IRRATIA

«Adimen Artifizialak ezingo du kazetaritzaren bitartekaritza eta interpretazio lana ordezkatu»

Adimen Artifiziala albiste da, eta kazetaritzan ere eragina izango du seguruenik. Gehiago jakin nahian, Miren Berasategirengana jo dugu NAIZ Irratian. Deustuko Unibertsitateko komunikazio graduko irakaslea da bera.

Adimen Artifiziala hizpide izan da azkenaldian, baita kazetaritzaren inguruan ere. (EUROPA PRESS)

This browser does not support the audio element.


Esparru guztietan bezala, kazetaritzan ere izan du sarkundea eta eragina Adimen Artifizial sortzaileak. «Lan errepikakorrak, automatismotik egiten ditugun horiek» ordezkatzea du helburu, Miren Berasategik NAIZ Irratian azaldu duenez.

Aipatutakoa tresnaren aritzeko moduetara egokitutako erabilpen bat litzateke baina, praktikan, sormen lanaren parte handi bat delegatzen goaz tresna horietara. Kazetari eta irakasleak ohartarazi du azken erabilera hori ez dela hain egokia, adimen horien funtzionamendua ez baitago horrelako jardueretan aritzera bideratua.

Hain zuzen, dagoeneko izan dira saiakerak, Adimen Artifizialak sortutako artikuluekin edota irratsaioekin. Komunikazioaren munduan zein edozein jardueratan horrelako tresna bat sartzeak badu zalantzazko elementu bat ikuspuntu deontologikotik.

Batez ere, funtsera joanda, onartzen badugu kazetaritzaren egitekoa «audientziaren eta errealitatearen arteko bitartekaritza lana» egitea dela, norbanakoak tresnak eta informazioa izan ditzan egunerokoan gauza txiki zein handietan erabakimena eskuratzeko.

Bitartekaritza lan hori hizkuntza tresna hauen bitartez bideratzeak «utzikeria kutsu bat» duela zehaztu du Berasategik, bitartekaritza hori delegatzen delako. Kontuan izan behar da hizkuntzaren formarekin aritzen direla, eta ez funtsarekin, alegia, «ez dute esanahirik ulertzen edo moldatzen».

«Hizkuntza formala kudeatzeko gai dira, estatistikoki oso era onargarrietan», jarraitu du. Hori dela eta, «sinesgarri egiten zaigu, baina badakigu sinesgarri den orok ez duela kazetaritza eduki izateko nahikoa entitaterik. Ezingo lukete tresna hauek ordezkatu kazetaritzaren bitartekaritza eta interpretazio lan hori».

Erosotasunetik galderetara

Akaso adimen artifizialaren erabilgarritasuna erdibideko lanetan egon daiteke gehiago: audio baten kalitatea hobetzean, nazioarteko albiste baten inguruan itzulpenen bitartez informazio gehiago jasotzean edo diseinu arloan proposamenak jasotzean.

Tarteko lan horietan badira dagoeneko erabiltzen diren erreferentziazko tresnak baina, Berasategiren ustez, itzultzaileei galdetuko bagenie ere, «seguruenik esango lukete itzulpenerako erabilera hori ere ez dela oso egokitua».

Tresnok hizkuntzarekin dabiltzan neurrian, galdu egiten dira xehetasun eta ñabardura asko. Izan ere, ez daukate gaitasunik hitz batek esanahi formalaz gain zer transmititu nahi duen bereizi eta hori modulatzeko.

Ondorioak ere baditu horrek: kontatu digu adituak halaxe irakurri diola Igone Zabalari '31 eskutik' blogean. Lanabes horiek lan automatizagarrietarako erabiltzeak sortzen duen sedentarismo kognitiboaz ohartarazi du azken horrek: «ohitura hartzen goaz ariketa kognitibo horiek nolabait delegatzeko, eta horrek gaitasun kognitiboak atrofiatzen ditu neurri batean. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta menpekotasun gehiago edo gaitasun gutxiago nork bere kabuz lan horiek egin eta gai batzuek behar duten sakontasuna edo xehetasunen zaintza hori emateko».

Teknologia berriek erredakzioetara ekarri izan dituzte lanpostu berriak. Baliteke hemendik aurrera ere beste batzuk ekartzea, baina erredakzio lanean ere beharko da tresna hauek non, nola eta zertarako kokatu jakitea, eta gaiari buruzko galderak egitea kazetaritzatik, esparru publikoan kokatzeko.