IRRATIA

«Balio duena da zenbat estatu irabazten dituzun eta estatu horien pisua»

Itxura guztien arabera eta ezusteko handirik ezean, estua izango da Kamala Harris demokrata eta Donald Trump errepublikanoaren arteko lehia hauteskunde presidentzialetan. AEBetan hauteslekuak zabaldu baino ordu batzuk lehenago, gako nagusiak aletu ditu Urtzi Urrutikoetxeak.

Harrisek indarra egin du erabakigarri izan daitekeen Pennsylvania estatuan. (DPA | Europa Press)

This browser does not support the audio element.


Astearte honetan (hilak 5) hauteskunde eguna dute AEBetan eta bi aukera presidente izateko; politika erreakzionarioen itzulera Donald Trump errepublikanoarekin, edota egitura demokrataren jarraipena Kamala Harrisekin. Afroamerikar politikari kaliforniarra herrialdeko lehen emakumezko gobernuburua izango litzateke. Biak ari dira dagoeneko garaipena bermatzen duen 170 ordezkarien zenbakiarekin amesten. «Balio duena da zenbat estatu irabazten dituzun eta estatu horien pisua», adierazi du Urtzi Urrutikoetxea AEBetan bizi den NAIZ eta GARAko kolaboratzaileak.

Mahai gainean jarri behar den lehen gakoa da, ez dela hain garrantzitsua boto kopurua baizik eta estatu kopuru jakin batean irabaztea, Hauteskunde Kolegioen egitura dela-eta, Catch it all (dena harrapatu) sisteman oinarrituta. Honek esan nahi du berdin diola %2ko tarteagatik bada ere, estatu batean irabazi duenak bereganatzen dituela kongresista guztiak. Urrutikoetxeak gogora ekarri duenez, «2016an Hilary Clintonek Trumpek baino ia hiru miloi boto gehiago irabazi zituen» eta hala ere, Trump izan zen irabazle, ordezkari gehiago bereganatu zituelako.

Hortaz, «ez dute askorako balio», kazetariaren esanetan «Estatu Batuetan zer gertatuko den dioten inkestek», estatu gehienetan gauzak argi daudelako eta gutxi batzuetan dagoelako benetako lehia. Bertako inkestak dira aintzat hartu beharrekoak. Zalantzati bezala aurkezten diren estatuetan indarra egin dute bi hautagaiek: Michigan, Wisconsin, Georgia, Arizona, Ipar Carolina eta Pennsylvania dira. Azken inkestek diotenaren arabera, Harris gailenduko litzateke iparraldeko bi estatuetan, Trump berriz hegoaldekoetan. Pennsylvania ordea, berdinketa teknikoan legoke. Hala ere, «hain alde txikiak daudenean» ezinezkoa da baieztatzea nork irabaziko duen bertan. Ezin dira baztertu ezta ere, Nevada edota Iowatik hel litezkeen ezustekoak.

Iruzurraren mamua

Hauteskunde egun handia azaroaren 5ekoa bada ere, hautesleen zati handi batek dagoeneko eman du botoa herrialdean, izan posta bidez edota aurretiazko botoa emateko prestatutako hauteslekuetan. Virginian adibidez iraila amaieratik zuten bozkatzeko aukera. Azken hauteskundeetan aurretiazko botoa demokratentzat izan da batez ere, Trumpek bozkatzeko modu horri zilegitasuna kendu ostean. Badirudi iritziz aldatu duela errepublikanoak. «Aurreko kanpainan errepublikanoek pixka bat kontra egin zuten eta Trumpek esan zuen egunean bertan bozkatu behar zela. Oran nolabait mezu berarekin jarraitzen dute baina konturatu dira ez dutela boto bakar bat ere galtzerik», dio Urrutikoetxeak. 75 eta 80 miloi artean dira aurretiazko botoa eman dutenak.

Hauteskunde egunak eragiten duen beste beldur nagusia Trumpen balizko iruzur salaketak dira, eta arraroa litzateke Trumpek hori ez egitea horretarako aukera badu. Gakoa botoen zenbaketa izango da, berriz ere, estatu zalantzatietan. Urrutikoetxearen iritziz, «ia ziurra da tarte oso txikia baldin bada auzitara joko dutela». Horrek zenbaketa luzatuko luke.

Emakumeen mobilizazioa

Testuinguru honetan, badira Trumpen alde diren bi gauza Urrutikoetxeak dionez. Lehena «ezaguna» dela, eta bigarrena da, gezurra badirude ere, haren diskurtso arrazistak eta matxistak babes handia duela milioika estatubatuarren artean. AEBetako parametroetan, «oso oso berriki» presidentegai izatera heldu den Harris berriz, presidenteorde izan den Biden administrazioko «lorpen sozialak» baliatzen ahalegindu da, baina batez ere emakumeen mobilizazioak ezaugarrituko du bere emaitza. Gogora ekarri behar da duela pare bat urte AEBetako Auzitegi Gorenak aborturako eskubide konstituzionala ezabatu zuela. «Kanpaina demokratak emakumeen mobilizazio handi bat behar du eta mobilizazio horren bila joan dira», azaldu du AEBetan bizi den kazetariak.

Nazioartean jokatuko duten paperari begira, estatubatuarrek egia esan jaramon gutxi egiten diote nazioarteari kanpainetan. Hala egin dute ere bi presidentegaiek, azken egunetan Gazako sarraskiarekin oso haserre diren arabiar jatorriko herritarren botoak bereganatzeko Harrisek egindako saiakera salbu.