«Eraisketa arkitektoniko batetik harago, eraisketa ideologiko bat eskaini nahi genuen»
Esangura politiko handiko akordioa iragarri zuten joan den astean Nafarroako indar aurrerakoiek, Erorien Monumentuaren izaera frankista aldatzea ekarriko duena. Gaia jorratzeko, EH Bilduren Nafarroako arduradun politikoa, Miren Zabaleta, izan dugu NAIZ Irratian.
This browser does not support the audio element.
EH Bildu, PSN eta Geroa Bai taldeek erdietsitako akordioaren ondoren, ez dute eraikin osoa eraitsiko, memoriaren aldeko 30 taldek azken urteotan eskatu bezala. Horren ordez, esanahia aldatzearen aldeko apustua egin dute, eta askatasunaren eta demokraziaren aldeko espazio bilakatuko dute.
Inguruan denetik entzun duela esan du Miren Zabaletak NAIZ Irratian, baina oro har albiste on bat bezala hartu dela behingoz, 82 urte eta gero, Iruñeko bihotzean dagoen monumentu horretan esku hartu izana, egunotan sortu diren hainbat eztabaida kezkaz bizi izan badira ere.
«Akordio historiko» gisa iragarri zuten, aspaldian ez aurrera ez atzera zegoen gaia izaki. Denbora erreferentziari begiratuz gero, «historiko» hitza erabat erabilgarria dela dio kasu honetan: «Bi helburu jarri genizkion gure buruari, egoera behingoz desblokeatu eta irtenbide bat eskaintzea orain arte posible izan ez den horri; eta eraisketa arkitektoniko batetik harago, esku hartze horrek eraiste ideologiko eta politiko bat eskaini behar ziola monumentu horri». Hala baimentzen du akordio honek, haren aburuz.
Inpugnazio ariketa «ahalik eta zabalena» egitea dute helburu, frankismoarena eta horrek faxismoarekin izandako loturarena. Horretarako gehiengoekin akordio zabalak behar egin beharra dagoela esan du Zabaletak, parean daukagun eskuinaren indarra ahaztu gabe.
Azken urteotan eraikin horri gorazarre egiteko eta daukan arkitekturarekin mantentzeko mugimenduak egin izan ditu aipatu sektoreak, eta gertakarion aurrean «etorkizunerako ekarpen bat egitea» du asmo EH Bilduk, «belaunaldi berriei utzi beharreko ondarea zein den hausnartuta».
Dena den, aspaldiko eztabaida izan da monumentua eraitsi ala izaera aldatu, eta bigarren aukera horren ingurukoa da azkenean akordioa. Baina ez erabat, edo ez bakarrik behintzat: «Konbinazio bat da, hainbat elementu eta sinbologia eraisteko apustua egiten baitu, eta gainditu egiten du eraistearen planteamendu hutsa, eduki bat ere sartzen diolako».
Desadostasunak eta elkarguneak
Jakina da memoriaren inguruko hainbat kolektibok ez dutela akordioa begi onez ikusi. Hasteko, eta desberdintasunak desberdintasun, mugimendu memorialistaren zabaltasuna zein aniztasuna aipatu ditu, eta eskerrak eman dizkie elkarte guztiei urteotan ahanzturaren harresi hori botatzeko egindako lanagatik.
Ari dira haiekin hizketan, eta Zabaletak azpimarratu du herritarrei hitza emana zietela irtenbide politiko bat emango zutela, atzeko karga emozionala ezagututa. Hori dela eta, sinetsita dago horretarako bidean eragile desberdinekin «elkar ikusiko dutela» eta elkarrizketarako abagunea egongo dela.
Sinboloak sinboloekin borrokatu
Aipatu aldaketekin batera, Maravillas Lamberto izeneko interpretazio zentro bat sortzea planteatzen du lortutako akordioak, eta horren harira UPNko Sanchez de Muniainek berriki esandakoak berreskuratu ditugu Zabaletarekin. Izan ere, memoriaren aldebakarreko aitortza egiten duelako ustea dauka, «aurkako bandoko pertsona errepresaliatu bat» omenduko delako orain.
Elkarrizketatuaren aburuz, «primeran» laburtzen dute adierazpenok eskuinak pentsatzen duena, eta parean daukagunaren tamainan jartzen gaitu: «Deialdi bat izan beharko litzateke ezkerraren eta demokraziaren alde gauden herritarrak biltzeko. Maravillasi egindako erreferentzian esaten du beste bandokoa zela, baina 14 urte zituen neskato batez ari gara, fronterik ez zegoen herri batean bortxatu eta erail zutena. Beraz, uste dugu beste bandokoa zela esatea izugarrikeria dela».
Interpretazio zentro berri horretarako Maravillas Lamberto neskatoaren izena hautatu izanaren zergatia ere azaldu du: «Badakigu monumentu hau gerrari eta frankismoari gorazarre egiteko eraikia izan zela», azaldu du, «eta uste dugu sinboloak sinboloekin borrokatzen direla. Maravillasen sinboloak ezerk baino hobeto irudikatzen du gerran eta frankismoan hemen gertatu zena».
Memorian aurrera urratsak
Memoria kontuetan indar aurrerakoien artean eta bereziki PSNrekin ikuspegi komunik dagoen ala maiz urruti topatzen ote diren galdetuta, akordio politiko honek «hausnarketarako parada» eskaintzen diela pentsatu nahi du Zabaletak.
Gainera, monumentu honen inguruan sortutako zarataz harago, uste du mundu mailan «ezinbestekoa» dela gutxiengoen artean fronte komunak eraikitzea eta balio komunak erdiestea, Europatik eta Estatutik datozen mehatxuen aurrean.
Nafarroako motibazio politikoko biktima ezberdinen aitortzak ere nabarmendu ditu. Horrek hurbileko gatazketan egondako egoeren inguruko «irakurketa osagarriak baimentzen» dituela adierazi du, eta norabide horretan lanean jarraitu beharko dutela gaineratu.
Urteak dira, dagoeneko, PSNrekin nolabaiteko bide komun bat egiten ari direla EH Bildutik. Denbora horretan, ari dira gai tabuak apurtzen. Izan ere, bide banatze bat ematen ari da eskuinaren eta gehiengo aurrerakoiaren artean, eta Nafarroako EH Bildutik ere arraunean ari dira, «gauzak norabide berrietan arakatzen».
Amaitzeko, euskarari dagokionez ere bere balorazioa eskaini digu Miren Zabaletak. Eskubideak ezin direla zonifikatu esan zuen Laura Aznalek politika orokorreko plenoan, baina prest al dago PSN arlo horretan ere aldaketa egiteko?, galdetu diogu.
Bada, Nafarroako EH Bilduren arduradunak esan du «gero eta agerikoagoa» dela lurraldean euskararen auziak egiturazko aldaketa sakonak beharrezkoak dituela, eta «berandu baino lehen» horri heltzeko unea ere iritsiko dela.
Ideia hori borobiltzeko erantsi duenez, Nafarroaren demokrazia, berdinzaletasuna zein aniztasuna denen ahotan dauden une honetan, «ezinbestean» euskarak horren guztiaren erdian dagoen balio bat izan beharko du.