Emaginen Elkartea: «Oso larria da ESI batetik bestera dagoen kudeaketa ezberdintasuna»
Euskadiko Emaginen Elkarteko ordezkariak Gasteizko Legebiltzarrean egon dira bizi duten egoeraren berri emanez. Osasun arlo guztian bezala profesional faltaren berri eman dute. Honetan sakontzeko NAIZ Irratian izan dira Leire Ascargorta eta Alaitz Garitaonandia emaginak.
This browser does not support the audio element.
Europan, 10 mila emakumeko 9,1 emagin baldin badaude, Euskal Autonomia Erkidegoaren datua 3,81ekoa da. Leire Ascargorta eta Alaitz Garitaonandia emaginek uste dute «pertsonal falta kudeatzeko moduaren» ondorioa dela gaur egungo egoera. Azaldu dute ESI bakoitzak erabakitzen duela zelan kudeatu pertsonal falta eta horrek toki batetik bestera «ezberdintasun oso handiak» dakartzala, «bai arreta jasotzen duten emakumeentzako eta baita langileen lan baldintzetan ere».
Orain, gainera, duela aste batzuk sinatu den emergentzietako zerbitzuetako lan baldintzen instrukzioa Osakidetzako sektore guztietara ez zabaltzea «oso larritzat» jotzen dute. «Emergentziazko zerbitzuan ordezkapenak betetzeko erizain nahikorik ez dagoen moduan, ez dago ordezkapenak egiteko emagin nahikorik ere. Denok ditugu arazo berdinak, beraz instrukzioa berdina izan beharko litzateke denontzako».
Urteetan zehar izan dituzten kexa eta eskarien aurrean entzungorrarena egiteaz kexu agertu dira Ascargorta eta Garitaonandia. «Azken hilabeteetan gutxinaka aurrera pausoren bat» ematen ari direla adierazi dute. «Entzuten gaituzte, baina egunerokotasunean momentuz gauza handirik ez dugu nabaritu».