«Oso luzea izan da prozesua eta denbora eman dugu bai musikarako eta baita letrak idazteko ere»
Skabidean talde nafarraren ‘Hau errepikaezina izan da’ diskoa luzea da, 17 abestiz osatutakoa delako. Denetarik gordetzen du, gainera. sorpresaren bat edo beste ere bai. Zuzenekoetan hasi dira dagoeneko, eta azaroaren 2an, Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dutena, NAIZ Irratiak zuzenean eskainiko du.
This browser does not support the audio element.
June Gabarain eta Antonio Iriarte, zer moduz?
Antonio Iriarte: Ongi, pozik.
‘Hau errepikaezina izan da’, bat-batean horrelako sarrera solemne bat, kasi-kasik hilkutxa bat ikustea bakarrik falta zaigu. Ez dator halakorik, ezta?
A.I.: Ez, ez, ez, ez, ez, ez. Ez dugu utzi behar. Galdetu digute Iruñetik, aurrerapena atera genuenean esan ziguten. Baina momentuz nik uste dutez dugula. Utzi behar eta ez da agur bat.
June Gabarain: Ez da martxa funebre bat. Hori da hain zuzen ere Axuri Beltza kantuaren sarrera bat. Dantza hori Jaurrietakoa da eta dantzariak borobilean jartzen diren bitartean sarrerako kantuan entzuten den hori jotzen da, noski, gure kasuan Gaizka Otsoak moldatu duena.
A.I.: Gero ez dakigu dantzatzen, beno, Imanolek esango dizu baietz.
Unisonoan abesten duzue ‘Axuri Beltza’ kantua, ez zen erreza izango ezta?
J.G.: Ez zen izan, ez. Jarri genituen erdian hiru mikro eta norbaitek abesten bazuen ozenago eta abar, distantzia zehatzetan kokatu behar ginen. Hor gauzak fin egin behar dira.
Segidan beste bertsio bat dator, Cock Sparrer taldearen abestitik abiatutako ‘Bueltan gara’. Zergatik aukeratu dituzue kantu hauek?
A.I.: Bertsioak beti egin ditugu, nahiz eta gaur egun abesti propioak soberan izan, bosgarren diskoa delako hau. Baina beti sartzen dugu bertsioren bat, asko gustatzen zaigulako bertsioak jotzea, adibidez, orain arte jo ditugu Potato eta Itoiz zuzenean. Guretzako dira erreferenteak eta guretzat sekulakoa litzateke haiekin jotzea, baina ezin denez, bertsioekin konformatu behar. Disko honetan ere eman digu, eztakit, askatasun hori, eta lau bertsio sartu ditugu. Esaten genuen, «agian gehiegi izango dira» eta gainera orain zuzenekoa eta planteatzen ari garela, sartuko dira bertsio gehiago, baina klaro, egindakoarekin aurrera goaz.
Nahasketetan eta ibili zarete orain ere jolasean.
A.I.: Kakik izan du hor lana. Bai konposatzeko prozesua oso luzea izan dela eta denbora eman dugula bai musikarako eta baita letrak idazteko ere, baina bai gero diskoa grabatzeko, nahasteko, diseinua egiteko, bideoklipak… azkarregi izan da guztia. Hiru astetan izan da dena, abuztuan grabaketak bukatu eta irailaren lehen egunerako kalean genuelako. Kontua da ia eginda genuela, Martxel Arkarazo, Kakiren semea, etorri zela eta dena hankaz gora jarri zuela. Beste batzutan hasieratik egoten da, baina oporretan zegoen eta itzuli zenean eskua sartu zion diskoari. Nik uste dut batzuetan baita ere positiboa dela grabatzen duzunetik nahasketak egitera teknikariari tartea uztea, diskotik pixka bat urruntzeko, baina gure erruz Kakik ezin izan du horrela lan egin.
J.G.: Hamabi egun hor segidan egon eta nahasketak eta guzti egitea… Konposatzean bezala, batzuetan abesti batek denbora behar du forma hartzeko, ahotsak gehitzeko, xehetasunetan sartzeko… bada nahasketarekin gauza bera, perspektiba pixka bat behar izaten da.
