IRRATIA

Otxandiano: «Merkatuaren arauak aldatu behar dira eta horretarako eskuhartze publikoa behar da»

Enpresa energetikoen etekin handiak eta etxebizitza izateko gazteen zailtasunak nabarmendu dira Pello Otxandianori NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan. Batean zein bestean, neoliberalismoaren «dogmak» alboratu behar direla ziurtatu du, merkatuak ezin duelako gizartea era egokian antolatu.

Pello Otxandiano, Naiz Irratiko estudioetan (Jon Urbe | Foku)

This browser does not support the audio element.


Pello Otxandiano EH Bilduko Gasteizko Legebiltzarreko eledunak gaurkotasun handiko zenbait kontu hizpide izan ditu asteazken honetan NAIZ Irratian.

Enpresa energetikoei Estatu mailan jarritako zergaren inguruan sortu den eztabaidari heldu dio, hasteko. «Disonantzia handia» ikusten du egiten diren diskurtso eta praktiken artean, «politika neoliberalek porrot egin badute» ezin baitira gizarte antolaketaren arauak merkatuaren eskuetan utzi. «Orain arteko inertziarekin jarraitzen dugu», aipatu du. Horregatik ekarri du Joseph Stiglitz ekonomialariaren hausnarketa mahai-ingurura, Imanol Pradalesek esandakoari erantzunez.

«Arrisku esistentzialak daude», oroitarazi du Otxandianok, eta horregatik aurreko «dogmak» alboratu egin behar direla defendatu du, merkatuaren nagusitasuna haien artean. Hau esanda, Josu Jon Imazen iritzi artikulua «demagogia ariketa»tzat jo du: «Ez da egia zergapetze horrekin kalte handia sortzen ari zaienik», erantzun dio, gaur bertan Iberdrolak iragarritako etekinak adibide jarriz.

Etxebizitzaren aferari dagokionez, «emergentzia egoeran» gaudela ziurtatu du Pello Otxandianok. Hamar urte beteko dira laster EAEko legea onartu zenetik eta behingoz «bere potentzialtasun guztian garatzeko» ordua badela aipatu du: «Merkatuaren arauak aldatu egin behar dira eta horretarako eskuhartze publikoa behar da. Joku arauak ez baditugu aldatzen, ez da konponbiderik izango, inolaz ere». Etxebizitza parke publiko handia osatzen den bitartean, hau luzerako lana baita, merkatuan «interbenitu» behar dela berretsi du, alokairuak merketzeko edota erabilera turistikoko etxebizitzak murrizteko.

«Gazteek ezin badute emantzipatu, lehen mailako arazo bat da hau, herri terminoetan», nabarmendu du EH Bilduko lehendakarigaia izandakoak.

«Gizarte zerbitzuen sakoneko eraldaketa» eskatu du, beste alde batetik, Otxandianok. EH Bilduk planteatutako proposamenak zerrendatu ditu. Eta bilatzen den Osasun Itunari buruz, bere indar politikoaren lanerako prestutasuna berretsi du, «konponbideak behar ditugulako».

«Estatuarekin dugun harremana», gako berria

Aurrekontuak batera negoziatzeko proposamena luzatu du EH Bilduk, bestalde. Horri buruz, «ekonomia moteltzen ari denaren» zantzuak direla ekarri du gogora, eta behar berriak direla kontuan hartuta, gainera, fiskalitatetik eragin behar dela aldarrikatu du. Harrigarria deritzo momentuz aurrekontuak batera negoziatzeko eskaintza honi EAJk erantzun ez izana. «Halere, aurrekontuak eztabaidatuko dira aurrerantzean eta guk ikuspegi horrekin jokatuko dugu, zentzu osoa duelako», aurreratu du.

Gernikako Estatutuaren urteurren berria datorrela eta (ostiral honetan), «jada kontua ez da beteko duen ala ez», hausnartu du Otxandianok, barrutik hustua ikusten duelako, «erasotua, mutilatua». «Estatuarekin dugun harremana» da gakoa orain, bere ustez, bestela «etengabe egoera subalternoan gaudelako».