IRRATIA

«Hezkuntza sistema publiko eta komunitarioa helburu, ezinbestekoa ikusten dugu independentzia»

Laur urteren ostean, unibertsitatera egingo du salto Ikama antolakundeak. Lanbide heziketan ere jardungo du aurrerantzean. Elementu hauek dira II. Kongresuko gakoetako bi. Ponentzia aletzeko NAIZ Irratian izan dira Ikamako bi bozeramaileak: Aimar Loiti eta Garazi Ubiria.

Aimar Loiti eta Garazi Ubiria, Ikamaren bozeramaileak (Naiz Irratia)

This browser does not support the audio element.


Azken urte honetako kongresuko eztabaida prozesuari amaiera emateko Ikama ikasle antolakundeak ekitaldi nazionala egin du Durangon, besteak beste unibertsitatera salto egingo duela iragarriz. ‘Ihaurri’ ponentzia aurkeztearekin batera, 2025eko martxoaren 20an ikasleak mobilizatzeko deia egin du.

Ikasle antolakunde ezkertiar, independentista eta feminista gisa definitzen du bere burua Ikamak, eta bere proiektua: Euskal Hezkuntza Publiko eta Komunitarioa, Garazi Ubiria bozeramaileak azaldu duenez.

Duela lau urte sortu zen Ikama, eta lehen kongresu honetan testuingurura egokitzeko zenbait aldaketaren beharra ikusi dute. Horietako bat hezkuntza eremu osora hedatzea. Horretarako lehen pausua unibertsitateetan ere antolatzea izango da Aimar Loiti bozeramailearen esanetan. «Nahiko baldintza genituen sortuak unibertsitateetara salto egiteko eta hori da egingo duguna, sinesten dugun hezkuntza sistema horretara norabidetzeko asmoarekin hezkuntzako espazioetara zabaldu».

Euskal currikulumaren gabeziak euskara eta euskal kulturan ondorioak nabariak dauzkala uste du Ikamak. «Euskaldunduko duen eta euskaltzalea izango den hezkuntza sistema eraikitzea» dagokigula dio Loitik, eta horretarako «garrantzitsua» dela «euskal administrazio desberdinetan burujabetza kuota handiagoak eskuratzea».

Martxoak 20

Mugimendu ultren eta faxismoaren gorakada ere arduraz bizi du ikasle antolakundeak. Garazi Ubiriak zehaztu du hezkuntza sistema ez dela horren aurrean «isolaturik» geratzen. Horren adibide gisa ikasturte honetan gertatutako Leioako irakasle «faxistaren» kasua. Ikasleek emandako erantzun «mundiala» azpimarratu du. «Argi dugu ez dugula ikasle ez irakasle faxistarik onartuko».

Durangoko ekitaldi nazionala baliatu zuen Ikamak martxoaren 20an mobilizatzera deitzeko. Nahiz eta zehaztasunak aurrerago emango dituzten, «aldarri zentrala independentzia» izango dela aurreratu dute bozeramaileek. «Amesten, nahi eta behar dugun hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko ezinbestekoa dugulako independentzia».