«Konponbide bat eskatzen diegu Sunsundeguiren gainbehera ekarri duten guztiei»
Sakanako Sunsundegui enpresako langile batzordeak manifestazioa deitu du larunbat honetan Altsasun. Enpresaren etorkizuna bermatzeko eskatuko dute. Honen inguruan gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Gaizka Ugarte, LAB sindikatuko kidea.
This browser does not support the audio element.
Hilabeteak aurrera doaz eta Sunsundegui enpresak oraindik ez du inbertsorerik. Langileak aldi baterako enplegu erregulazioko espediente egoeran daude, harik eta otsailean konkurtsoko administratzaileek enpresaren inguruko erabakia hartzen duten arte.
Ondorengo asteak «erabakigarriak» izango direla zehaztu du enpresa batzordeak. Gaizka Ugarte LABeko kideak ohartarazi du «agertoki gertukoena itxiera» dela. Azaldu du egon izan direla eta badaudela «aukera ezberdinak» mahai gainean, baina momentuz ez omen dago proposamen zehatzik. Dena dela, nabarmendu du Sunsundegui «produktua eta merkatua duen enpresa» dela eta izan beharko lukeela aurrera egiteko aukera.
Gainbehera
Enpresa nafarraren gainbehera 2008ko krisialdian hasi zen. Produktuak «errentagarritasun eza» izan duela eta «enpresaren kudeaketa txarrak eta beste enpresa batzuk egoeraz probestu» izanak eraman dutela Sunsundegi egungo egoerara azaldu du Ugartek. «Volvok ardura garrantzitsua izan du. Sakanan ekoiztutako bere produktuak atera dira merkatura, baina prezio oso baxuan. Beraiek atera dituzte etekinak Sunsundeguik galerak zituen bitartean». Horrek «langileen lan baldintzak prekarizatzea» ekarri du, LABeko kidearen ustez. Hori da sindikatuak denbora luzez salatu duena, «enpresaren antolaketa eta gestio arazoak».
Inbertsoreak
«Ez da erraza inbertsore bat lortzea». Kotxe zahar bat erostera joatearekin alderatu du egoera Gaizka Ugartek: «Jende askok galdetzen du eta gero proposamenak ez dira ixten». Langileen batzordeak badaki asko izan direla galdezka ibili diren inbertsoreak, baina zuhurtziaz jokatzeko hautua egin dute «langileei frustrazio gehiago ez sortzeko».
Manifestazioa deitu du langile batzordeak larunbat honetan, urtarrilak 18, Altsasun. «Konponbide bat, alternatiba industrial bat eskatzen diegu egoera hau sortu duten guztiei: Nafar Gobernuari, Volvo enpresari zein aurreko zuzendaritzari».