IRRATIA
Interview
Dabid Lazkanoiturburu
Kazetaria

«Gaur egun su txikiak izugarrizko sarraskia eragin dezake»

‘Un mundo en pie de guerras’ da Dabid Lazkanoiturbururen lehen liburua. Egungo geopolitikaren ikuspuntua eskaini digu GARA egunkariko mundua saileko kideak. Honen guztiaren inguruan hitz egiteko izan da NAIZ Irratian.

Familia errusiar bat, frontetik San Petersburgora eraman duten ukraniarren tanke bati begira (Europa Press)

This browser does not support the audio element.


Nazioartean gehiago murgiltzeko iritzi aproposa da GARA eta NAIZ hedabideetako ‘Mundua’ sailera gerturatu eta bertan kontsulta egitea. Kontsulta egiteko gidaliburu aski aproposa plazaratuko du ostegun honetan Dabid Lazkanoiturburu lankideak, ‘Un mundo en pie de guerras’ izenburupean.

Azken egun hauetan, geopolitika eta nazioartean eragin nabarmenena izan duen albistea Ukrainak jaso duen distantzia luzeko misil estatubatuarrak erabiltzeko baimena izan da. Analisi askorako eman du honek, baina bada lerroburu esanguratsuetako bat: hastear ote den III. Mundu Gerra. Hau aipatu edo azpimarratzea gehiegizko zozokeria bat da ala badu errealismo puntu bat?

Alarma puntu bat eduki badauka eta uste dut oso adi egon behar dugula. Batez ere, gero eta beligeranteagoa den mundu honetan. Beste gauza bat da, nire uste apalean behintzat, datorren urtean izan daitekeen negoziazio baterako mugimendu bat dela alde bakoitzaren posizioa indartzeko edo posizio indartsuago bat edukitzeko. Dena dela, kontu handiarekin ibili beharra dago. Suarekin dabilena erre egin daiteke.

Ukrainako gatazkak noiz arte jarraitu dezake? Negua dator. Honek nolako eragina izaten du gatazka beliko honetan?

Liburu honetan Ukrainari buruzko kapitulu luzean aipatzen dut: negoziazioa bai, baina non eta zeri buruz? Gerra oro amaitzen da negoziazio batekin. Gaza utzi dezagun alde batera, hori ez baita gerra, hori genozidio hutsa da. Baina gerrak normalean negoziazio batekin amaitzen dira. Amaitu edo, behintzat, izoztu. Uste dut datorren urtea izan daitekeela erabakigarria horretan. Kontua da, gaur egun, Errusiak daukala iniziatiba eta AEB eta mendebaldea Ukrainaren posizioa sendotu nahian dabiltzala nolabait, jakinda ere beraien laguntzarik gabe Ukrainaren porrota asteetako edo hilabeteetako kontua izango litzatekeela.

Une honetako gatazka handienak Ukraina, Gaza, Taiwan eta Sudanen kokatzen dira. Diote mundu gerra bat hastekotan sorburua Taiwan izango litzatekeela, Txinaren eraginez. Teoria hau errealista delakoan zaude?

Hori askotan aipatzen da, batez ere gatazka nagusia hegemonia aldetik AEBren eta Txinaren artekoa delako. Hortaz, Taiwan da irla bat, nahiz eta txikia izan, guztiz estrategikoa dena. Bai ekonomikoki eta baita geografikoki ere. Kontua da, nik uste, Txinak baduela asmoa Taiwan bereganatzeko uste duelako Taiwan Txinaren parte dela. AEBk, nahiz eta hori ez ukatu, erabiltzen du Taiwan Txina nolabait ahultzeko joko geopolitiko arriskutsu baina errealista batean.

Liburuaren titulua ‘Un mundo en pie de guerras’ da; lerroburu hau ez da oso pozgarria. Kezka sentitzen duzu munduaren etorkizunarekiko?

Bai, noski. Gaur egun bizi dugun egoera oso kezkagarria da. Esan behar da beti egon direla gerrak eta beti egon direla krisi larriak. Hala ere, uste dut gaur egungo egoeraren desberdintasuna dela ezin daitekeela aurrez jakin, ‘imprevisiblea’ dela. Izugarrizko nahasketa dago, inork ez daki zein dagoen non (AEB eta Txina kenduta). Izugarrizko mugimenduak daude eta esango nuke su txikiak eragin dezakeela izugarrizko sarraskia.

