IRRATIA

«Gure helburua independentzia da, Euskararen Errepublika»

«Oldarraldi politiko, mediatiko eta judizial» bezala ikusten dutenaren aurrean, abenduaren 7an Durangoko kaleak hartzera deitu du Euskal Herrian Euskaraz herritar taldeak. Euskara «larrialdi egoeran» dagoela dio Intza Gurrutxagak eta herri bezala eman behar dela erantzuna.

Durangoko Azokaren testuingurua baliatu dute abenduko manifestazio nazionala deitzeko. (Oskar MATXIN EDESA | Foku)

This browser does not support the audio element.


Durangoko Azokak mundu euskaltzalean duen erreferentzialtasuna baliatuko du Euskal Herrian Euskaraz plataformak, datorren abenduaren 7an herritarrei urrats bat eman dezatela eskatzeko, Bizkaiko udalerrian deitu duten manifestazio nazionalean. 18:00etan abiatuko da, Landako Gunetik eta bertan euren «apustua» berretsiko dutela azaldu du, EHEko kide Intza Gurrutxagak, «gure helburua independentzia da, Euskararen Errepublika». Bidea burujabetasunarena izan beharko duelakoan daude, frantziar eta espainiar marko politiko eta juridikoekin, «euskararen biziraupena oso zaila izango dela» argi baitute.

Gurrutxagaren esanetan, euskaltzaleek «indarrak batzeko» unea da, eragile ezberdinekin koordinatuta. Ezin delako Euskal Herria «isolatutako irla» bezala ikusi, nazioartean gailentzen ari diren joera intolerante eta autoritarioen eraginpean dagoelako ere. «Hasteko, esan egia dela aurkako indarrak beti egon direla, baina zentzu horretan bai ikusten dugula azkenaldi honetan badagoela oldarraldi bat; oldarraldi, politiko, mediatiko eta judizial bat eta aurkako indar horiek indartu egin direla».

Ez dituzte ordea, euskararen «larrialdi egoera» hau arindu dezaketen bestelako proposamenak oztopatuko. Besteak beste Iñigo Urrutia legelariak egindakoa aipatu du EHEko ordezkariak, «marko legala beste modu batera kokatzeko eta heldulekurik ez uzteko hala epaiei».