IRRATIA

‘Balak airean’ EP berriarekin zuzenekoak martxan ditu Pi.L.T. taldeak

20 urte pasa dira ‘Game over’ atera zela eta, udan zuzenekoetara itzuli ostean, lan berriarekin datoz bizkaitarrak. Sei bala dira diskoa osatzen dutenak eta lau horiek jaurtitzen dituzten musikariak: Aitor Abio, David Gonzalez, Rafa Rueda eta Jose Manuel Sampedro ‘Xanpe’.

20 urteko isilunearen ostean ‘Balak airean’ diskoarekin itzuli da Pi.L.T. (Eider ITURRIAGA)

This browser does not support the audio element.


Sei abestiz osatutako lana aurkeztu ziguten duela pare bat aste MusikHaria saioan Pi.L.T. taldeak. ‘Balak airean’ du izena eta kilometro zero filosofiarekin egin dute guztia, etxean, Xanperen Koba Estudioan grabatu baitute. Azaleko argazkitzarra ere haiena da, Aitor Abiok egina, eraikinekin perspektibekin duen sentsibilitatea baliatuz sortua.

Mundua doan abiadura zoro honetan bala galduak bailiran agertzen dira diskoari izena ematen dion kantuan. Crescendo batekin, energiaz beteta eta Aitor Abioren teklatuen soinu ezagunekin osatzen da kantua. ‘Banpiroak’ dator segidan, taldearen hastapenetara eramaten gaituzte nolabait ere, dinamikarekin eta abiadurarekin jolasten dute. Sare sozialez eta itxurakeriaz hitz egiten duen abestia da.

‘Katuarena’ oso berezia da, oso zinematografikoa. Soinu garbia, chorusaren erabilera gitarran… gero bigarren erdian topatuko dugun sekulako eztanda sonikoaren kontrastean. Forman daudela erakusten dute abesti honekin Pi.L.T. taldekoek. ‘Garai honetan’ singlea izan zen lehendabizikoa, frankestein popero bat, epikotasuna, freskotasuna eta askatasun egarria dituena. «Izan nahi eta garenaren arteko aldea» aipatzen dituen abestia, berriz ere itxurakeriari aipamena eginaz. 

‘Eskua’ abestian metal klasikora egiten dugu salto, nahiz eta gerora rockak protagonismo gehiago duen eta melodikotasuna nabarmena den. Egoera ilun batetik irten nahian dabilen norbaiten istorioa iradokitzen digu sekulako egurra emanaz. ‘Oraindik ez dakizun arren’ kantuarekin bukatzen da diskoa, elektronikak tempo lasaian presentzia handia duen abestia. ‘Balak airean’ aipatzen da kantu honetan berriz eta nolabait ere diskoaren zirkulua ixten duen kantua dela esan daiteke. 

Zuzenekoak Azpeitian abiatu zituzten aurreko hilabetean eta abenduko bakarra bihar, hilak 14, Lizarrako La Bota Peñan eskainiko dute. Urtarrilean etorriko dira Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Arrasateko kontzertuak eta, udaberrian, Bartzelona, Gernika, Logroño eta Valentziakoak. Sasoiko datoz, beraz, Pi.L.T. taldekoak.