IRRATIA

«Galdu dugunaz baino, nahiago dugu eraikitzeko daukagunaz pentsatu»

Sute batek Lapurdiko Donamartiriko ikastolako hiru eraikinetako bat erre zuen astelehen gauean. Suteak azpiegiturako eraikinik zaharrenaren teilatua eta barnealdea kiskali zituen. Gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Ramuntxo Cristi, Donamartiriko ikastolako zuzendaria.

Donamartiriko Ikastola sutearen ostean (Guillaume Fauveau)

This browser does not support the audio element.


Seaska sareko ikastoletako bat da Donamartirikoa, eta Arberoa ibarreko ikasleak hartzen ditu. 60 ditu guztira, Donamartirikoak, Donoztirikoak, Izturitzekoak eta Aiherrakoak.

2008an eraikitako 200 metro koadroko eraikin prefabrikatu batean izan da ezbeharra, eta bertan ziren, besteak beste, 3 eta 6 urteko haurren ikasgela eta irakasleen bilera gela. Hendaiako, Donapaleuko eta Ioldiko suhiltzaileek joan behar izan zuten hura itzaltzera.

«Kolpe» galanta hartu dutela esan du Ramuntxo Cristik, Donamartiriko ikastolako zuzendariak, baina galdu dutenaz baino, nahiago dutela eraikitzeko dutenaz pentsatu.

Sutea zerk eragin zuen ez dakite oraindik, baina ikerketa sakonagoen zain, badirudi argindar koadroan izan zuela sorburua.

Suteak, baina, Ikastolako hiru eraikinetako bat guztiz erabiltezin utzi du. Orain, astelehenetik aurrera nola antolatuko diren pentsatzen ari dira buru belarri.

Elkartasun kanpaina bat abiatuko dute konponketa lanak ordaintzeko. Ikastolako zuzendariak argi du «Euskal Herri osotik elkartasuna izango» dutela.