IRRATIA

San Tomaseko begiraden erdigune izateko prest dago Kaxilda «kuxkuxeroa»

«Jan eta lo». Horiek dira aurtengo Donostiako San Tomas azokako izarraren jarduera gustukoenak. Kaxilda da aurten Donostiako Konstituzio plazan izango den txerria. Arantzeta baserriko Peio Bilbao da ordea, «mimo bereziarekin» hazi duena.

Peio Bilbao, ederki mimatu duten Kaxildarekin batera. (Gorka Rubio | Foku)

This browser does not support the audio element.


Arantzeta Baserriko Peio Bilbaok jaso du, Basatxerri kooperatibaren bitartez, Donostiako San Tomas azokako txerri ospetsua hazteko ohorea eta ardura. Naiz Irratiari Elgetan kokatuta dagoen Arantzeta baserriko ateak ireki dizkio, eta bere adiskideak paseo bat ematera joan diren bitartean, azokarako prest dagoen Kaxilda azkar gerturatu da kazetariarengana, lehenik goitik behera begiratu eta jarraian usaintzeko, nolabaiteko ongi etorria emanez bere erreinura. «Oso kuxkuxeroa da. Ikusten duzu zelan datorren guregana. Usaindu, begiratu, denbora guztian besterik ez du egiten», azaldu du Bilbaok.

Kaxildak 20 hilabete inguru ditu, eta 390 kiloetatik gertu dago. Kanadiar jatorrikoa den Duroc arrazako txerri puska da, «mendian ibiltzeko aproposa», nahiz eta Bilbaok dioen bezala, pisua hartu ahala paseotxo luzeak emateko ohitura galdu duen, «asko nekatzen da eta kostatzen zaio bueltatzea. Orduan bera be ez da urruti joaten etxe ingurutik». Bizi ohitura lasaiak direlako Kaxildak gustuko dituenak; «jan eta lo» baserritarrak dionez. Soja, artoa eta garia daude bere dietako elikagai nagusien artean, baina baita etxaldetik gertu jasotako intxaurrak ere, besteak beste.

«Mimo bereziarekin hobeto hazitako» txerria dela nabarmentzen du Bilbaok, eta esan beharrik ez badago ere, gorena da Duroc arrazako animalia honen kalitatea, «okela oso ona ematen du. Infiltrazio oso handia dauka eta horretara dedikatzen gara gu, txerri kalitate oso ona ateratzera». Gaur gaurkoz, legeak hala aginduta, San Tomaseko azokatik hiltegira joango da Kaxilda. Penari aurre egin ahal dionak jakin dezala akaso Urbia mendiko fondan animalia eder honek emandakoa dastatzeko aukera egongo dela, hori ere kudeatzen duelako Bilbaok emaztearekin batera.

Animaliarekiko begirunea

San Tomaseko txerriak miresmena erakartzen du beti, baina baita oraindik ere jarrera desegoki asko ere. Zentzu horretan, honakoa gogorarazi dio herritarrari Bilbaok: «jendeak errespetatu behar du txerria. Beti gabiz animalien eskubideen alde eta guk txerriak hazten ditugun heinean, beti da ahalik eta hoberen egitea gauzak». Hortaz, ahaztu Kaxilda ukitzeaz, gaixotasunak hortxe daudelako baita hozkada bat jasotzeko aukera ere.

Gizartea asko aldatu da, baita San Tomaseko azokaren izaera bera ere. Animaliak salerosten eta zozkatzen ziren lehen, orain garai bateko ohituren erakusgarri baino ez da hori. «Alde batetik gauzei buelta larregi ematen jako. Baina ondo ikusten dut ere animalia eta pertsonen arteko errespetua mantentzea. Ondo ikusten dut ere egia esan ez zozkatzea, ez duelako amaiera ona edukitzen okela asko alferrik galtzen delako», adierazi du Arantzeta baserriko Peio Bilbaok.