eredua helburu.
Urola Kostan bezala, Lea-Artibain ere bide bera jorratu nahi dute, Markina-Xemeinek, Ondarroak eta Lekeitiok, baita Arratiako Lemoak ere. Izan ere, lan hautaketak egiteko eskumena, udalena izaten jarraitzen duelako. Lan deialdiok, nolabaiteko polemika piztu dute, eta Lakuako Segurtasun Sailetik edota Arkautitik azkar asko jarri dute erabakiaren legezkotasuna ezbaian, «batzuek ez dutelako onartzen udalek ahalmen horrekin bere hautaketa prozesuak egiten jarraitu nahi izatea», Imanol Beroitz LABeko ordezkariak dionez.
Beroitzek gogora ekarri du, azken urteetan «Oiartzun, Astigarraga, Hernani, Usurbil, Villabona edo Oñatiko Udalek beren udaltzain lanpostuak betetzeko hautaketa prozesuak egin dituztela». Udalerri guzti hauetan, EH Bilduk agintzen du gaur egun, baina Lea-Artibaiko udalerrientzako proposatu zenean lehen aldiz, EAJ zegoen agintean Lekeition eta Markinan, «eta ez zen iskanbilarik egon», Asier Arakistain Zumaiako zinegotziak azpimarratu duenez.