Xabier Garabiota, Mozambiken: «Gogorra da garatu gabeko herrialde batean bizitzea»
Xabi Garabiota bermeotarrak urtebete darama Mozambike iparraldean kooperante bezala lanean Mundukide Fundazioarekin. Epe luzerako den landa-esparruko programan parte hartzen du, eta esperientzia ez da samurra izaten ari.
This browser does not support the audio element.
Barne indar batek bultzatuta, enpresa munduko lan esperientzia alde batera utzi eta pertsonen onurarako lan egiteko asmoz gerturatu zen Xabier Garabiota Bermeotarra Mundukidera. Duela urtebete izan zen hori, 2023ko azaroak 1ean hain zuzen ere, eta orduz geroztik, Mozambike iparraldeko Niassa probintziako Lichinga hiriburuan dihardu benetako behar izanak dituzten pertsonekin elkarlanean.
Enpresen administrazioan lizentziatua da Xabi. Ikasketa txinatarrei buruzko masterra egin eta internazionalizazioko ikasketa batzuk amaitu ostean, atzerrian egonaldiak egina da Garabiota: 2017an Txinan, BEINT bekadun bezala, eta ondoren Txilera jo zuen. Arlo sozialeko proiektuetan ere aritua da, eta bide horri jarraituz, Mozanbikeko landa-esparruko programan parte hartzeko erabakia hartu zuen.
Proiektu bat baino gehiago, epe luzerako programa ikuspegiarekin aritzen direla aipatu digu Xabik: «Gu hemen lantzen ari garena ez da bi edo hiru urterako proiektu bat. Duela ia 25 urte hasitako amaierarik ez duen programa bat da».
Guztira lau kooperante daude une honetan gune desberdinetan kokatuak: hiru lagun Niassako probintzian, eta laugarren bat Cavo Delgadon. Niassa probintziko hiru bulego desberdinen koordinatzailea da Xabi: «Bulego bakoitzeko lan-taldeen lanen jarraipena egiten dut. Denbora dudanean landa eremura ere mugitzen naiz ekoizleak bisitatzera. 3 lan alderdi lantzen ditugu: alde batetik, lehengaiak gerturatzen dizkiegu: haziak, botikak… baina ez diegu ezer oparitzen. Lan guztiak eskuz burutzen dituzte, ez dute ez makina, ezta animalirik ere».
Bestalde, alderdi teknikoa lantzen dute: distrito desberdinetara instruktoreak eramaten dituzte, ekoizleen garraio eta egonaldien kostuak gure gain hartuz. Eta azkenik, merkataritza alorrean, salmentan ondo burutzeko erraztasunak eskaintzen dituzte, prezioen informazioa, adibidez. Hala ere, askatasun guztia dute beraien kabuz salmentak burutzeko.
Bertako taldeen iritziak eta ohiturak errespetatzen dituela aipatu digu, adibidez, beraiek bezala lurrean eseriz… eta gertutasun hori sentitzea asko eskertzen dutela aipatu digu Xabik: «Beraiekin harreman ona dudala esango nuke. Hala ere, beste herrialde garatuago batzuetan bizitzen ohituta nago, eta horregatik Mozambikeko egonaldia kolpe bat izaten ari da. Gogorra da garatu gabeko herrialde batean bizitzea».