«Medikuntza ez da inoiz alde batera uzten; politikarekin gauza bera gertatuko zaidala uste dut»
Koldo Martinezek Iruñeko Udala utzi du. Osasun arrazoiak tarteko, «alde batera» egitea erabaki du. Ez du aurreikusi nolakoa izango den bere egunerokotasun berria, 18 urterekin hasi zelako jardun politikoan. Bere lehen alderdia EHAS izan zen, Euskal Herriko Alderdi Sozialista.
This browser does not support the audio element.
Baikortasunez utzi du Iruñeko Udala Geroa Baiko hautetsiak. «Gobernu taldean gaudenok eta PSN norabide beran gabiltza, eta horrek lasaitu egiten nau», nabarmendu du. Halaber, azken jardun politikoa Nafarroako Auzitegi Administratiboan lortu duen garaipena izan da. Cristina Ibarrolak aurkeztutako errekurtsoan arrazoia eman diote. Erregionalista kexu zen zentsura mozio egunean Martinezek eskaini zion denbora tarteaz. UPN galdua, «mendian», ikusten du.
Joan den astean utzi zenuen Iruñeko Udala. Asko aldatu zaizu bizimodua betebehar politikorik gabe?
Oraindik ez. Azken finean, elkarrizketa bat dela, beste zertxobait dela... Nolabait han jarraitzen dudanaren sentsazioa daukat oraindik. Baina bizitza asko aldatuko zait eta orain daukadan arazorik nagusiena da nola antolatu nire eguneroko bizitza, inoiz ez naizelako horrelako egoera batean egon.
Gauza bat da kargua uztea eta beste bat politikarekiko interesa. Horrek zailagoa izan behar du, ezta?
Bai, noski. Ni 18 urte nituela sartu nintzen politikan, Euskal Herriko Alderdi Sozialista deitzen zen horretan, eta geroztik betidanik alderdiren batean militatu dut. Eta, noski, horretaz gain izan dut nire eguneroko lana, nire lanbidea.
Beti esaten dut mediku izatea ez dela inoiz alde batera uzten eta politikarekin uste dut gauza bera gertatuko zaidala.
Zein egoeratan uzten duzu Iruñeko Udala?
Gezurra badirudi ere, oso egoera polarizatu batean. Lehendabiziko sei hilabeteetan Cristina Ibarrola izan genuen alkate, gero Joseba Asiron zentsura mozioaren bitartez. Zentsura mozio batek gauzak harrotu egiten ditu eta UPN asko haserretu zen, batez ere alkatea zena, normala den moduan. Hori ulertzen dut, baina lehendik ere mendian bazeuden, zentsura mozioaz geroztik are gehiago.
«UPN lehendik ere mendian bazen, zentsura mozioaz geroztik are gehiago. Baina Gobernu taldea osatzen dugunok eta PSN oso baturik gaude, norabide berean»
Udala bitan banatu da. Batetik, gobernu taldea osatzen dugunok eta PSN eta, bestetik, UPN eta PP. Oso egoera deserosoa da. UPN hain galduta dago... Edozein gauza erabiltzen du gobernu taldearen aurka egiteko. Uste dut jendarteak bere beharrak eta kezkak dituela eta UPN ez zaie erantzuten ari, beraien beharrei eta kezkei erantzunez egiten dute lan. Alde horretatik, egoera penagarrian ikusten dut Iruñeko Udala.
Beste alde batetik, Gobernu taldea osatzen dugunok eta PSN oso baturik gaude, norabide berean gabiltza, eta horrek lasaitu egiten nau.
Zentsura mozioa gaurkotasunera itzuli zaigu berriki. Nafarroako Auzitegi Administratiboak ebatzi du UPNko Cristina Ibarrolari parte hartzeko eskubidea ez zitzaiola mugatu, nahiz eta berak hori salatu zuen. Zer esango zenuke honi buruz?
Erabaki hura hartu nuen. Printzipioz, pentsatu genuen hamar minutu ematea bai Cristina Ibarrolari, bai Joseba Asironi beraien defentsa egin zezaten zentsura mozio horretan. Gero, pentsatu nuen hamar minututik seira jeistea bien parte hartzea eta Gobernu taldean gaudenok eta PSN ados agertu ziren.
