IRRATIA

«Euskarari falta zaio kalera aterako den mugimendu bat, eta hori da Euskal Herrian Euskaraz»

45 urteko ibilbidea egin du Euskal Herrian Euskaraz eragileak, eta belaunaldi aldaketa, hasierako eta gaur egungo gizartearen irakurketa, eta egiteko dagoen lanaz aritu dira gurean eragileko sortzaileetako bat eta batzordeko bi kide.

This browser does not support the audio element.


Euskaraz nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz dio Oskorriren kantuak, eta hala dihardugu herritar askok. Gure lana euskaraz egiten edo euskaraz egiteko lanean. Gure aisialdiak euskaraz sustatzen eta egunerokotasunean gure hizkuntzaren alde egin daitekeena egiten. Baina, badira batzuk, 45 urtez Euskal Herriak Euskaraz egin dezan lanean. 

45 urte atzera eginda Euskal Herrian Euskarazen sortzaileetako batek Joseba Alvarezek kontatu du egoera ezberdina zela une hartakoa: «Indar politikoak beste lehentasun batzuk zituzten garai hartan, eta euskararen aldeko talde bat sortu behar genuela ikusi genuen; bestela, Frankismoaren lehenengo urtetan irabazitako guztia galtzeko arriskuan zegoen». 

Taldea Durangon aurkeztu zutenean argi zuten zein ziren helburuak: «Helburu konkretu bezala lehenik eta behin euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea izan zen». Hortik abiatu zuen bidea EHEk eta ekintzen bidez egin zuten aurrera: «Hezkuntza, administrazioa, hedabideak… ekintza konkretu eta desobedienteen bitartez euskara indartzeko sortu genuen mugimendua; ez ginen sortu marko teorikorako». 

Gizartea aldatu dela, euskaldun prototipoa aldatu dela, familia ereduak ere eta horrekin euskararen borroka ere aldatu dela azpimarratu du Alvarezek. «Euskarari falta zaio kalera aterako den mugimendu bat, eta hori da Euskal Herrian Euskaraz», dio Alvarezek. Baina mugimendu guztietan bezala belaunaldi aldaketa egin zuten. 

Gaur egungo batzordeko kide diren Intza Gurrutxaga Loidi eta Sugoi Etxarri Zabaleta ere izan dira Bigarren Kafean eta bat egin dute taldean iraupenak adierazten duela oraindik beharra badagoela. 

Belaunaldi aldaketak «ardura historikoa» ere ekarri die gazteei baina Sugoik azpimarratu du  lekukoa ondo transmititu dietela: «Ez genuen ibilbiderik nazio mailako euskalgintzan, baina lekuko aldaketa ondo egin zuten, urtebeteko transmisioarekin; Euskal Herrian Euskaraz berrasmatzeko erronka utzi ziguten, eta horretan gabiltza». Honen inguruan eta gaur egungo egoeraz aritu dira gurean EHE eragileko kideak.