«Sustraiak auzoan, euskaratik eta euskaraz ikusten dugu etorkizuna»
60 urte beteko ditu Bilboko Santutxu auzoko Karmelo Ikastolak. Euskara eta auzoa oinarrian, harriz harri eta pausoz pauso auzolanean eraikitako proiektua. Azaroaren 29an hasiko den egitarau oparoa osatu dute. NAIZ Irratian izan da Karmele Aurrekoetxea, ikastolako guraso, irakasle eta ikasle ohia.
This browser does not support the audio element.
Gelatxo bat, alfonbratxo bat, Itziar Sarrionaindia lehenengo irakaslea eta proiektuaren lehenengo urratsak.
1964. urtean sortu zen Bilboko Santutxu auzoko Karmelo ikastola, euskarari bizitzen uzten ez zioten garaian. Egoera arduraz bizi zuen guraso talde bat hasi zen umeak euskaraz ikasi eta bizitzeko proiektu bat nola abiatu pentsatzen, eta baita lortu ere. Karmele Aurrekoetxeak azaldu du «etxez-etxe» ibili zirela familia bila. «Lokal falta zutela eta, Karmeldarrek gelatxo bat eskaini zieten. Horrela hasi zen Karmelo Ikastolaren sei hamarkadetako ibilbidea».
Urte luze eta bide «aldapatsu» honetan, oztopoz oztopo, «aldaketa asko» izan dituztela dio Aurrekoetxeak, baina hala ere «proiektuari eusten» asmatu dutela: «auzoko familia euskaldunentzat arnasgune sendo bat izatea». Euskara du ardatz nagusi eta «sustraiak auzoan».
60. urteurren honetarako hamaika ekintza antolatu dituzte. Lehenengoa azaroaren 29an: Karmelo Ikastolan hasi eta Karmelo plazan amaituko den kalejira.