UPNtik jaso nituen ikaragarrizko irainak, «dictador» eta «tirano» deitu ninduten, besteak beste. Epaitegietara jo zuten eta guk irabazi dugu. Pozik nago horregatik, noski. Azken finean, torero batzuei gertatzen zaien moduan, ate handitik atera naiz.
Horrez gain, niri gustatzen zait gai politikoak politikaren alorrean erabakitzea. Batzuek ikaragarrizko erraztasuna daukate epaitegietara jotzeko. Nire ustez, bi arlo desberdin dira justiziarena eta politikarena. Hori ez da bidea.
Denbora tarte batez Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi ordezkaria izan zara. Jardun honetatik zein ekimen nabarmenduko zenuke eta zer gelditu zaizu egin beharrekoetan?
Ez zait gelditu egin beharrekoetan, baina penaz utzi dut Udala Pilotaren Interpretazio Zentroa bukatu gabe. Era berean, pozik nago uste dudalako sustraiak jarri ditugula, martxan dagoelako, adostasun erabatekoa daukagulako haren inguruan. Horrek lasaitu eta poztu egiten nau.
Nituen alor horietan hainbat eta hainbat gauza egiten ari gara, baina ez dago alor horiek lantzerik epe laburrera begiratuz. Ari ginen, eta nire kideek jarraituko dute; uste dut emaitzak onak izango direla.
Zure jardun politikoan Zabaltzen elkarteak pisu handia izan du. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke zure balio politiko gisa?
Oso garrantzitsua izan zen, batez ere, Nafarroa Bairen jaiotzarako. Kontuan izan behar da Nafarroan beti historia politikoa UPNk eta PSNk idatzi dutela, batzuetan nor bere aldetik, beste batzuetan elkartuta. Bi alderdi horietakoak ez ginenok beti kanpoan geratzen ginen. Zabaltzenek biltzen zituen hainbat espaziotatik etorritako jendea.
2015ean Nafarroan eman zen aldaketa politiko historikoa lortzeko Zabaltzenek oso lan garrantzitsua egin zuen. Ni horren bultzatzaile izan nintzen hasiera hasieratik. Hor nengoen eta jarraitzen dut, bilgune eta hausnarketa gune izaten jarraitzen baitu.
Nafarroako Parlamentuan bozeramaile izatea ere une garrantzitsua izan zen. Nolakoa da Legebiltzarreko kide izan eta gobernuan zure alderdikidea izatea?
Egia esango dizut, niretzat jauzi ikaragarri handia izan zen. Gau batean ZIUn ari nintzen lanean eta hurrengo goizean Geroa Bairen eleduna nintzen. Lan zaila izan zen, profesionalki ez nintzelako politikan aritua. Uxue Barkosi askotan esaten diot zein zaila den gobernu bat defendatzea gauzak hain ondo egiten direnean. Oso zaila izan zen, azken finean, 2015-2019an PSNk UPNrekin egin zuen bat Uxue Barkosen gobernuaren kontra eta ulertezina egiten zitzaidan PSNk eskuin muturrarekin bat egitea.
Beste salto handi bat izan zen Madrilera joatea, senatari gisa.
Bakarrik joan nintzen, Nafarroak senatari autonomiko bakarra baitauka. Hara heldu nintzen eta ez nuen inor ezagutzen, ez bazen telebistan ikusita. Pentsatu nuen ez zirela haiek pentsatzen zuten bezain garrantzitsu eta ni ere haien maila berean nenbilela.
Lana oso polita izan zen, eta politikoki oso interesgarria. Aukera ematen du nahi duzunaz nahi duzun beste hitz egiteko, horrela hitz egin nuen Mikel Zabalzaren auziaz, memoria historikoaz, eutanasiaz...
Une honetan Senatuan izango bazina, zer esango zenuke estatusari eta Nafarroako Hitzarmenari buruz?
Orduan esan nuena, ez direla pribilegio bat, adostasunaren bidetik lortutakoa dela eta, batez ere, solidarioa dela. Behin eta berriz azpimarratu behar izan nuen. Ez dakit oso pedagogia eskasa egin dugun edo ez duten ulertu nahi, baina behin eta berriz azaldu behar izan nuen.