«Ez gaude negoziatzera itxita baina fiskalitate bidezkoa, progresiboa eta solidarioa nahi dugu»
EAEko Podemosek zuzendaritza gaurkotu du. Iragan den astean irudikatu zuten erreleboa Richar Vaquero koordinatzaileak eta bere albokoa den Maite Gartziak. Gartzia, gainera, Errenteriako Udaleko bigarren alkateordea da. NAIZ Irratian izan da astelehen goiz honetan.
This browser does not support the audio element.
Erreleboa Euskal Autonomia Erkidegoko erreforma fiskala hizpide gauzatu da Elkarrekin Podemosen: baldintza da kapitaleko errentek ez dezatela mesede izan.
EAJk eta PSEk baldintza hori aintzat hartuko al duten galdetuta, Elkarrekin Podemosetik ez daude erabat ziur, baina argi daukatena da eman beharko dela. Hala esan digu Maite Gartziak: «fiskalitate bidezkoa, progresiboa eta solidarioa nahi dugu, behin eta berriz esan dugu eta hori da gure erronka pertsonala. EAJ eta PSErekin negoziatzeko, ez baikaude itxita, baldintza horiek eman behar dira».
Gipuzkoan ponentzia egin zenean, Elkarrekin taldeak abstentziora jo zuen, egiturazko aldaketarik ez zegoela argudiatuz. Zentzu horretan, ostegunean ematekoak diren prentsaurreko batean euren proposamenak zehatzago azalduko dituztela esan du Gartziak, baina errenta eta kapital handiena dutenek gehiago ordaindu behar izatearen ildotik doazela aurreratu du.
EAEko Podemosen koordinazioaren lehentasunei dagokienez, hurrengoak aipatu ditu: «etxebizitza, mugimendu sozialak, gazteak, erreforma fiskala, trantsizio energetikoa... gure taldearen DNAn dauden gaiak dira».
Zirkuluekiko harremana indartzea kanpainako eginbeharretako bat izan zen. Autokritika egin nahi dutela azaldu du Maite Gartziak, eta euren mamia kalean dagoela. Horretarako, joan den astean egindako bilera banatan, taldeak bere jarraibideak markatu ditu, gero, eskutan dituztela, euren zirkuluetara jotzeko. Bilera anitz horien asmoa, dioenez, «entzutea eta hortik ateratako informaziotik elikatzea» litzateke.
Alderdiaren barne antolaketari dagokionez, orain arteko antolaketa eredua da sustatuko dutena: «idazkari nagusi bat izango dugu, ni ondokoa izango naiz. Herritar kontseilu autonomiko bat ere egongo da, 24 pertsonak osatua, eta hortik aurrera lan ildo estrategikoko lan talde batzuk, gure zirkuluak... orain arte Podemosen esentzia izan dena. Zirkuluak, pertsonak eta militanteak, behetik gora».
Erronka anitzak aurretik
Errenterian zinegotzi den aldetik, Euskal Autonomia Erkidegoan eremu tentsionatu izendapena jaso duen lehenengoa izanaren balorazioa egin du. Balantze positiboa da egiten duena; herritik harago, «gazteentzat eta guztiontzat» albiste ona delako etxebizitza eskubidea izatea, eta ez negozioa.
Bestalde, euskara eskakizunak tarteko, epaileek Bizkaiko Foru Aldundiaren Lan Eskaintza Publiko bat errepikatzea eskatu dutela eta, iritzia eskatu diogu Gartziari. Talde moretik euskararekiko duten konpromisoa azpimarratu nahi izan du: «argi eta garbi utzi nahi dut, batzutan esaten digutelako eta niri amorrua ematen dit, ez dugula euskararen alde lanik egiten. Hori ez da egia. Gu euskaldunak gara eta euskararen alde egiten dugu lan». Egin beharreko hausnarketa da, esan duenez, «profil linguistikoak berrikusi» behar direla.
Gure gizartearen beste erronketako bat aipagai, energia subiranotasunaz aritu gara. Trantsizio energetikoari dagokionez, argi daukate Elkarrekin Podemosekoek, «herritarrek bezala», batzuek negoziotzat hartzen duten afera dela hau eta «EAJk ez duela nahi energia konpainiek dagokiena ordaintzea klima aldaketaren aurkako borroka honetan». Gartziaren taldetik uste dute «EAJ, Repsol eta Imaz jauna eskutik doazela». Haientzako hau negozio bat dela esan du, etxebizitza bezala, eta euren enpresak moldatzen dituztela, bide politikoa amaitzean «ate birakariak» aktibatzeko. Taldetik energia enpresa publiko bat defendatzen dutela dio, eta tartean interes ekonomikoak dituztenak ez direla eredu hori bultzatzeko prest egongo.
Lanari dagokionez, eztabaida dago jardunaldiaren iraupenaz eta horren murrizketaz: «gure apustua da 30 ordukoa izatea, ez 37 ordu eta erdikoa, gurean askotan gertatzen den bezala». Ulertzen du gauzak ez direla gauetik goizera aldatzen, baina uste du badela garaia Espainiako Estatu mailan dagoen «akziorik eza eta paralisia» iraultzeko eta kontziliazioa bultzatzeko. Izan ere, «bizitzeko lan egin behar dugu, eta ez alderantziz».
Amaitzeko, eta III. Errepublika nola lortu behar den hausnartuta, bozketa bidezko herri prozesu bat zabaltzearen alde agertu da EAEko Podemoseko koordinatzaile albokoa. Horretarako tresnak bideratu beharko direla dio.