IRRATIA
Interview
Itziar Ituño Martinez
Ingot taldeko abeslaria

«Gaur egun beste jarrera bat daukat bizitzaren aurrean»

Aktore bezala ezagutzen dugun arren, aspalditik dabil musika munduan hanka bat sartuta Itziar Ituño Martinez (Basauri, 1974). Ingot da gaur egun abian duen proiektua eta taldekideak ditu Roberto Awanari, Roberto Figueroa San Sebastian, Juan Pedro Salvador Muñoz eta Joseba Serna Hernansanz. 

Estreinako diskoaren aurkezpen ekitaldia Bilbon egin zuen Ingot taldeak. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Udako bizipenen aje emozional guztia pasa al da?

Bai, bai, bai. Ondo kargatuta daukat pila urte osorako. Kariñoa jaso dut eta hori, super eskertuta nago eta emozionatuta eta horrekin aurrera.

Denbora gutxira disko bat atera duzue, ‘Zeugaz’. Horretarako energia behar da. Esan nahi dut atentzioa, prentsarekin egon, jendearekin, berriz ere fokupera atera… ezta?

Atzera egin dudala esango nuke nolabait ere. Pentsatzen dut gauza desberdina dela eta hau berezia ere izango dela, niretzat gauza berria da disko bat ateratzea. Mundu hau oso berria da eta hor gabiltza egokitzen; txiri-txiri, xume-xume.

Klaro, zuk daramazun bizimodua eta gainerako taldekideek ere beren bizimodua izango dutela kontuan izanda, dena uztartzeko lanak izango dituzue. Horren adibide disko hau 2022an grabatuta dagoela.

Dagoeneko 2020an prestaketa lanetan ari ginen. Kostatu zitzaigun, e? Grabaketa osoa edukitzeraino bide luzea izan zen. Gero, Elkarreko Jituk editatuko zuela esan zigun gure harridurarako. Sekulako ilusioa egin zigun horrek, imajinatu.

Taldea, ordea, 2017an elkartu zen ezta? Nahiz eta zu musikan aurretik ere bazenbiltzan saltsan.

Ni hasi nintzen panderoa jotzen eta euskal musika eta erromeriak eta plaza dantzak jorratzen zituen plaza talde batean. Sekulako taldea ginen eta horietako bat zen Juanpe Salbadorrek, rockeroa bera, beti zuen buruan rock talde bat osatzeko asmoa, cover batzuk egiteko eta halakoak. Hortaz, hor hasi ginen coverrak egiten eta taberna zuloetan sartuta. Santurtziko Mamariga auzoan hasi zen guztia, ezkerraldean, eta gehienbat akustikoan egiten genituen emanaldiak. Gero pasa ginen elektrikora eta aurrerago gure kanta propioak egitera, garaia bazela ikusten genuelako. Eta gaurdaino.

Hala ere, lokalean aritzeko denbora askorik ez duzu izango, ezta?

Ba astean behin bai, ahal dudanetan behintzat. Gure eguna asteazkena da. Madrilen baldin banago entseatzen eta lortzen badut bueltatzea, egiten dugu. Aurrekoan autobusez iritsi orduko zuzenean entseatzera joan nintzen. Saiatzen naiz zintzo zintzoa izaten. Bestela eurak ere batzen dira eta bueno kontuan hartzen dute nire egoera zein den. Baina beti saiatzen naiz tartetxo hori errespetatzen eta eta disfrutatzen. Oso ondo pasatzen dugula esan behar da eta azkenean hori da helburu nagusia, norbera zoriontsu izatea.

«Aurrekoan autobusez iritsi orduko zuzenean entseatzera joan nintzen. Saiatzen naiz zintzo zintzoa izaten. Bestela eurak ere batzen dira eta bueno kontuan hartzen dute nire egoera zein den»

Sar gaitezen diskoan. ‘Zaintiritu’ kantua da lehendabizikoa. Petrikilo bat edo halako zerbait entzuten da. Hitzetan emakumeak bizitza sortzeko duen gaitasunaz eta bizitzaren bueltan emakumeek duten paperaz hitz egiten da. Petrikiloak, ordea, gizonezkoak ezagutu ditut azkenaldian. Hori salatu nahi da?

