«Ekonomiaren zein estatuaren planteamendu liberalak langileen krisi ekonomikoa okertzen dute»
95 urte igaro dira '29ko kraka' gertatu zenetik. Bigarren Hezkuntzako aipagaia da ekonomia lehertu zen egun seinalatu hau. Gertaera historiko horren nondik norakoez hitz egin du Endika Alabort EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa saileko irakasleak, NAIZ Irratian.
This browser does not support the audio element.
Ostegun beltza, astelehen beltza eta astearte beltza. Hiru egunetan xehatu zen merkatuen balioa Ameriketako Estatu Batuetan. 29ko kraka krisi luzerako abiapuntua izan zen, urte loriatsuen ostean. Ordutik 95 urte pasatu diren arren, 2024. urteko ikuspuntutik badago zer ikasia Endika Alabort EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa saileko irakaslearen ustez: «Ekonomiaren zein estatuaren planteamendu liberalak langileek bizi duten krisi ekonomikoa okertzen dute». Bere ustez, hori «agerikoa» izan zen 29ko krisian eta Depresio Handian: «Hasierako momentu horietan, planteamendu ekonomiko liberal eta ortodoxoak eragin erabat negatiboa izan zuten berreskuratze prozesu batean». Horri lotuta nabarmendu du, «askotan» horrelako egoeretatik ateratzeko «gobernuen paperan» jartzen dela arreta, eta ez hainbeste «langileen sindikatuek eta elkarlaguntza sareek» duten «indarrean»: «AEBn hainbat grebek bultzatu zuten eskubideen lorpena. Frantzian ere, 1936an egindako greba batzuek bultzatu zuten Frente Popularraren egonkortasuna Gobernuan».