A.I.: Eta nik uste dut gelditu dela oso naturala. Esan nahi dut, gukre zuzeneko bat grabatzen duzu eta antzerako zerbait gertatzen da. ‘Maite zenuen hiria’?, Skabidean da. Ez erotu gehigi, gu garen bezala aurkezten gara.
‘La muralla’ kantuan, Banda Bassotikoen kolaborazioa daukazue. Dena dela, abesti hau nik nik Ana Belenengandik ezagutzen nuen.
J.G.: Nire gurasoek ere bai eta esan nienean harriduraz hartu zuten.
A.I.: Nik ezagutzen nuena zen Ana Belenena, baina nire gurasoek bai ezagutzen zutela Quilapayun taldea, nire gurasoak zaharragoak direlako. Niri Tasiok esan zidan eta orduan ezagutu nuen beste bertsioa, ze Ana Belenen bertsio bat egitea oso arraroa egiten zitzaidan. Hortaz, Txileko talde baten abestia zela jakitean beste kontu bat izan zen.
Nolatan egin duzue Banda Bassotikoekin kolaborazioa? Kakik erreztu du bidea?
A.I.: Martxoan egon ginen Nafarroa Oinezen aurtengo abestia grabatzen eta orduan eraman genizkion eginda genituen zortzi abestiren maketa. ‘La Muralla’ entzun eta Sandokani bidali zion esanaz kolaboratu behar zuela gurekin. ‘Nicaragua Nicaragüita’, ‘Guantanamera’ eta halakoak abestu izan ditu eta hortik etorri da guztia.
Falta dena Skabidean eta Banda Bassoti oholtzan elkarrekin ikustea da.
A.I.: Horretan ere saiatu gara, kar-kar. Italia konplikatua da! Oxala gertatzea.
‘Mitxoleten mende’, June abesten hasten den kantua, maitasun kantu iluna bezala bataiatu dut. Olatz Azpirozenak dira, ordea, hitzak.
A.I.: Izan daiteke, baina kantu hau sortzen da nire osabak nire amari urtebetze egunez emandako gutun batetik. Nire osaba kartzelan zegoen orduan eta gaur egun ere hala segitzen du, beste egoera batengatik bada ere. Oso laburra da, hamar-hamabi esaldi ditu. Gutuna 1996koa da eta berak 25 edo 26 urte izango zituen eta hitz kopuru gutxitan esaten duen guztia sekulakoa da. Eskutitza eraman nuen entseatzen dugun salara eta esan nien istorio bat bazela kontatzeko modukoa. Olatz Azpirozek moldatu zuen eskutitza, Iturraman gurekin ikasi zuen eta olerkiak idazten zituela banekielako. Junek musikatu zuen gero eta hortik sortzen da kantua. Ez dakit maitasun kantua den edo maitasuna bilatzen duen kantua den.
Zuk, June, letra esku artean zenuela, konposatu zenuen kantua?
J.G.: Bai. Hori da. Azkenean beste pertsona baten letra da eta ulertzea eskutitz horretan dagoen bizipena eta atzetik datorren letra… Olatzek oso hitz polit eta ederrak erabiltzen ditu, ulertzea ere ez dena erreza, baina hori guztia lortu nahi genuen.
Zu pozik, Antonio?
A.I.: Oso ilun geratu da eta beldurra izaten duzu hor bidetik galtzekoa, baina beno, batzuetan arrazoia gailentzen zaio abestiari eta besteetan alderantziz izaten da. Oso polita geratu da eta Olatzek egin duena eskertzekoa da.
Aurkezpen bira hasita duzue. Deban kontzertu bat udan, gero Galizian… Errepikaezina izango da bira?
A.I.: Marinaledan ere izan ginen eta Zarautzen izango gara asteburu honetan eta gero Bilboko Kafe Antzokian azaroaren 2an eta Totem Aretoan, Atarrabian, azaroaren 30ean. Oviedo, Santander, Portuko Ranpi, Donostia, Gasteizko Jimmy Jazz eta Madrilgo Gruta 77n ere arituko gara. Berezia behintzat izango da eta biniloak ere izango ditugu ordurako.
Bada, elkarrizketa hau ere errepikaezina izan da. Beraz, disfrutatu bideaz.
Mila esker!