IRRATIA
Interview
Nekane Balluerka
EHUko irakaslea eta QualIker taldeko burua

«Osasungintza publikoan psikologo gehiago izatea aldarrikatzen dut»

Osasun mentalaren eguna aitzakia hartuta elkarrizketa eskaini du Nekane Balluerka psikologian doktore eta ikertzaileak NAIZ Irratian. Zuzentzen duen QualIker taldeak egiten duen lanaz, norbere osasun mentala zaintzeko moduez eta osasungintza publikoan osasun mentalak duen tokiaz hitz egin du.

Nekane Balluerka. (NAIZ Irratia)

This browser does not support the audio element.


Nolakoa da gizartearen osasun mentala pandemia ostean?

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera pandemiak osasun mentalari oso modu negatiboan eragin dio, antsietatea, depresioa eta suizidiorako ideazioa areagotu ditu. Gure ikerketa taldean egin genuen ikerketan gauza bera ikusi dugu.

Pandemian osasun mentalari garrantzi handiagoa eman zitzaion. Baina, osasun publikoan ez dugu psikologoen ratioa areagotu, PIRak (psikologo erresidenteentzako plazak) ez dira areagotzen, PGSek (psikologo sanitario orokorrek) ez dute sarbiderik osasungintza publikoan... Horrek narama pentsatzera ez dugula ikasi.

Osasun mentalaz hitz egiten dugunean, zertaz hitz egiten dugu?

Osasun mentala kontzeptu nahiko zabala da. Nik esango nuke hiru arlo ukitzen dituela: ongizate kognitiboa, ongizate emozionala eta ongizate soziala. Azken finean, osasun mentala ondo daukagunean bizi kalitatea daukagu eta hiru arlo horiek inplikatzen ditu, oreka bat izan beharko genuke.

OMEak gako batzuk ematen ditu eta batzuk ezagutzen ditugu, baina praktikan jartzeko ez gara hain ondo ibiltzen. Adibidez, kognizioa zaindu behar da, elikadura osasuntsua eduki behar da, ariketa fisikoa egin behar dugu, aisialdia zaindu behar dugu, sozializatu behar dugu, ez diogu gure buruari lortu ezin dezakegun helbururik jarri behar, frustrazioa dakarrelako, asertibotasuna landu behar dugu...

Ikerketa taldean nola aztertzen da osasun mentala?

Gure ikerketa taldea nahiko diziplinartekoa da. Denok gara psikologoak, baina badaude psikologia klinikoan lan egiten dutenak, biologian lan egiten dutenak, ni neu metodologoa naiz eta gehiago aritzen naiz estatistikekin.

QualIker taldearen ardatz nagusia da osasun psikosoziala eta ongizate sozio emozionala hobetzeko esku hartzeak diseinatu, martxan jarri eta ebaluatzea. Horren baitan, lan egiten dugu hiru urtetik aurrerako haurtxoekin, nerabe eta gazteekin, helduekin eta baita zaharrekin ere. Adibidez, une honetan taldeko kide batzuk parte hartzen ari gara Cita Alzheimer fundazioak gidatzen duen ikerketa batean. Horren helburua alzheimerra atzeratzea da eta osagai asko lantzen dira. Batzuk lehen aipatu ditut, orokorrean, bizi ohitura osasuntsuekin lotutakoak.

Guk esku hartze sozio emozionala lantzen dugu, ‘Emo oroitu’ izeneko esku hartze bat sortu dugu, Elkarrek bi liburu argitaratu ditu, bata euskaraz eta bestea gazteleraz, egin beharko genituzkeen ariketa batzuk barne hartzen dituenak. Horrekin, ongizate psikosoziala lortu nahi dugu.

QualIkerrek beste arlo batzuk lantzeko asmoa ere badauka. Esaterako, orain hasiko gara lan egiten suizidioari biziraun dieten horiekin, hau da, inguruan bere buruaz beste egin duen pertsonaren bat izan dutenekin. Izan ere, suizidiorako arrisku handia daukate. Jakin nahi dugu zein aldagaik babestu dezaketen kolektibo hori haiek babestu ahal izateko.

Halaber, bularreko minbizia daukaten emakumeekin hasiko gara lanean. Beste esku hartze bat martxan jartzeko asmoa daukagu Bio Gipuzkoarekin, ongizate sozio emozionala lantzeko eta parekideen laguntza izateko, hau da, esperientzia bera izan duten andreek elkar lagundu dezaten.

Ikerketa bat burutzen duzuenean, zeintzuk dira neurtzen diren parametroak?

Edozein ikerketa egiterakoan oso garrantzitsua da indikatzaile egokiak izatea. Oso abstraktua da dena, baina psikologian neurketak berebiziko garrantzia dauka. Ikerketak ez baditugu seriotasunez egiten ez daukagu ebidentzia zientifikorik eta niretzat oinarrizko gauza da, benetan psikologia zientzia bezala aintzat hartua izan dadin.

Azterlanetako bat da bullying, antsietate eta depresioaren arteko lotura. Nolakoa da lotura hau?

Oso argi dago bullyingak sekulako eragina daukala antsietatean eta depresioan. Ez dago hain argi zerk azaltzen duen hori. Adibidez, ez dakigu bullyingak autoestimuari eragiten dion eta horrek dakartzan arazo emozionalak, edo beste azalpenik ote dagoen. Suizidiorako ideazioarekin ere lotura handia dauka, horretaz asko kezkatu beharko ginateke.

Nik aldarrikatzen dut, eta uste dut jendartea gehiago mobilizatu beharko litzatekeela zentzu honetan, osasungintza publikoan psikologo gehiago izatea. Ez zait zilegi iruditzen buru osasun arazo bat daukan pertsona batek baliabide ekonomikorik ez badauka, psikologoarenera joateko aukerarik ez izatea.