Jakina, jakina; batez ere hori. Galdutako alde pagano hori aldarrikatzeko gure sinesmenak ziren. Gero sartu zen eliza eta bueno badakigu zer gertatzen zen herri honetan. A zer bazterkeria klase sufritu genuen emakumeok. Baina emakumea bazen sendagilea: sendagilea, belar-egilea, emagina… Botere bat zeukan eta pisu bat gizartean. Argizaiolak ere berak pizten zituen norbait hiltzen zenean. Hau da magia mundu horrek, energia horrekin, harreman zuzena zeukan emakumeekin eta momenturen batean galdu genuenn konexio hori. Baina bagabiltza batzuk hori berreskuratzen saiatzen, bizitza indartzeko dauzkagun kapazidade horiek berreskuratzea mundu hau sendatzeko. Mundua oso gaixo dago eta pentsatzen dut momentu batean emakumeko badaukagula kapazidade hori. Inoiz ez dugu erakutsi, ez dugu aukerarik izan erakusteko, baina, pentsatuta, gauza oso diferenteak izango zirelakoan nago.

‘Tan lejos’ Patagonia Rebelde taldearen kantu bat ere moldatu duzue, ‘Hain urrun’ bihurtuta. Talde argentinarra den arren, ukitu arabiarrak dituen kantua bihurtu duzue.

Horrelako gauza bat da, esperimentu arraroak egin izan ditugu. Balada polit-polit bat zen izatez haiena. Gainera, haiek hasi ziren gure kantu bat moldatuz eta ‘Contigo’ bihurtu zuten. Gero, gonbidatu ninduten haiekin kantatzera eta kantu horretan kolaboratzera. Guk kontrako bidea egin genuen, kantu bat hartu eta euskarara ekarri. Arabiar ukituarena ez dakit horregatik den, baina Saharako kanpamenduetatik itzuli berritan hasi ginen kantua moldatzen. Aurrerago haiei bidali genien eta gustatu zitzaien. Letra haiena da erabat, euskarara, gure euskalkira ekarri dugu, baina kantatzerakoan etortzen zait Saharako errepideetatik ikusitakoa eta bizitakoa.

‘Wararu’ kantuan hizkuntzak nahastu dituzue eta 70etako rocketik edaten duen arren, ama-lurrari dei moduko bat ere egiten duzue oskolen soinuekin eta abar.

Badagoelako dei bat, ikaro moduko bat, amaieran. Oso ohikoak dira horiek Amazonian. Eta letrak horri buruz berba egiten duenez, bat pentsatu genuen sartu genezakeela. Hortaz arduratu zen Roberto Awanari, bertakoa da bera eta ezagutzen du hango egoera. Bera da, zubia, konexioa, Amazoniakoa da eta bere bidez ailegatu zaigu ikaroa. Aldarrikapen ugari dituzte eta arazoak ere bai eta zerbait egin nahi genuen horren alde, gure aletxoa jarri.

Petrolioaren gerra pixka bat aipatzen da, badakigu deforestazioa ematen ari dela Amazonian eta isilean askotan, ez bada halako ekimenengatik. Dena dela, komunitate txiki desberdinak aipatzen dira. Brasilgoak soilik?

Kanta hau sortu zen bost ibaietan isurketa kutsakorrak eman ziren garai batean. Bost ibai direnez, bakoitzaren jatorrian herri bat dago eta komunitate bat, bertako jendeak pairatu zituen kalteak. Guk Perun gertatzen ari zenaren berri jaso genuen eta hara joan ginen eta kantua aurkeztu genien. Amazoniara ere joan ginen eta gauza bera egin genuen.

‘Ama landara’ kantuan ere naturari begira jarri zarete.

