IRRATIA

«Elkarlanak eraman gaitu garaipenera»

Auzapez abertzalea izango da aurrerantzean Ahetzen. Lehen itzulian bigarren indarra izan ostean, bigarren honetan boto gehien jaso ditu. Garaipenaren balorazioa egiteko NAIZ Irratian izan da Ramuntxo Labat, Ahetzeko auzapez berria.

Ramuntxo Labat, Ahetzeko auzapeza, bozkatzen. (Guillaume FAUVEAU)

This browser does not support the audio element.


Philippe Elissaldek udalbatzaren babesa galdu ostean deitu behar izan dituzte hauteskunde aurreratu hauek. 471 botorekin irabazi ditu hauteskundeak Ramuntxo Labat abertzalearen taldeak. 193 boto izan ditu aurreko alkatearen babesa zuen Ahetze Bihotzetik zerrendak eta 387 Ramuntxo Goietxek gidatutako Ahetze Zuekin zerrendak.

Auzapez berriak argi du «lan kolektiboari esker» lortu dutela garaipena. Testuinguru berezian egin behar izan dute kanpaina, Eguberri garai bete-betean. Beste taldeek, «beldurtu» egin direlakoan, sare sozialetatik egin omen dute kanpaina. Udal talde berriak, kontrara, «herritarrengana hurbildu» direla azaldu du Labatek. «Elkarlan bat eraman dugu aurrera eta hortik dator gure garaipena».

Lehentasunak

Agintaldia ohi baino laburragoa izango da, datorren udaberrian berriro jo beharko baitute bozkatzera. Hala ere, aurtengo lehentasunak aski finkatuak dituzte dagoeneko. Auzapez berriak azaldu duenez, «langileekin harrremanak sendotzea» izango da helburu nagusietako bat. «Herriko etxean zegoen giroarengatik askok alde egin dute gure herritik eta hori ez da seinale ona». Herriko merkatuak ere hartuko du zentralitatea hurrengo hilabeteetan. «Merkatua mantendu eta hobeto antolatzeko» asmoarekin elkarlanera joko dute berriro ere. «Euskarari behar den tokia» emateko «eskola publiko zein ikastolaren geroa gaurdanik» nahi dute ziurtatu. Beraz, Ahetzen ikastola txiki bat lortzeko intentzioa ere adierazi du Ramuntxo Labatek, «tokia badagoelako denentzat».