IRRATIA

Miren Basaras: «Gripe agerraldi hau tipikoa da, urtero heldu izan da»

Gripe garaia izan ohi da negua. Gero eta gehiago dira Euskal Herrian kutsatu diren pertsonak. Miren Basaras EHUko mikrobiologoak, ordea, argi dauka urteroko agerraldi bera dela. Birusaz aritu zen NAIZ Irratian, eta lasaitzeko aski arrazoi eman zizkien kutsatze kopuruarekin kezkatuta daudenei.

Txertoak griperik ez hartzeko edo, hartzekotan, sintomak arinagoak izan daitezen laguntzen du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Gripea gora eta norobirusak behera, kezka sortu du euskal jendartean baten eta besteen intzidentziak. Miren Basaras EHUko mikrobiologoa horretaz mintzatu zen NAIZ Irratian. Haren aburuz, aurtengo egoera ez da bereziki larria: «Urtero bezala gripea gure artean dago, hori ez da arraroa».

Basarasek azaldu zuenez, gripeak «antzeko portaera izaten du beti», baita aurten ere: «Kasu gutxirekin hasi ondoren, igotzen hasten da, gero ailegatzen da gailur batera eta jaitsi egiten da gero». Halaber, aurten ere urteroko sintomatologia bera agertzen ari omen da: sukar altua, nekea eta ondoeza. Oro har, egun batzuetan sendatzen dira gripea dutenak, nahiz eta, aldika, adineko jendeak eta beste gaixotasun batzuk ere badituztenek okerrera egiten duten, ospitaleratzea behar izateraino.

Aldaerei dagokionez ere, berri gutxi aurten: «Urtero ailegatzen diren gripearen birusak A eta B motakoak dira. Bren kasuan azpimota bakarra izaten da, eta Aren kasuan gizakiak kaltetzen dituen aldaerak bi izaten dira: H1 eta H3. Urtero hiru horien artean egoten da. Beraz, ohiko gertaera bezala hartu behar genuke».

Hala ere, Basarasek azaldu zuen badaudela beste azpialdaera batzuk, momentuz, hegaztiei eragiten dietenak. Gizakiak kasu oso gutxitan kutsatu dituzte, eta adierazi du ez dagoela kezkatzeko arrazoirik.

Negua, hedapenaren lagun

«Birusak oso erraz transmititzen dira hezetasun handia dagoen inguruetan eta garaietan, negua horretarako aproposa da, beraz», esan zuen mikrobiologoak. Ohartarazi zuen are errazago hedatzen dela jende asko espazio berean pilatzen denean, norbaitek doministiku edo eztul eginez gero, esaterako, inguruan kutsatu daitekeen jende ugari baitauka.

Norobirusak

Basarasek argi utzi nahi izan zuen gripeak eta norobirusek ez dutela zer ikusirik, lehena arnasbideari eragiten dion birusa baita, eta bigarrenek, aldiz, bide gastrointestinalari.
Mikrobiologoak azaldu du norobirusa, «normalean, elikagai kutsatu bat kontsumitzean edo elikagai kutsatu horiek manipulatzean» hartzen dela.

Parazetamola eta atsedena dira gripeari aurre egiteko errezeta. Basarasek adierazi du birusak eragindako sukarra baretzen duela sendagai horrek, eta atsedena behar-beharrezkoa dela, gripeak nekea eragiten baitu.

Basarasen ustez ez dago pandemia bati buruz hitz egiten hasteko arrazoirik, gripe agerraldia «tipiko» bat delako. Nolanahi dela, aitortu du ez dagoela jakiterik etorkizunean animaliaren batek gizakiak kutsatu dezakeen eta beste pandemia bat gertatu ote daitekeen.