Nahiko psikodelikoa da kantua eta krudel samarra ere bai. Nik hau idatzi nuen aiahuasca hartu ostean izan zen. Sekulako deskubrimendua niretzako. Oso lurrekoa izan naiz betidanik eta momentu baten esperientzia hori, bizipen hori eduki nuen. Aiahuaska jan ostean, konturatu nintzen den-dena ez nekiela, badaudela gauza batzuk buru barruan edo kanpoan edo ez dakit zer eta ez dakit non… ostras. Kontrolaezina da eta elkarri azaldu ezina ere bai. Orduan, uf, sekulako errespetua eman zidan. Zer pentsatu eman zidan eta bizitzaren eta heriotzaren inguruko oso hausnarketa sakona egin nuen. Detonantea izan zen guztia eta orduan idatzi nuen hori. Gaur egun beste jarrera bat daukat bizitzaren aurrean.

Linboan kokatzen zara kasi-kasik.

Beste dimentsio batean, ikusi nuenagatik. Banekien hemen nengoela eta aldi berean galdera batzuen erantzunak jaso nituen. Ostras. Nire buruari esaten nion, «hau zer da? ikusten nabilen hau, zer da?». Sekulakoa da, bizipen oso potentea. Eta bueno, hangoen identitatea, hau da, oihaneko jendearen identitatea, asko markatzen duen arlo bat da, arlo magikoa eurentzako eta beren identitatearen parte ere bai eta hori aldarrikatzeko beharra dago. Haientzako definitzen duten gauza sakratua da landare hori, bada, zapaldutako herrien aldeko beste aldarrikapen bat da kantu hau. Herri hontan ere bazegoen hori, belar mota hauen inguruko jakintza, ezta? Baina ia erabat galduta dago.

«Baina bagabiltza batzuk hori berreskuratzen saiatzen, bizitza indartzeko dauzkagun kapazidade horiek berreskuratzen mundu hau sendatzeko. Mundua oso gaixo dago eta pentsatzen dut emakumeok ere badaukagula sendatzeko kapazidade hori» 

Maiz esan izan duzu zure burua oraindik ere euskaldunberritzat duzula. Letrak bizkaieraz idatzita daude, zer da, naturaltasuna bilatzen saiatu zarela?

Kuriosoa da kontua, nik euskaraz AEKn ikasi nuelako eta batuan, gainera. Gerora, EGA atera nuen eta barnetegi batetara ere joan nintzen, Ondarroara. Han, bertako euskaldunekin harremanetan hasi nintzen eta ohartu bertako euskara oso desberdina zela. Bizkaitarra izanda ni ere, bertakoekin ulertzeko lanak nituen eta esfortzua eskatzen zidan. Aita bizkaitarra dut, baina familian tranmisioa galdu egin da. Hartara, bizkaieraz hizketan hasiko nintzela erabaki nuen eta uste baino gutxiago kosta zitzaidan, lagun batek DNAn eramango nuela esan zidan. Gero konturatu nintzen talde gutxik egiten zuela bizkaieraz bere abestietan eta horregatik hasi ginen gu ere bizkaieraz, transmisio tresna moduan musika erabiliaz. Euskalkiak ere transmititu behar dira galduko ez badira. Taldean ere euskaraz moldatzen saiatzen gara, batzuk ahobizi izanda eta besteak belarriprest.

Diskoa, esan duzun moduan, Elkar zigiluarekin atera duzue. Ez dakidana da kontzerturik emango ote duzuen orain.

Bada urriaren 6an Oñatin izan ginen eta atzetik badatoz gehiago. Azaroaren 23an, Leioan izango gara Saharaui errefuxiatuen kanpamenduen aldeko kontzertu solidarioan. Gero Frankfurten izango gara azaroaren 30ean, bertako sindikatu batek antolatutako kontzertu batean, Voltaire klubean. Durangon, abenduaren 7an ere emango dugu emanalditxoa Plateruenan eta, abenduaren 14an, Hondarribian, diskoa osorik aurkezten.

Itziar, plazerra izan da zu gurekin izatea. Disfrutatu bideaz.

Gu saiatuko gara ahalik eta gehien disfrutatzen, eta, beno, bada bizitzak ekarriko du beste guztia. Mila esker.