IRRATIA

Lasarteko hipodromoa Donostiako aerodromo militar inprobisatua izan zen

Behin behineko aerodromoan eraikitako zazpi nitxoko hangarretik bost geratzen dira gaur egun Lasarteko hipodromoan. Eraiki zen erregai biltegia ura biltzeko gordailua da egun, eta munizioa gordetzeko eraiki zen bilegiak  egun ez du erabilpenik, lurrez estalita dago, eta ezinezkoa da sarrera.

 

Espainiako Gobernuak Afrikako gerrarako erosi zituen hegazkinak, 1921 (Ricardo Martin | Jabetza publikoa)

This browser does not support the audio element.


Gerrek eta Donostiako hipodromoak lotura estua dute. Europako hipodromoen itxiera Europako Lehen Mundu Gerrarekin etorri zen, Estatu Frantsesa zaldi-lasterketak egiteko esparrurik gabe geratu zen. Horiek hala, Georges Marquet ostalaritza sektoreko enpresari nabarmen frantsesa, zein Donostiako Hotel Continentalaren jabeak, Alfonso XIII.-a espainiar erregeari proposatu zion hipodromoaren eraikuntza. 1916.urtean izan zen hori. Luis Elizalde arkitektoak diseinatu zuen hipodromoa eta gerrak iraun bitartean zaldi ugari gorde ziren han, eta oso aktiboa egon zen hipodromoa. Gerra amaituta, zaldien ordez, hegazkinak hasi ziren iristen Lasartera, 1919an lur hartu zuen lehen hegazkinak.
 
Marokoko altxamendu faxistaren ondorioz, baina, aisialdirako zen aerodromoa, egun batetik bestera, eginkizun militarrak hartu zituen.  Gipuzkoa osoan ez baitzegoen hegazkinak lurreratzeko toki egokirik eta «zaldien pista luzea zenez, egokia zen hegazkinentzat», hala azaldu digu Shole Agirrek. Bere familiaren historiak lotura zuzena du Donostiako aerodromoarekin.

Errepublikanoek denbora tarte gutxiz erabili zuten aerodromoa eta Shole Agirreren amak eramaten zien bertan zeuden milizianoei janaria, bizilagun batek salatu zituen eta pairatu zituen ondorioak. Aita ere, Angel Garro, salaketen biktima izan zen. Buruntza eta aerodromo arteko telefono linea jarri zuen, eta «dinamitaren inguruan zuen jakintza» baliatu zuen Guardia Zibilak aitzakia gisa. 1934an, Asturias eta Galizia artean ibili zen bertako trenbideetako tunelak sortzen.

Aerodromoa Frankisten esku egon zelarik, ez zuen erabilpen handirik izan. Shole Agirreren familia Oriara itzuli zenetik, utzita gelditu zen txokoa. Koldo Salinasek gunearen oroimena aldarrikatu du, baina bereziki oroitzapenak idatzita uztearen garrantzia.

«Garai hartan aerodromoa ibiltzen zuten hegazkinen hegal paraleloko hegazkinak ziren, eta jende asko biltzen zen aerodromoaren bueltan: motor mekanikoak, hegazkin margolaria, pilotuak...» azaldu du Koldo Salinas antropologoak. Hasieran errepublikanoen erabili zuten aerodromoa baina irailaren 13an faxistak Gipuzkoako hiriburua hartu eta biharamunean bi hegazkin frankistek hartu zuten lurra.

Gaur egun, hipodromoa bisitatzen duenak ez du antzemango garai batean paraje horretan aerodromo bat izan zenik. Baina arrastoak egon badaude: Hegazkinen hangarrak bere horretan jarraitzen dute, baita biltegiek ere. Hipodromoari erabilpen militarra eman zitzaionean muniziorako biltegi bat ere sortu zen. Gerra bukatu eta 1940an hipodromoa bere ohiko funtzioetara itzuli zen, eta kudeaketarako sortu zen 'Sociedad Hipódromo de San Sebastián'.