IRRATIA

«Euskal Zine Bilera topagune eta arnasgune da zinezale eta zinegile euskaldunentzat»

20 ikus-entzuneko lehiatuko dira Lekeitioko Euskal Zine Bilerako 47. edizioan.  Itziar Ituñok jasoko du 'Euskal Zinemaren Begirada' saria eta, tailerrak zein hitzaldiak egingo dira. Lehendabiziko aldiz bertsoa eta zinea uztartuko dira bertso pelikula bat sortzeko.

Euskal Zine Bilerako 47. edizioko aurkezpena (Euskal Zine Bilera)

This browser does not support the audio element.


Badator Euskal Zine Bilera. 47. edizioa urriaren 16tik 21era egingo da Lekeition. Belaunaldi berriak ikus-entzunezkoen alorrera gehiago hurbiltzea bilatu du aurtengo jaialdiak, baita bertsogintzarekin loturak sortzea ere. Xabier Arrate Euskal Zine Bileako koordinatzailearekin hitz egin dugu Bideokluba saioan.

Ainara Elgoibar zinegilea eta kultur kudeatzailea, Nerea Ibarzabal bertsolaria eta idazlea eta Martxelo Rubio aktorea dira aurten epaimahaikideak. Lehian diren film laburrek ondorengo sariak jasoko dituzte: film onenaren saria 3.000 eurokoa da. Zuzendaritza onenaren saria 1.600 eurokoa da. Gidoi oinearen saridunak 1.600 euro eskuratuko ditu, Benito Ansola saria 1.000 eurokoa da eta EITB Ikuslearen saria 750 eurokoa. 

Berrikuntzak ere badaude aurtengo edizioan, Bertso-Zine Gaua ere iragarri dute urriaren 18an (21.00etan) Sociedad Recreativan. Ainhoa Urien gaijartzailearen esanetara arituko dira Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza.

Bestalde, ATZO8 ekimenak ikus-entzunezko ondarea ezagutarazten jarraituko du. Egitasmo honek ikus-entzunezko ondare analogikoaren inguruan egingo du lan ZINE-LABekin elkarlanean.