IRRATIA
Interview
Maria Eraunzetamurgil
IDK Euskotren taldeko jokalaria

«Zure familiagatik borrokatzea beti politagoa da. Hori da etxera itzultzea»

2021/22 denboralditik ona etxea utzi eta Ensino, Estudiantes eta Valentzian aritu da hegaleko donostiarra. Liga eta Kopa irabaztea zer den badaki, baina sekula ez du bere familia ahaztu. Eta orain, orkatilako arazoak atzean lagata, etxeko taldearen dinamika hobetzeko borrokatuko du «Maria Zetak».

Maria Eraunzetamurgil, IDK Euskotren taldearekin jokatzen bere aurreneko aldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Orkatilako arazoek eta Alba Torrens, Alina Iagupova eta Leo Fiebichen talentuak lekurik gabe laga zuten Maria Eraunzetamurgil Valentzian. Baina horrek ez du hegaleko gipuzkoarra beldurtzen. IDK Euskotren ere mailaz ez jaisteko borrokan murgilduta dago, baina horri ere ez dio beldurrik jokalari donostiarrak. «Jokalari sentitu, gozatu eta familiagatik borrokatzea» badira nahikoa motibazio etxera itzuli eta aurrera jarraitzeko.

Ez da konturik atseginena, baina Joventuten aurkako porrota aipatu behar hasteko. Nola dago taldea?

Badakigu partida guztiak direla garrantzitsuak, eta etxean jokatzen gehiago. Baina tira, orain Gernikaren kontra han –Malosten– jokatzen dugu eta horretan bakarrik pentsatu behar dugu; gauzak nola hobetu, batez ere.

Zure lehenengo minutuak Joventuten aurka izan ziren, oker ez banago.

Bai, hala da. Saiatuko naiz taldeari gehiago laguntzen; oraindik orkatilako lesioaz ondo jartzen ari naiz, baina saiatuko naiz igandean pixka bat gehiago laguntzen taldeari, hoberantz egin dezan.

IDK Euskotrenera itzuli berritan, pozik egongo zarela pentsatzen dut.

Bai, oso pozik etxean egoteagatik. Dena berria da, baina era berean, ez, eta orduan dena sentsazio arraroa da, baina oso pozik nago, noski.

Nola joan dira aurreneko egunak?

Ondo. Orkatilako lesioaz hoberantz noa eta poliki poliki talde dinamikan ari naiz sartzen. Esan bezala, dena da berria, baina ez. Hala ere, niretzat IDK Euskotren beti familia bat bezalakoa izan da eta orduan... ba ondo.

Zer suposatzen du zuretzat etxera itzultzeak eta IDK Euskotrenen kamiseta soinean jantzita izateak?

Kanpora joan nintzenetik beti jarraitu du IDK. Zure familiagatik borrokatzea beti politagoa da. Hori da niretzat etxera itzultzea.

Eta horrek bultzatu al zintuen Valentziako etapa itxi eta etxera itzultzeko? Etxetik gertu izatea?

Bai. Nire buruak etxean egotea behar zuen eta IDK Euskotrenek aukera hau eskaini zidan. Azkenean, saskibaloiaz berriro gozatzea nahi dut eta hemen lortu dezakedala uste dut.

Ensino, Estudiantes eta Valentzia taldeetan aritu zara azken urteetan. Zertan hazi zara jokalari gisa?

Talde guztietan nire lekua aurkitzen saiatu naiz; ez da gauza erraza, baina leku guztietan hori lortu dudala uste dut. Eta horrez gain, jokalari izatea zer den sentitu dut.

Valentzia Basketen gainera Emakumeen Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zenituen. Pentsatzen dut hain lehiakorra den talde batean esperientzia hauek bizitzea polita izango dela eta asko ikasten dela halako talde baten.

Noski. Azkenean Cristina Ouviña, Alba Torrens edo Queralt Casas bezalako jokalariekin egotea sekulako esperientzia da. Horiei esker saskibaloia beste alde batetik ikusten duzu. Horregatik, Valentzia Basketi eskerrak eman behar dizkiot.

Itzuli zaren honetan, nola uste duzu lagun diezaiokezula IDK Euskotreni?

Taldea dinamika txar xamarrean dago. Horregatik, energia berri bat ematea gauza ona dela uste dut. Defentsan eta errebotean laguntzen saiatuko naiz eta hortik hasita taldea hobetzen joatea da egin nahi dudana. Nire sentsazio pertsonalak ere ez dira onenak, eta orkatilak uzten didan heinean poliki poliki joango naiz laguntzen joateko.

Aipatu duzu IDK Euskotren ere ez dagoela egoerarik onenean. Ez dakit horrek ere itzultzera motibatu zaituen.

Neurri baten, bai. IDKren partidak ikusten nituenean, beti nahi nuen beraiek irabaztea eta taldea momentu txar batean ikusten duzunean, nolabait laguntzea nahi izaten duzu. Hori da orain ere nahi dudana.

Itzuli berri zaudela, igandean Lointek Gernika Bizkaiaren aurka euskal derbia Malosten.

Partida oso zaila izango dela badakit. Bistakoa da Gernikak jokalari oso onak dituela; are zailago Malosten, gainera. Hala ere, nik uste gure taldeak hobetzeko tarte handia duela eta hobetzeko lan horretan jarri behar dugu eta horretarako, igandera begira, buruan sartu behar dugu irabazi egin behar dugula.

Joventuten aurkako porrotak eraginik izango du derbian?

Eraginik izaten badu, positiboa izango ote den espero dut. Espabilatzeko eta lehiakor izateko balio behar digu. Joventuten aurkako partida geldialdia eta gero iritsi zen, eta jokalari batzuek molestiekin itzuli dira... Zaila da, baina talde guztiak horrela dabiltza ere. Beraz, igandera begira jarri eta listo!

Gernika Vigon irabaztetik dator eta bederatzigarren dago. Nolako partida aurreikusten duzu?

Partida zaila izango da. Pibot postua oso potentea dute, baina azkenean, nik uste defentsan ez daukagula arazo handiegirik, baizik eta erasoa hobetzen zentratu behar dugu. Beraz, ezin dugu hainbeste baloi galdu; gure lanean zentratu behar dugu.

Lesiotik itzuli berriz, helburu pertsonalik jarri diozu zure buruari?

Egia esan, ez [barrez]. Laguntzea eta osasuntsu egotea. Ia urtebete da asko ez dudala jokatzen eta horregatik, taldeari lagundu nahi diot, besterik gabe. Nik uste lagun dezakedala eta hori baino ez daukat buruan oraintxe bertan.