«Talde gaztea izan arren, nik uste badugula esperientzia»
Asteburu honetan abiatuko da emakumezkoen Endesa Liga, eta Lointek Gernikaren aurkaria Ensino izango da. Aurten, Europarik gabe, Ligan eta Kopan jarriko dituzte bizkaitarrek indar guztiak. «Helburua, ahalik eta gorenen amaitzea» dela azaldu du Marta Alberdi jokalariak.
This browser does not support the audio element.
Etxeko lanak ondo eginda, tartean Euskal Kopa irabazita, iristen da Lointek Gernika denboraldi hasierara. Bizkaitarrek Ensino izango dute aurkari lehen jardunaldian, eta «denboraldiaurrean lortutako emaitzek hauspoa ematen diote taldeari», Marta Alberdi jokalariaren hitzetan.
Aurpegi berri asko dago taldean, baina «elkar ezagutzeko denbora nahikoa» izan dutela azaldu du gernikarrak. «Taldea gaztea izanagatik ere, jokalariek ezagutzen dute Liga, eta badugu esperientzia», gaineratu du Lointek Gernikako jokalariak.
Europako lehiaketarik ez dute izango aurten, beraz indar guztiak Ligan zein Kopan jarriko dituzte. «Helburua ahalik eta gorenen amaitzea izango da, maila altuan jokatu, betiere eguneroko lanean oinarrituta», gaineratu du Alberdik.
Lesioekin buruhauste dezente izan ditu gernikarrak azken urteotan, beraz helburu pertsonal gisa ere jartzen du jarraikortasun bat izatea. «Espero dut aurten lesioek errespetatzea», adierazi du Alberdik.