Gatazka hauen guztien erdian Euskal Herriko rola zein den ezezaguna izan daiteke. Diskrezioa nagusi den arren, Euskal Herriko armen industriak nolako lotura du nabarmentzen dituzun gatazkekin?

Industria militarrak zerikusia du gatazka guztiarekin, industria delako eta saldu egin behar du. Ez naiz batere aditua gai horretan, baina esango nuke galdera dela Israeli armak saltzea baino Israeli armak erostea ez ote den arazoa. Dena den, Euskal Herrian bakezaletasuna eta negoziazioa aldarrikatu behar ditugu. Negoziazioa da erronka eta irtenbidea gatazkak konponbideak jartzeko.

Esku-hartze honek gurean eraginik izan al dezake?

III. Mundu Gerrak gugan eragin zuzena duela argi dago, nahi edo ez, Mendebaldean gaudelako. Ez nintzateke ausartuko hori esatera, baina ez dut uste Euskal Herria horretan aitzindari denik.

Antzeko zentzuan, gertutasunagatik gatazka belikoak gorantz badoaz, Rotako hegazkinen base militarra helburua izango litzateke?

Ez dakit horri erantzuten. Izan daiteke. Hala ere, esango nuke helburu gertuagoak izango direla han inguruan. Askotan aipatzen da Moldavia, adibidez. Gerra nuklear edo III. Mundu gerraren inguruan ari dira hitz egiten, Errusiaren eta AEBren arteko talkaz. Uste dut mugatua egongo litzatekeela gehiago Europa ekialdean edo Europa zentralean, baina nork daki?

Palestinarren aurkako oldarraldiak ez dauka etenik. Orain arteko ustea zen II. Mundu Gerra ostean ezarritako entitateak baliagarriak izango zirela. Nolatan egin dute huts gatazkak eteteko mekanismo hauek? Zein dinamika geopolitiko berri behar du gatazka honek?

Palestinako herriak bizi duen egoera Lehen Mundu Gerra ostetik dator eta, nahiz eta Nazio Batuen Erakundea Bigarren Mundu Gerraren ostean sortu zen, konpondu ez den izugarrizko injustizia da. Horren ondorioak pairatzen ari dira batez ere palestinarrak, baina baita mundu osoa ere.

Erantzun horietan zer gertatu zaio Europari? Nolatan galdu du lidergo geopolitikoa?

Ez dakit noiz izan duen lidergo geopolitikoa. Bigarren Mundu Gerratik nahiko ahulduta atera zen Europa. Badakigu Alemania naziak eta Italia faxistak galdu zutela gerra. Tamalez, Espainia frankistak Gerra Hotzaren itzalean edo berotan iraun zuen. Dena dela, egia da azkenengo urteetan ikusi dela Europak ez duela ezertarako kontatzen, ez dela agente geopolitiko bat, ez daukala jarrera bateraturik… noraezean dabilela. Adibidez, Israel egiten ari den sarraskiaren inguruan salaketak egiten, baina inolako pausurik eman gabe.

Gatazka ezezagunagoa da Sudan. Labur, nola azalduko zenuke gatazka hau?

Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazkak dira guretzat garrantzi handiena dutenak eta uste dut Afrika askotan alde batera uzten dela. Sudanekoa horretan aitzindari da. Bertan gertatu zen Udaberri Arabiarraren azken saiakera. Herri altxamendu bat egon zen eta Armadak eten egin zuen altxamendua. Barne arazoak zirela eta, Armadaren barnean nolabaiteko liskarrak sortu ziren. Gaur egun armadetako bi buruak dabiltza elkarren artean gerran eta hartu dute Sudaneko herria gatibu moduan. Nazioartean ere batzuek ez dute ezer egiten eta besteak ari dira bertako egoera profitatuz Sudanek dituen izugarrizko aberastasunak eureganatzeko liskar horiek mamitzen edo elikatzen. Hori da drama. Sudanen dago, nik uste, gaur egun dagoen krisi humanitariorik handiena.

Normalean munduaren berri eta gatazka hauen berri albisteen bidez jakiten dugu. Baina behar dugu, zuk liburu honetan mamitu duzun bezala, munduari begiratu edo modu pausatuago batean gatazka hauen berri izateko aukera.

Asmoa izan da egunerokotasunetik pixkat sakontzea. Non dauden auzia edo gerra bakoitzaren gakoak. Irudi zabalago bat ematea, inklusiboa eta era apalean gakoak ematen saiatzea.